Patxi Mendikute kaletxikitar peto-petotzat daukaten hainbat herritarrei harrigarria egingo zaien datua da Patxiren donostiartasun hori. “Gure aita, Pako, andoaindarra zen baina Donostiako hiltegian zeukan lanbidea. Gure ama ere animalien tripak garbitzen aritzen zen bertan amonarekin batera, eta era horretan ezagutu ziren. Ezkondu eta amonaren Itsueta baserrira joan ziren, Ulia auzora. Hiru senideak, bi anaia eta arreba, bertan jaio eta hazi ginen”.
Aitak familiako ekonomiari eutsi behar eta, Kaletxikin bertan harategia irekitzea erabaki zuen halako batean. “Ni jaio nintzen urte berean ireki zuen, 1942an. Astean bitan Donostiara joaten zen gurekin egotera, eta gainerakoan Andoainen egiten zuen bizitza”.
Tradizio handiko harategia da Andoainen Patxi Mendikuteren izena daramana. “Belaunaldiz belaunaldi eutsi zaion negozioa da horixe; ni soldaduskatik itzulita hasi nintzen aitari laguntzen 1963an, eta 1999 arte aritu nintzen lanean; gaixotasun batek erretira arazi ninduen. Harategia nire seme Patxiren esku dago aspaldiko urtetan”.
Harategiko lana beti gustuko izan duela aitortzen du Patxik. “Laborden jardun nuen pare bat urtetan, hirugarren mailako ofizial gisa. Ez zen lan gogaikarria, baina berehala ikusi nuen nik ez nuela balio zortzi ordu tailerrean egoteko; alegia, nahiago nuela jendaurreko lanbidean aritu. Jendearekin hizketan eta txantxetan, zoriontsua izan naiz ni beti ofizio honetan”.
Gazte garaiko Kaletxiki auzoaren mina sentitzen du gaur egun. “Bestelako xarma zuen auzoak, bestelako gozotasuna giza harremanetan. Bizimodua bertan egiten genuen auzotar guztiok. Nik ezagutu ditut bost janari-denda bertan; eta gero hiruzpalau taberna, Bodega, Txoko, Jauregi, Maximino Lasarteren sagardotegia…”. Gaur egungo errealitatea datorren bezala onartu behar dela aitortzen du, kontra ez dagoela zer eginik: “ohitura berriak dituzte gaurko gazteek. Auzora etortzen dira bizitzera, baina ia ez dira integratzen auzotarren bizimoduan, eta herritik kanpoko hipermerkatuetan kontsumitzen dute”.
Bertako festak fama handikoak izan dira beti. “Gerra ostean dena zapalduta zegoen eta auzoko festek iraun bazuten, Mariano Zubiarrainek kaleratzen zituen errifa zozketari esker izan zen. Orain Berrozpe den horretan zegoen etxeko ganbaran gramofonoa jarri eta nahikoa izaten zen festa koskorra antolatzeko. Merezia dauka guztion esker ona”.
Erregina, kaldereroetan
Patxi beti nabarmendu izan da parranda eta txantxa zaletasunagatik; bere alderdirik komikoena kaldereroetan agertu izan zuen. “Felix Martinez de Lezea ttunttuneroari bururatu zitzaion kaldereroak Andoainera ekartzearena, 1987an; berak tentatu ninduen erreginaren papera egin nezan. Donostian umetan asko ikusia nintzen kaldereroen usadio hori, eta baiezkoa eman nion. 130 kilo pisatzen nituen eta gogo onez atera nintzen, hamaika urtez segidan.
Sonatuak izan ohi ziren Patxik udaletxeko balkoitik irakurtzen zituen diskurtsoak. “Etxean idatzi eta bezperan Felixi erakusten nizkion; barrez lehertzen hasten zen!”. Kritika umorez zabaltzea zen Patxiren jarduna. “Gidoian Andoainen eta Andoandik kanpo urtean zehar gertatu ziren xelebrekeriak aipatzen ziren, modu ironikoan. Egia esan, askorako ematen zuten herriko hirigintza arloan gertatzen ziren zenbait kontuk…”.
Ez daki nondik datorkion festarako joera natural hori: gazte-gaztetatik bizitu izan dut parrandarako edo elkarri adarra jotzeko gogoa. Inoiz ez gara asmo txarrez ibili, baina iruditzen zait nahikoa jasan nautela ingurukoek”.
Derrigorrezkoa da Ama Kandidaren santifikazioa aipatzea, Kaletxiki askoren begiradapean jarri baitu berriro. “Nik elizaren kontuak ez ditut oso gertutik sentitzen, baina auzoari izena eta indarra emango diola iruditzen zait”. Hala ere, inor goraipatzekotan, argi dauka nortzuk behar luketen izan: “Auzoan izan ditugun mojen bi kongregazioek, Milagrosa eta Berrozpekoak, horiek guztiek meritu handiko lana egin izan dute”.
Mojak aipatzean gazte garaiko gaixtakeriak datozkio burura, agudo, Patxiri. “Ondo pentsatuz gero, horiengatik gaizki esaka jardun beharko nuke; ez alferrik, ia igandero gure kontra salaketa jarri eta guardia zibilen kuartelean bukatzen baikenuen. Euren etxeetako kristalaren bat arrika puskatzeagatik ez bazen, nesken atzetik ibiltzeagatik izaten zen aitzakia”.