Amasa-Villabonakoak zituen gurasoak ere: Arratzaingoa aita eta Igerategikoa ama. “Oso gazterik hil zitzaidan ama, 23 urterekin, nik hamar hilabete besterik ez nituela. Tifusa hartu eta heriotza txarra izan zuen”. Villabonako ia haur gehienek bezala, udaletxeko eskolan ikasi zuen Luis Etxebeste eta Juan Bautista Cuevas maisuekin. “Hiru mailatako entierroak izaten ziren garaian elizako abesbatzan abesten nuen eta ‘primerako’ entierroa zenean, Jabier Berasaluze eta biok eskolatik geldiarazten gintuen maisuak, kantatzera joateko”. Ahots oneko mutila ez ezik, bandako kide ere izan zen, tronpeta joaz, “banda polita zen Villabonakoa, 32 lagunek osatzen genuen. Amasako Usamendin jo nuen aurrenekoz bandarekin 12 urte nituela, gerra hasi eta urtebetera. Urteurren modura egin zen erromeria hura. Gerora, igande arratsaldetan jotzen genuen Villabonako plazan. Jende asko aritzen zen dantzan”. Batzuetan bandako kideei uzten zieten errepertorioa aukeratzen eta halakoetan, lehen eta azken pieza Amparito Roca pasodoblea aukeratzen zuten beti, “oso pieza gustagarria zelako”. Santio jaietarako herriko mutilek osatutako Los del último vagón txaranga alaiko kide ere izan zen Tomas.
Bizikletaz, tranbiaz baino lehenago
Bizikletak txikitatik erakarri izan zuen musikari gaztea, “Aierdik bizikletak konpontzen zituen Villabonan eta hari laguntzera joaten nintzen 14 urterekin. Tarteka Donostiara bidaltzen ninduen enkargura. Tranbiaz joateko esaten zidan, baina bizikletaz joaten nintzen ni, biderako ematen zizkidan bi pezetak poltsikoan gordeta. Gainera, tranbian baino lehenago egiten nuen buelta bizikletan: bi ordu pasatzen zituen tranbiak Donostiara joan eta etortzen, nik bizikletan gutxiago behar izaten nuen”. Sacem lantegian aprendiz bezala hasi zen lanean 15 urte zituela. “Sacemgo lehen ikasleak izan ginen eta eskola hura beharrezkoa izan genuen langintza ikasteko. Gerora, 17 urtez aritu nintzen Sacemen lanean, nire kontura Zizurkilgo lantegia zabaldu nuen arte”.
Semaforoak Bartzelonan
Bizikleta bezala motoa ere gustuko duela esatearekin batera, pasarte bitxia kontatu du Tomasek, “1956 urtean motoz Bartzelonara joan nintzen emaztearekin, Sacemgo kideek Feria de muestrasen jarritako erakusketa ikustera. Hemen oraindik ez zen semafororik eta Bartzelonara iritsita, harrituta begiratzen genien argi haiei. Taxista bati galdetu nion zertarako ote ziren eta hark esan zidan gorri ikusitakoan gelditzeko eta berdearekin aurrera jarraitzeko. Ni badaezpada ere taxistaren atzetik joan nintzen”. Garai hartan Ossa motoa zuen Tomasek, “fin askoa”. Egun Mobilettea du eta oraindik orain, Tolosaraino ere joaten da kaskoa jantzita. Bizikleta, motoa…, dudarik gabe autoa ere gogoko du eta, besteak beste, taxista eta autoeskolako irakasle modura lanean aritutakoa da, “1960 urtean Citroen kotxe erabilia ekarri nuen Madrildik eta taxista lanetan ibili nintzen. Tartean bidaia asko egin nuen Arantzazura. Zazpi lagunentzako lekua zuen kotxe hark, baina freno gutxi. Zapaldu arren ez zen jakiten noiz geratuko zen. Oraingo kotxeak bai onak!”.
Txikiteoa, musika eta oiloak
Denbora luzez jarraitu zuen bizikletarekiko zaletasuna, “orain 20 urte ere bizikletan ibiltzen ginen, zikloturistak ginen gu. Donostiara bizikletan joan, Alde Zaharrean txikiteoan ibili eta izerdi pixka bat atereaz eguerdirako etxera itzultzen ginen”. Egun, bizikleta alboratuta badauka ere, lagunartean, txikiteoan ibiltzea gustatzen zaio. “Jan eta lo Zizurkilen eginagatik, Villabonan bizi naiz gehiago. Egunero biltzen gara lagunak eta Villabonan tabernaz taberna ibiltzen gara 22:00ak aldera arte. Txikiteora atera aurretik afari-merienda egiten dut nik, bestela ez dago agoantatzerik”. Etxean ardo beltza nahiago badu ere, kalean gorria edaten du, “beltzak gorabehera gehiago izaten baitu eta errazago edaten baita gorria”. Gaztetxotan bezala, musikak hunkitu egiten du Tomas, “oraindik ere garai bateko musika entzutea asko gustatzen zait: Mozart, Beethoven, Wagner…”. Bestalde, oiloak eta ahateak ditu eta haiek zaintzeaz arduratzen da jatekoa emanez, “erreka bertan dute eta handik edaten dute ura, nik ogia eta aza hostoak ematen dizkiet oiloei”. Zuhaitz mordoa ere badu: Mizpira, intxaurra, hurra, mahatsa, sagarra, pikua…, eta fruiturik osasuntsuena: umorea galanta!