Guztira hamar anai-arreba izan ziren eta berak ere ez zituen gutxiago izan, “hamaika seme-alaba izan genituen; hamar bizi dira. Ezkondu eta urte gutxira hil zitzaidan senarra, lau urtekoa geratu zitzaidan haurrik txikiena”. Atseden handirik izaten ez zuela aitortu du, “garai hartan haurrak beste era batera hazten genituen: nik denak baratzera eramaten nituen aldamenean. Aurpegia zikindutakoan garbitu eta segi aurrera!”. Lan handia egin behar izan zuen Maria Jesusek familia aurrera ateratzen, “berrogei urterekin atera nuen kotxeko karneta, leitzen eta eskribitzen ez nekiela. Bi emaztek ikasi genuen orduan, bestea goragoko baserrikoa zen, berrogeita hamar urte zituen”. Gidabaimena atera, 4L urdina erosi eta Donostiako Bretxako merkatura joaten zen astean bitan kotxea bete-bete zuela. “Esnea, barazkiak, sagarrak…, denetik eramaten nuen. Karneta atera aurretik, astoarekin Asteasura jaitsi eta autobusez egiten nuen bidaia. Ingurutik emakume asko joaten ginen, baina Astigarragatik joaten ziren gehiago zaldia eta karroa hartuta”. Askotan seme-alabaren bat eramaten zuen laguntzaile, “ni postuan baino gehiago jatetxe eta hoteletan banaketan aritzen nintzen. Orduan Donostiako txoko gehienak ezagutzen nituen. Panier Fleuri jatetxe ezagunera oilagorrak, ilarrak edota baba berriak eramaten nituen. Casa Nicolasara edota Martin Berasategiren gurasoen Bodegon Alejandrora ere joaten nintzen eskatutakoa eramatera. Garai hartan sagasti ederrak genituen etxean eta pelestina sagarren bi zakuka eramaten nituen askotan. Sagar haiek nahi izaten zituzten beti”. Ederki gogoan du duela urte gutxi Martin Berasategi sukaldariarekin ezkontza batean topo egin eta agurtzera nola etorri zitzaion. “Ikusi ninduenean azkar galdetu zidan sagar eder haiek oraindik izaten al genituen”.
Neskame Donostian
Kotxea bete baserriko produktu Donostian saldu eta gero, etxerako behar zituzten gauzekin beteta ekartzen zuen bueltan kotxea Asteasura. “Senarra bizi zela, nik ez nion sekula dirurik eskatu. Merkatuan ateratzen nuenarekin moldatzen nintzen. Gros aldean bazen sekulako ogi piloa soberan izaten zuten okindegi bat. Ogi zaharra botatzea pena ematen zion etxekoandreari eta zakukadak gordetzen zizkidan. Pentsu-orde ekartzen nituen nik”.
Bretxara joaten hasi aurretik ere ezagutzen zuen Maria Jesusek Donostia, “18 urterekin neskame joan nintzen abokatu baten etxera. Saskian eskriturak hartu eta batetik bestera ibiltzen nintzen Donostian partitzen. Makina lekura eraman nituen paper haiek, baina ederki kosta zitzaidan lan hura egitea!”. Ahizpa eta biak aritu ziren Donostian neskame lanetan, baina ez omen ziren oso gustura egon, “jateko askorik ez ziguten ematen eta!” .
Eskulana gogoko
Umetatik ezagutu ditu behiak baserrian, “zazpi urterako jezten nituen nik behiak. Asteasura ezkondu nintzenean 17 behi eta idiak zituzten Ondartza Bitarten. Ordurako asko zen hori”. Lan asko egin zuen behiekin eta egun ere etxeko ondorengo batzuek langintza berean jarraitzen dute. Aukeran, ordea, gogokoago zuen Maria Jesusek baratzea. “Egun ez naiz baratzean aritzen, baina eskulana egitea oso gogoko dut. Patatak nahiz tipulak zuritzen edota bainak txikitzen oso gustura aritzen naiz sukaldean. Laboreak egitea ez zait batere gustatzen, baina bai otorduak prestatzea”. Beste zaletasun bat ere izan du Maria Jesusek, oporretara joatea: “beti gustatu izan zait ateratzea. Ezkondu ginenean Iruñea eta Zaragozara joan ginen biajenobiosen. Gerora Andoaingo Jubilatuen elkartekoekin askotan joan izan naiz oporretara: Bartzelonara, Madrilera… Urte askoan Zudairen igaro izan dut hamabostaldia udan. Baserritik nekatuta joaten nintzen eta gustura hartzen nuen lasaitasuna”. Haurrak txikiak zirenean, igande goizetan mezetara eramaten zituen lehenengo, “arratsaldean, lau gazteenak kotxean hartu eta herriren bateko festetara joaten ginen: Zizurkilera, Albizturrera…”.