Umetatik aritu da Juanito baserriko lanetan, “behiak, txekorrak, astoak, oiloak…, denetarik genuen. Baratzean ere aritzen ginen eta baita, Loatzo aldean, mendiko lanetan ere”. Lan fisikoaren ondorioz sasoian mantendu izan da beti, beraz. “Beti sasoian, bai; pixka bat behintzat bai”, adierazi du. Amasan mojekin ikasi zuen aurrena, gau eskolan aritu zen geroago; Martzelino maisuarekin. “Marrubitzatik gora, Santa Krutz ermitatik barrena egiten genuen egunero eskolarako buelta, goizez eta arratsaldez”. Eskolatik etorri orduko baserriko lanetan laguntzen aritzen zen, baina lagunartean pilotan jolasteko tartea ere aurkitzen zuen, “Amasako plazan aritzen ginen pilotan batik bat, elizako paretaren kontra. Euria ari bazuen, zimiterio barruan. Gure artean apustuak egiten genituen, partida nork irabaziko. Eskolako garaian Zorrodore errota zegoen inguruan ere aritzen ginen jolasean, ez baitzen egun adinako automobilik izaten. Auzoko lagunak elkartzen ginen han: Garmendikoak, Amasetxekoak…”. Urteak betetzearekin batera aldatu zituzten ohiturak, “geroago, Villabonako Exekielenera joaten ginen afari-merienda egitera eta igande arratsetan plazako musikarekin dantza pixka bat ere egiten genuen. Motoa ekarri genuenean, Legorretara edo Leitza aldera joaten ginen batzuetan. Bizikletaz ere joan izan ginen Leitzara aurretik, Berastegitik barrena”.
Baserritik papertegira
Egun ere baserriko lanetan jarraitzen du Juanitok. Aipatu duenez, belarra ebakitzea du lanik gogokoena, “ganaduei ekartzeko ere horixe izaten da lanik beharrezkoena”. Baserriko lanaz gain, ordea, fabrikakoa ere ezagutu zuen. “1975 urtean hasita, 28 urte igaro nituen Salvadora papertegian lanean. Gure etxe ondoko autobia 1972 urtean eraiki zuten eta terreno asko kendu zigutenez, baserriko lana gutxitu egin zitzaigun. Arrazoi horregatik erabaki nuen Salvadoran hastea”. Beti baserriko lanetan ohituta, hura itxiagoa eta lotuagoa zela adierazi du, baina lantokitik etorritakoan edo hara joan aurretik aritzen zela baserriko lanetan. Eginbehar ezberdinak izan zituen papertegian, “pasta igotzen batzuetan, makinaren laguntzaz pasta txikitzen… Tokatzen zitzaiguna egiten genuen”.
Korrikalari txalotua
Fabrikan lanean hasi zenez geroztik, lasterketa ugaritan hartu du parte Juanitok. “Sebastian lankidearekin batera mendi martxatan hasi nintzen aurrena. Gero, pixkanaka korrika animatu ginen eta poliki-poliki lasterketatan parte hartzen hasi ginen. Orduz geroztik, Behobia-Donostia bezala, beste hainbat krosetan hartu dugu parte. Inoiz ez nintzen aurrena ibiltzen, –atzera samar beti–, baina hasitakoa bukatu egiten nuen behintzat”. 71 urterekin, Urtezahar arratseko San Silvestre lasterketan parte hartu berri du Juanitok; urtero legez, herritarren txalo zaparrada artean helmugara ailegatuz. Astean pare bat aldiz entrenatzen du, lasterketen aurretik bereziki, Sacem aldetik barrena, Tolosaldera joanez.
Korrika egiteaz gain, telebistan pilota ikustea gustatzen zaio amasarrari, “Martinez de Irujo dut pilotari faboritoa. Lagun batek eta biok afariak jokatzen ditugu partidetan eta nik Irujoren aldeko apustuak egiten ditut beti”. Futbolzalea ez den arren, Realaren alde egiten du, “hemengo taldea delako” . Korrikalariak ez ditu gehiegi jarraitzen telebistan, “aspertu egiten naiz telebistaren aurrean. Pilota partidak ez badira, nahiago izaten dut kanpora atera eta buelta txiki bat eman”.
Astoarekin kalejiran
Gabonak igaro berri diren honetan, astoarekin batera, Juanitok Olentzaro eta Mari Domingiren jaitsieran urte luzetan parte hartu zuela nabarmentzekoa da. “Urte mordoska egin nuen astoari karroa lotuta kalejira hartan parte hartzen. Astoa hil eta berririk ekarri ez nuenez, astorik gabe geratu nintzen, ordea. Kalejira haren oroitzapen polita dut, giro ona sortzen zen bai arrantxoan eta baita kalez kale ere”.
Egun, jai eta ospakizun berezietan biltzen da Juanito Amasako lagunartera, “bazkari edo festaren bat denean agertzen naiz, gainerakoan ez gehiegi”, azaldu du.