Jaio, hazi, lan egin, bizi, ezkondu, bereizi…, denak Zizurkilen egin ditut nik”, azaldu du Joxe Marik elkarrizketaren hasieran. Zizurkildar petoa da eta oso gustuko du bere herria. Pantxikanen bizi da azken urte luzeetan, herriaren erdi-erdian, “gustura bizi naiz ni, egia esan”. Azken boladan herria asko aldatu dela azaldu du, “Zizurkilen adina baserri ez dakit non egongo den hustuta. Eta oraindik ere hustuko direnak… Toki ona da hau bizitzeko, baina gustatu egin behar da”. Bizimodua ere izugarri aldatu da Joxe Mariren iritziz, “gazteak ginela, –ni bezala beste guztiak–, astelehenean jantzitako arropekin igarotzen genuen aste guztia, igandera arte. Errekara joanda garbitzen ginen, garbitzekotan; ez egunean bitan, gaur bezala”.
Haurtzaroaz galdetuta, lehenik eta behin, 1936ko Gerra etorri zaio burura, “gerra hasi zenean, 6 urteko mutil koskorra nintzen ni. Gosetuta ibili ginen batzuetan: ez ziguten oliorik, ogirik edota azukrerik ematen. Etxean babarruna baldin bagenuen, kendu egiten ziguten baserritarroi… Komeriak ikusi genituen orduan. Hala ere, udazkenean ere nahiko ondo moldatzen ginen baserritarrak: menditik ekarritako gaztaina egosiak edo patatak janez. Esnea ere ona izaten genuen”. Zizurkil Goiko eskolan ikasi zuen, udaletxearen ondoan, “pixka bat ikasi genuen, baina hamalau bat urtera arte ibili ginen eskolan gu. Handik aurrera lanean ibili izan gara beti”. Gaztetxotan hasita, baserria izan da Joxe Mariren lantokia beti, “denetik egiten genuen: sega, atxurra, igitaia… Ez zen gustuko lana, baina aritu beharra zegoen; zer erremedio! Animaliak ere bagenituen: sei behi eta berrogeita hamarren bat oilo. Arrautzak merkatura eraman eta trukean sardina zaharrak ekartzen ziren. Egia esan, garai hartan onak ziren sardina zaharrak”. Asteartetan Villabonako azokara etortzen zen Joxe Mariren ama, “ni ez nintzen inoiz merkatura saltzera joan: ama joaten zen gehienetan. Izeba, berriz, Tolosako azokara joaten zen larunbatetan”.
Baratzea eta intxaurrak
Egun ere baratzean lanean jarraitzen du Joxe Marik, “gustukoa dut eta oraindik ere segitzen diogu baratzeari. Negu garaiko bolada honetan porrua, azalorea, zerba, babarrun batzuk edota azenarioa edukitzen dugu. Gaur erraz egiten da lana, makina koskor baten laguntzaz, batere nekatu gabe jiratzen baita lurra”. Intxaurrondoak ere badituzte eta aurten sekulako intxaur piloa bildu dutela azaldu du. Intxaurrak osasuntsuak dira Joxe Mariren ustez, “egunean hiruzpalau jan behar direla esaten dute medikuek, hezurretarako eta bihotzerako onak direla. Baina neurrian hori ere, gehiegi jateko oliotsuegiak omen dira eta. Ogi koskor batekin ona izaten da intxaurra, baina nik ez dut jateko ohitura handirik”. Udazkenean ez da perretxiko bila joaten, “perretxikoa ezagutu egiten dudan arren, ez daukat bila joateko batere joerarik. Aurten urte lehorra izan da eta ez da gehiegirik atera”. Mendian ibiltzea oso gogoko izan du, “oraindaino arte asko gustatu izan zaigu mendia, baina 80 urte pasatuta, nekatu egiten gara orain asko”.
Pilota eta apustu zalea
Zaletasunen artean, pilotazalea da Joxe Mari, “asko gustatzen zait pilota eta neroni ere, libre genuenean behintzat, gustura ibiltzen nintzen lagunartean zimiterioan. Korrika joaten ginen lekua harrapatzera”. Telebistan pilota partidak jarraitzen ditu orain eta faborito garbirik ez badu ere, gipuzkoarren alde egiten du, “pilotari denak gustatzen zaizkit, baina nafarrak baino lehen esaterako, gipuzkoarrak hartzen ditut faborito. Gertukoenak beti: Urretxuko Lasa, Bergarako Laskurain…”. Pilota ez ezik, idi- apustuak ere gertutik jarraitu izan ditu, “ikusteaz gain, neroni ere ibilia nago idi- apustuetan. Garai batean izugarrizko indarra zeukaten, baina zaharrak gastatzen ari gara eta gazteak ez dauka gauza horietarako ilusiorik. Gaur futbola, tenisa eta bestelako kirolak nagusitu dira eta idi-apustuak galtzen ari dira pixkanaka”. 50eko hamarkadaren bueltan, ahal zuen leku guztietara joaten omen zen Joxe Mari apustuak ikustera, “Aiara, Villabonara edo Tolosako zezen plazara joaten ginen gehienetan”. Oraindik ere tarteka joaten da Aiako apusturen bat ikustera. 1973an Villabonan apustua jokatu zuen beste baten idiarekin Arronako lehoiaren aurka, “idi bakarrarekin aritu ginen biok eta niri egokitu zitzaidan irabaztea. 1996an, Larraulgo kiskurraren aurka jokatu eta hura galdu egin genuen. Apustua asko gustatu izan zait, baina hori bai; eskandalurik gabe”.