Zazpi anai-arreba izan ziren eta jaiotetxean lana gogoz egitea egokitu zitzaien gaztetxotatik, “lana zegoen han guretzat, baina jornalik ez”, adierazi du. Asteasuko eskolan ikasi zuen 14 urte bete zituen arte, “Santa Krutz ermitaren ondoko eskolan ibili nintzen aurrena eta gero, Villabonako Kale Nagusiko etxe partikular batera joan nintzen ikastera, sei hilabetez. Denetarik ikasten genuen han, baita makinan idazten ere”. Etxeko lanak egindakoan joaten zen Josefa Antonia Villabonara, “goizean goiz taka-taka joan eta iluntzean itzultzen nintzen etxera. Villabonara abiatzerako, ordea, baserritik Asteasura jaisten nuen goizero esnea”.
Ikasketekin amaitutakoan, baserrian jarraitu zuen lanean jo eta su. “segan egiten nuen, jatenetan fuerte aritzen nintzen, behiak jezten igual, belarra ontzen uda guztian… Egin beharreko lan guztia gustatzen zitzaidan. Ez zegoen beste erremediorik”. Era berean, soro handiak lantzen zituzten, “garai hartan artoa eta babarruna egiten zen ia terreno guztietan. Garia ere ezagutu nuen nik Asteasun. Gariarekin irina egin eta etxeko ogia jaten genuen. Arta-irinarekin, berriz, taloak: orain taloekiko afana dago, baina nahikoak jan genituen guk gure garaian”, aipatu du Josefa Antoniak. Sagarren garaia zenean Donostiako Bretxako azokara joaten zen. “Goizean bostetan jaiki, astoz Villabonara jaitsi eta tranbia hartzen nuen han. Sagarra eta fruta erraz saltzen zen orduan: Errege sagarren inbidiarik ez zuten Patxuloa, Txori sagarra edota San Joan sagarra, esaterako”. Bizikletan ibiltzen ere ikasi zuen bakar-bakarrik, “enkarguak edo botikak behar zirenean, amak Villabonara bidaltzen ninduen. Maiz joan behar izaten nuenez, herriko harakinaren bizikleta hartzen nuen. Nik bakarrik ikasi nuen bizikletan, lasaiagoa zen orduko bidea”. 18 urte zituela, josten ikasi zuen Asteasuko Ibargai baserrian, beste 14 neskarekin batera.
14 seme-alaba
Baserriko lana nahiz etxeko eginbeharrak zirela eta, festarako tarte gutxi izan zuen Josefa Antoniak. Are gutxiago, ezkondu eta seme-alabak etortzen hasi zirenean. “Erromeria oso gutxi ezagutu nuen nik. Etxean nahikoa erromeri izaten nuen halako koadrilarekin”. Izan ere, Luis Legarra asteasuarrarekin Ugarte baserrira ezkondu eta 14 seme-alaba izan baitzituzten: “ezkondu eta segitutik izan genituen umeak: 11 neska eta 3 mutil. Zaharrenak eta gazteenak 21 urteko diferentzia dute”. Azken bost seme-alabak ez beste guztiak etxean izan zituen Josefa Antoniak, “ahizpa zaharrenak eta amak laguntzen zidaten erditzean. Medikuari ere deitzen zitzaion. Errekuperatzeko gaur baino egun gehiago behar izaten zen, medikuak zortzi egunez ohean egoteko agintzen zuen. Erditzeak naturalak izaten ziren orduan. Behin indizio bat hartu nuen, baina gainerakoetan ezer ere ez. Erremedio naturalak hartzen genituen: pasmo belarra, mina apaltzeko, esaterako. Hartzeko, ez zen oso ederra”, zehaztu du.
Egun irudikatzea ere zaila den egoerari aurre egin zion Josefa Antoniak, “koadrila handia zen hazteko eta erakusteko, baino elkarren artean lagunduta, aurrera atera ziren denak. Oso ume onak izan nituen, oso onak ere!”. Umeak haztearekin batera baserriko lanekin jarraitu zuen emakume adoretsuak, “ea zer erremedio! Bost eta sei seme-alaba eskolara bidaltzen nituen egunero, txikienak etxean... Hori lo egonda ez dago egiterik!”. Indarra atera egiten dela uste du asteasuarrak, horrelakoa dela bizimodua: “oraingoei ez diet antzik ematen nik. Egungo egoera ez da erraza, baina lehengoa ere ez. Borondatea eta fundamentua behar dira aurrera egiteko”. Giro faltarik ez zuten izaten etxean, inguruko baserrietako umeak ere bertan biltzen baitziren jolasean ibiltzeko.
Loreak eta txoko berriak gustuko
Emakume langilea eta zaletasun ugarikoa da Josefa Antonia. Esku pilota nahiz Saber y ganar saioa telebistan ikustea gustatzen zaio, periodikoa irakurtzea eta, besteak beste, musika entzutea: “abesbatzen doinuak ikaragarri gustuko ditut. Gaztetan neroni ere aritzen nintzen kantuan Asteasuko elizan”. Loreak ere oso gogoko ditu eta etxe ataria lore politez beteta izaten du gehienetan, “izugarri gustatzen zaizkit loreak, baina jarri bakarrik ez, loreak zaindu egin behar dira”, aipatu du. Txoko berriak ezagutu zale ere bada, “orain gutxiago ateratzen naiz, baina irteera ugari egin izan dut: Errioxara, esaterako. Ezkondutakoan lau egun igaro genituen senarrak eta biok Iruñean biajenobiosen. Geroztik irteera gehiago egin genuen elkarrekin: Teruelera, Zaragozara, Andorrara… Italia ere ezagutu nuen alabarekin batera”, amaitu du.