Jaiotza egunetik andoaindar petoa da Juan Bautista, “San Juan egunean jaio nintzen, 08:15etan. Esaten zutenez, banda San Juan martxa jotzen ari zen unean”. Etxe ondoko eskolan ikasi zuen lehenengo, maistra euskaldunarekin. “Gaztetxo nintzela, Irungo La Sallera joan nintzen. Denetik ikasten genuen han: beharko, gainera! Debekatuta zegoen, ordea, euskara. Pentsa zenbateraino, Irunen interno egon eta etxera etorri nintzenerako hitz egiten ahaztu egin baitzitzaidan. Sukaldean amarekin nengoela: Zer egin ditek, seme?, galdetu zidan amak”. Hamasei urtetik aurrera, goi mailako ikasketak egin zituen eta maisu lanetan hasi zen Beasainen aurrena, Zumarragan gero eta baita Deustun ere. Eskolako gai orokorrez gain, bere kabuz solfeoa eta musika erakusten zien arratsaldetan Juan Bautistak ikasleei. “Txikitatik izan dut musikarekiko afizioa eta neronek bakarrik ikasi nuen. Musika-tresnak jotzen ikasten ere ahalegindu nintzen”. Gerora, jaioterrian bertan urte luzetan aritu zen irakasle lanetan, “Laborden lehenbizi eta La Sallen gero. Bi lekuetan sortutako abesbatzan hartu nuen parte, bai abesten eta baita zuzentzen ere”.
Sortzaile handia
Musika zaletasunaren baitan, abestiak konposatzen artista da Juan Bautista eta kantu ugari osatu du, hitzetatik hasi eta doinuetaraino, “kantuak sortzeko oso hizkuntza egokia da euskara: hizkuntzak berak baitauka musika. Guztiek ez dute aukera hori eskaintzen”. Gabonetako kantuak bezala, lagunei nahiz herritarrei zuzendutako lan ugari egin du: Andoainen bertan kokatuta, Erramuta Sorabillan, Zarate, Allurralde nahiz Trentxikiri zuzendutako kantuak, besteak beste.
Musikari sena ez ezik, marrazkilariarena ere oso garatua du eta urte luzetan hamaika lan egin du pazientzia handiz. Arkatzarekin, tinda beltzarekin nahiz koloreekin ehunka irudi, logotipo nahiz hitz sortu du. Marrazki linealak egin eta haiek koloreztatzea oso gogoko du. Saiakera berezia egiten du kolore ezberdinak bata bestearen ondoan uztartzen. “Horia, bai kolore polita: baina sekula ez dut jartzen gorriarekin batera”. Aukera sortuko balitzaio, bere lanak erakusgai jartzea gustatuko litzaioke; 1965 urtean Donostian egin zuen bezala. Orduko hartan, marrazkiak ez baina egurrezko irudiak erakutsi zituen. Adarrak eta enbor puskak, euren formaren arabera moldatuta, 80 lan ezberdin osatu zituen: tximuetatik hasi, argimutiletatik igaro eta kristautasunarekin lotutako irudiak barne.
Natura maite du eta txori nahiz landare-zalea da. Leitzaranera sarritan joaten da pasiora, “bakarrik joaten naiz; zuhaitz, hosto, lore nahiz txoriei begiratzea gustatzen zaidanez, nire erara ibiltzen bainaiz lasaien”. Zaletasunekin aurrera jarraitzen du, “ezin da utzi, bizitzan lanean segi behar da. Beti ikasten da zer edo zer”.
Gerratik ihesi
36ko Gerrako garai gogorrak ederki gogoan ditu andoaindarrak. “Izugarri gogorra izan zen. Hiru egun jan gabe, gosea ezagutu genuen”. Gerra Andoainera iritsi zen egunean etxearen azpialdean jolasean zebilen lagun batekin batera, “gainerako guztiak etxera joan zirela ikusita, etxera joan ginen gu ere. Etxean ginela atea jo zuten eta amak jertsea hartu eta alde egin behar genuela esan zigun. Janak eta denak bertan utzita Orioko senideen etxera joan ginen. Hamaika hilabetez egon ginen bertan, baina ama astean bitan etortzen zen Andoainera oilo parearen bila. Andoaingo bere laguna fusilatu egin zutela jakin zuenean gaixotu egin zen aita eta ondo ibili ezinik geratu zen. Saski bat bagenuen eta hantxe egoten zen eserita”. Kamioiaren zain kalean lo eginda, Oriotik Bizkaira joan ziren eta Gernikako bonbardaketa zuzenean ikustea egokitu zitzaien. “Gerora, Bilbotik Santanderrera alde egin genuen eta handik Asturiasera. Barkua hartu eta guraso nahiz anai-arrebok Frantziara abiatu ginen azkenik. Hiru egun eta hiru gau barkuan igarota, portura ailegatzean, bizikletaz ogia zekartela ikusi genuen. Hura poza”. Ia bi urte igaro zituzten Frantzian, “Frantziaren goiko muturreraino iritsi ginen pixkanaka, Alemaniaren mugaraino. Ez genuen tutik ere ulertzen frantsesez, keinuak eginez moldatzen ginen”.