Gaztetxo zelarik Amasako eskolan ikasi eta gero, Tuterako Jesuitetara joan zen; “bi urte lehenago bukatu nuen batxilerra, inguruko guztiak harrituta utziz. Bizkor samarra nintzen eta bertan geratu arazi nahi zidaten, baina itzuli egin nintzen”. Amasan pertsona ezagunik baldin bada, horixe da Roberto. Amasako historiako pasarte asko ezagutzen du; besteak beste, nola San Martin eliza eraikitzen 298 urte igaro zituzten edo nola kanpai bakarretik hiru egin zituzten.
Roberto, txistulari
Umetan, Jose Elola aitonarekin ikasi zuen txistua jotzen, “Albizturkoa zen aitona eta batetik bestera ibiltzen zen berak egindako egurrezko bizikletarekin. Eskribitu ez zituen arren, berak sortutako piezak ere bazituen”. Robertok aitonari entzun eta belarriz ikasi zuen txistua jotzen, “hari entzunda ikasi nuen nik, zazpi edo zortzi urte nituela. Lehenengo aldiz, 1928 urtean danborra jotzera joan nintzen aitonarekin Leaburura. Ni gustura eta baita aitona bilobarekin ere! Gero, batetik bestera ibili nintzen inguruko herrietan txistulari”. Jendeak erruz egiten omen zuen dantza txistuaren doinuekin, “sueltoan aritzen zen jendea, herrietako apaizek ez baitzuten agarratuko piezak jotzerik nahi izaten”. Txistulari elektrikoa moduan ezaguna egin zen Roberto, txorien kantuak bixi-bixi jotzeagatik, “sei txori ezberdinen kantuak imitatzen nituen txistuarekin: zozoarena, hontza arra eta emearena, birigarroarena, frankolinarena, kanarioarena eta munduko kantaririk onena den urretxindorrarena”.
Txistulari ez ezik orkestinan ere aritzen zen, bateria joz. “Los tres R genuen izena: Ramon, Rico eta Robertok osatua. Herri batzuetan goizez txistua jo eta arratsaldez orkestinarekin aritzen ginen, emanaldi doblea eskainiz”.
Gizon langilea
Gazte zela Amasamendiko biberoan aritu zen sukaldari lanetan, “babarrunak prestatzen nituen askotan, pribilegioko platera izaten zen. Eskaerak ere jasotzen nituen telefonoz”. Villabonan amak eta izebek zituzten bi tabernatan ere laguntzen zuen, “Elola ahizpak taberna-jatetxea plazan zegoen eta Centro Obrero gaur Amasa kafetegia dagoen lekuan. Plazakoan edaten eta jaten ematen genuen eta kalekoan edaten bakarrik. Hirurehun lagun sartzen zen azken taberna horretan eta teatroak egiten zituzten garai hartan. Nik tabernan zerbitzatu eta kobratu, biak korrika egiten nituen”. Gerora, egun Uxo Toki elkartea dagoen lekuan bederatzi urtez eduki zuen taberna. Villabonako Salvadora papertegian ere lan egina da, “urte gutxi aritu nintzen bertan; jornal txikia jasotzen genuen eta txistua nahiz orkestinarekin jarraitzea erabaki nuen”. Bestalde, baserriko lana ere beti eskean, “baserrian lana pronto izaten zen beti eta lan horiek bukatutakoan joaten nintzen txistua jotzera”.
Gerran soldadu
36ko Gerran, borrokan aritzea zer den halabeharrez ezagutu zuen, oso gazterik, “18 urterekin eraman gintuzten gerrara soldadu. Hantxe hil zen anaia. Inbidiak sortu zuen gerra itsusi hura eta jende asko hil zen. Munduko gaitzik okerrena da inbidia; inbidia daukan pertsona ez da sekula biziko”. Gerrakoa, ahanzteko garai hobea dela uste du amasarrak, “mendi altu elurtuetan pasatzen genuen gaua eta lo egiteko elurra kendu behar izaten zen. Hura bukatu zen garaian alemaniarrak hasi ziren gerran eta berriro eraman gintuzten. Beste bi urte pasa genituen Donostiako kuartelean”. Urte batzuk geroago, berrogei urte zituela ezkondu zen Roberto Beteluko Lurdes Jakarekin, “bederatzi urte gazteagoa egokitu zitzaidan emaztea. Bi seme eta alaba izan genituen”.
‘Inon minik ez’
Urte mordoska izanagatik, indartsu dago Roberto eta dioenez, badu gauza on bat: inon minik ez duela. Hala ere, errespetu handia dio artrosiari. “Ondo mantentzeko ariketa egiten dut baratzean, ejerzizio konpletoa baita hori. Eskuak eta batez ere belaunak mugitu egin behar dira”. Aurtengo negu gogorraren ondorenean, ziento erdi tomate eta beste hainbeste piper txorizero landatu ditu baratzean, “negua beti izaten da hotza, baina aurtengoa bezalako negu luzerik nik ez dut ezagutu”. Amasako plazaren inguruan eta Iturri Goxo tabernan maiz aurki daiteke Roberto. Futbol zalea da eta astero jaisten da kiniela egitera Villabonara, “primerako liga amaitu da eta segundakoa egin behar orain”. Robertok berak ere jokatzen zuen futbolean gaztetan, “Andoaingo Etxeberrietako zelaian jokatzen genuen, ezkerrekoa aldean aritzen nintzen eta motoak baino azkarrago egiten nuen korrika baloiarekin”. Pilota zalea ere bada, “betidanik gustatzen zait pilota, futbola baino gehiago igual”. Robertoren hizketaldiek ez dute parekorik, aspertzeko tarterik behintzat ez da izaten. Eutsi indar horri!