Adunan betidanik kale etxean bizitu bada ere, baserriarekin umetatik izan du lotura Pellok, “Alkizan baserrian bizi ginen. Baratzeko lanak egin eta oilo nahiz konejuak zaintzen genituen. Hortik aurrera gutxi”. Umetan eskolan ibili eta lanean azkar hasi zela azaldu du adunarrak, “Villabonara joaten nintzen eskolara, apaizengana, batxillergoa egitera. Adunatik hiru bat lagun joaten ginen bertara, beste asko Andoainera jaisten ziren. Gu gehienetan oinez abiatzen ginen eskolara. Tarteka, lagun baten motorrean ere bai, eta bestela, autobusa ere izaten zen Adunako zubiraino. Autobusez edo oinez jaisten ginenean, Agaraitz atzealdetik joaten ginen oinez”. Villabonako eskolatik zuzenean Sacem lantegira bideratzen zituzten garai hartako ikasleak, “ordurako langabezia hasita zegoen, ordea, eta garai hartan arotz lanari ekin nion nik, gaur arte. Sacem-en hasi izan banintz, tornero izango nintzatekeen orain”.
Ile luzearekin
18 bat urte zituztenean, Adunatik oinez edo koadrilako lagunen motoetan abiatzen ziren parranda egitera ere, “Villabonaraino ahal zen bezala jaitsi eta autobusa hartzen genuen bertan. Garai haietan edozein herriko festetara joateko autobusak jartzen zituzten. Gainerakoan, lagunok Hernani aldera jotzen genuen trenez. Urnietako lagunekin ere asko ibiltzen ginen; dudarik gabe, inguru hartara joaten ginen gehien”. Gaztetxo garaiak gogoratuz, garai hartako moda ekarri du gogora Pellok, “galtza-barren zabalak jantzita eta ile luzearekin ibiltzen ginen koadrilako guztiak. Garaiko moda hura zen”.
Arotz lanetan, gaztetatik
16 urte zituela, gaztetan hasi zen Pello arotz lanetan. “Adunako lantegian aritu nintzen lehenengo eta orain 12 urte, Elordi enpresa jarri genuen abian bi kidek. Adunako Elordi mendiaren izena hartu genuen, Bizkaian abizena ere badena”. Hemen inguruan nahiz kanpoan aritzen dira lanean, “normalean gertuan aritzen gara, baina Bizkaiara edo Nafarroara ere sarritan joaten gara. Berriki, Bernedon izan gara lanean, baita Salamancan eskailerak muntatzen ere”. Hala ere, urrunago aritzea ere egokitu izan zaio; besteak beste, baita Afrikan ere, “hiru hilabeterako Dakarrera joan nintzen bertakoei arotz lana erakustera, baina lehenago itzuli nintzen; oso material urria dute eta ia ezinezkoa egin baitzitzaidan ezer erakustea”. Arotz moduan denetariko lanak egiten badituzte ere, erreformak egiten aritzen dira, eskailerak berritzen batik bat, “etxe eta pisu partikularretan egiten dugu lan, ez gara obra berrietan aritzen”. Orain utzita duen arren, Adunako Inquitex lantegian mantenu lana egin zuen urtetan, “lantegiaren egitura egurrezkoa denez, zerbait puskatzen zenean konpontzera joaten nintzen”. Arotzarena esku-lan polita dela dio Pellok, nahiz eta denborarekin horretan ere aspertu egiten den.
Mendia gogoko
Egurrarekin lotuta, egurlangintza lanak egitea gogoko izan du Pellok, “gustuko dut egurra zizelkatzea. Lehen lan asko egiten nuen, baina orain ez daukat apenas denborarik”. Lanak ordu asko kentzen dio adunarrari, baina denbora librea duenean, asteburuetan bereziki, mendian ibiltzea gustatzen zaio, “eguraldi ona egiten badu behintzat, igandero joaten naiz mendira. Inguruan lasai ibiltzea gustatzen zait: Belkoainen, Ernion, Txindokin…”.
Giro ona herrian
Adunako etxe berrietara kanpoko jende berri asko etorri dela aipatu du Adunako arotzak, herria hazi egin dela. “Badirudi babes ofizialeko beste etxeren batzuk gehiago egin eta bere horretan geratuko dela herria”. Herrian giro polita dagoela nabarmendu du, uda garaian bereziki, “barnetegira jende asko etortzen da udan eta horrek giro polita sortzen du herrian”.