Umetan hasi zen Asintxio baserriko lanetan etxekoei laguntzen, 15 urte bete zituen arte. Izan ere, garai horretan, beste gonbidapen bat iritsi baitzitzaion, “15 urterekin Adunako igeltsutegian hasi nintzen lanean. Garai hartan hiru igeltsutegi ere baziren herrian eta Izagirretik deitu zidaten niri. Jai goizean etorri zitzaizkidan etxera bila, jai goizean. Enkargatuak aita zenarekin hitz egin zuen eta astelehenean igeltsutegian lanean hasiko ote nintzen galdetu zion”. Eta bai, hurrengo egunean bertan hasi zen langintza berrian Asintxio. Oraindik ere gogoan du jasotzen zuen soldata, “enkargatuak deitu eta ‘hemen zortzi orduko jornala 7 pezeta eta erdian zeukaagu’ esan zidan. ‘Hi oraindik gaztea haizenez, 7 pagatuko diagu’. 15 urte nituen, baina orain baino handiagoa nintzen. Nik hitzik ere ez, konforme; etxean ez baitzen hainbeste irabazten”. Bi urtez aritu zen igeltsutegian lanean eta 17 urterekin, osabak Pasai Antxon zuen lantegira joan zen, “osabak barrikak egiten zituen Pasaian eta berari laguntzeko eskatu zidan. ‘Nik langilea falta dut eta eguneko duroa, otordua eta ohea pagatuko dizut’, esan zidan. Geroztik, osaba-izebekin pasatzen nuen astea eta larunbat arratsaldean etxera etortzen nintzen, korrika trena hartuta”. Etxera etorritakoan baserriko lanetan laguntzen zuen, baina parranda pixka bat egiteko ere aprobetxatzen zuen asteburua, “inguruko erromeriatan nahiz Oialume aldean ibiltzen ginen”. Astelehen goizean zazpietako trena hartu eta Pasaiara itzultzen zen upelak egitera, soldadutza bitartean.
Gasteizen eta Oiartzunen soldadu
21 urterekin Gasteizera joan zen soldadu, “garaia iritsita, joan egin behar”. Urtebete Gasteizen igaro eta gero baimen berezia eskuratu zuen Asintxiok, “militarren eguneko jaialdian harria jasotzen atera nintzen beste bizkaitar batzuekin eta azpeitiar batekin batera. Inoiz ez nintzen harriarekin ibili, baina igeltsutegian pisu handia bizkar gainean garraiatzen ohitu nintzenez, oso altxaldi ona egin nuen. Bigarren geratu nintzen, 100 kiloko harria bost minututan 20 aldiz ondo jasoaz. Orduan kapitainak hilabete bateko permisoa eman zigun emaitza onena lortu genuenoi”. Etxera etorri zen, beraz, hilabeterako: “hura poza baserrian, laguntzailea bazutelako. Permisoa bukatzerako, etxean beste hamabost egun pasatzeko esanez karta bidali zidan kapitainak”. Oraindik eta gusturago, beraz, Asintxio eta etxekoak. Baimena bukatutakoan, oilasko parea hartuta itzuli zen Gasteizera, “ustez ondo eraman nion nik, baina ez zuen oparirik hartu nahi izan kapitainak. Ofizinara deitu eta oparia eramateagatik zortzi egunerako kastigatu ninduen, kalera atera gabe. Sukaldean jarri ninduen egurra ebakitzen eta, egia esan, gustura ni, jatekoa beti izaten baitzen han”. Ondo gogoan duenez, 30 hilabete eta sei egun pasa zituen soldadu Asintxiok, “Gasteizen urtebete igarota, handik Oiartzunera etorri nintzen. Mandoekin batera eta bestera ibiltzen ginen; kanoiak muntatu eta desmuntatzen”.
Baratzearekin lotuta
Soldadutza bukatu geroztik, baserriko lanei lotuta bizitu da Asintxio Adunan. 1953 urtean ezkondu zen Maxux Zabala adunarrarekin, “Adunan ezkondu ginen eta eztei-bazkaria ere bertan egin genuen. Gero hamabost egunerako joan ginen biajera: Iruñara astebete eta Zaragozara beste astebete”. Bi seme eta bi alaba izan zituzten.
Baserriko nahiz basoko lanak ondo asko ezagutu zituen. Egun, animaliekin gutxiago, baina baratzean lanean jarraitzen du. “Bi behi, hamasei ardi eta arkume mordoa dugu. Gaur, denak salduta ere berdin-berdin geratuko ginateke. Animaliek ez dute apenas dirurik ematen eta horrek ez luke egia izan behar; gezurretan bizi gara”. Goizero, baratzetik bildutako produktu freskoak hainbat saltokitara eramaten ditu, “Donostiako Bretxara urte luzetan joan ginen. Era berean, Villabonako Eroski hamabi urtean zerbitzatu nuen barazki mordoa eramanez. Orain, Villabonako bizpahiru dendetan egiten dut banaketa. Lehen Asteasun eta Zizurkilen ere bai”. Baratzean aritzeaz gain, pilotazalea da eta telebistan txapelketak jarraitzea gustatzen zaio: Irujo zalea da, baina Aimar Olaizola ere gogoko du. Adunarra izanik, sagardozalea ere bada, noski, “sagardozalea bai, baina ez naiz sekula zurruteroa izan. Noizean behin, sagardotegira ere joaten gara lagunartean; gustatzen zait hango giroa, baina asteburuetan, familia giroan, etxean sagardo botilaren bat irekitzea gustatzen zait gehiago”.