Belauntzatik Larraulera etorri zenean taberna eta etxe bakarra zegoen Larraulen, herriaren sarreran. 13 urte eta erdirekin etorri eta hamar urtez aritu zen Maria bertan lanean, “bizi ere hantxe egiten nintzen. Etxean zazpi anaia-arreba ginen eta norabait lanera atera egin behar izaten zen. Tabernako lanak egin nahiz zerbitzatu, denetik egiten nuen. Larraulgo telefono bakarra ostatuan zegoen eta herritarrak bertara etortzen ziren telefonoz deitzera. Tabernara deitzen zutenean, baserriz baserri abisuak ematera joaten nintzen; orain baino azkarrago, bai horixe!”. Asteburuetan, meza entzun ondoren, hamaiketakoa egitera eta aste egun iluntzetan, basoerdiak edan eta kartetan aritzera biltzen ziren herritarrak, “asteburuan, elizan abestu ondoren, emakume koadrilaren bat igual etorriko zen, baina gainerakoan, gizonak bakarrik etortzen ziren tabernara”. Gaztetxotan, etorri zenean, Larraulek ez zuen guztiz asebete Maria, baina denbora aurrera, gustura sentitu zen eta bertara ezkondu zen Beobide Azpiko Inazio Urkolarekin. Ezkondu ondorenean utzi zuen tabernako lana.
Gari soroak nonahi
Tabernako lanak utziagatik, baserrian jarraitu zuen lanean Mariak, “esnetako behiak genituen eta aurrena, astoaren laguntzaz Asteasura jaisten genuen jetzitako esnea. Gerora, Gurelesako kamioia etortzen zitzaigun etxera esne bila”. Animaliak ez ezik, baratzea eta soroa ere lantzen zuten Beobide Azpin, “labrantza egiten genuen: belarra, babarruna, artoa…, baita garia ere! Gari soro handiak ziren Larraulen; pentsa, ganaduarekin mendira joan behar izaten zen, behean ez baitzen haientzako belarrik izaten. Egun soberan dago belarra”. Etxeko irinarekin eta etxean bertan egiten zuten ogia. “Kaleko ogitik diferentea zen, baina jateko modukoa. San Bartolome jaietarako gari berriarekin ogi berria egiten genuen”.
Bederatzi seme-alaben ama
Atseden hartzeko tarte gutxi izaten zen baserrian, “gaztetan Ernioko erromeriara joaten ginen urtean behin-edo”, eta behin seme-alabak izandakoan oraindik eta denbora gutxiago, “bederatzi seme-alaba izan genituen, tartean baita bikiak ere. Baserriko lanak egin eta familia haztea, nahiko lan bagenuen”. Baserrian urik ez zen garaian, garbilekura joaten zen Maria arropak garbitzera, “plazatik gorako garbilekura joaten nintzen astoarekin. Hiru harri baziren eta putzu handia, hantxe aritzen ginen arropak astintzen. Goiko baserrietako jendea azkarrago iristen zen goitik behera eta beherakook, itxaron egin behar izaten genuen askotan. Atseden hartzeko eta hizketarako hartzen genuen zain egon beharreko tartea”. Baratzetik eta zuhaitzetatik jasotako uzta saltzera Bretxako azokara joan zen urte luzetan, “gaztaina, intxaurra, patata, babarruna…, garaian jasotakoa saltzen genuen han. Asteasutik egunero ateratzen zen Donostiara autobusa. Ene!, saltzailez eta elikagaiez bete-beteta joaten zen. Saldu beharrekoak saldutakoan, dendetan ikusmiran ibiltzen ginen itzulerako autobusa hartu aurretik”. Tolosako azokara ere joaten zen larunbatetan, “hara arrautzak ere eramaten nituen saltzeko. Giro polita sortzen zen eta oso gustuko nuen Tolosako azoka. Handik ekartzen genituen baratzean landatzeko landareak”.
Astoa, gustuko animalia
Gogoko animaliagatik galdetuta, astoa aukeratuko luke dudarik gabe, “asto ona gizakiaren lagun ona izaten da. Gaztetan oso asto ona eduki nuen; gurdia jarrita, asko lagundu zidan batetik bestera. Pena ederra hartu nuen hura hil zenean. Hurrengoa gaiztoa egokitu zitzaigun eta astoa txartzen denean, berriz, akabo!”. Baserrian egiten zuen lanik gogokoena ere astoarekin lotutakoa zuen, “gustura ekartzen nuen astoarekin belarra baserrira. Astoa ekarri bakarrik ez, belarra ere neronek kargatzen nuen, senarrak ebakitzen zuen bitartean”.
Eguzki goxoa gogoko du eta baita etxe inguruan ibiltzea ere, “urteekin batera, ordea, ibilia txartu zait. Indar gutxi daukat hanketan eta makilarekin ibiltzen naiz orain. Hala ere, etxe atarian ibiltzea gustatzen zait; eguzkitan bada, goxoago”.