Herritarren txokoa

Andoain eta Amasako Encarna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 24a, 01:00

Amasako Mikel Igartza baserrian jaio zen Encarna 1916an. 24 urte zituela Andoainera ezkondu zen eta jaioterrira sarritan joaten bada ere, bertan bizi da.

Guztira bederatzi anai-arreba izan ziren, sei neska eta hiru mutil. Hamar urtera arte, haur garaiko oroitzapen oso politak gordetzen ditu, “hamar urterekin aita hil zenean, ilun geratu nintzen; aitarekin hartu-eman handia neukan eta asko eragin zidan aitaren heriotzak. Zortzi senide geratu ginen eta hiru hilabetera jaio zen anaia gazteena: Juliantxo”. Lauzpabost urterekin hasita, Hijas de la Cruz mojekin ikasi zuen Amasako Santa Kruz ermitaren ondoan. “Sor Lorenza eta Sor Monikarekin. Neska eta mutil nahasian aritzen ginen Jaunartzera arte, mutilak maisuarengana joaten ziren gero. Joakin Etxeberria maisuak ‘Organista’ etxean ematen zituen eskolak; era berean, organoa jo, solfeoa erakutsi eta alpargatak josten ere aritzen zen”. Baserriko lanetan laguntzeaz gain, Encarnaren eginbehar nagusia haurrak zaintzea izan zen, “anai-arrebak zaintzen nituen nik. Ahizpa txikia jaio zenean akordatzen naiz aitak nola deitu zidan goizean eta neska txiki bat ekarri zutela esan zidan. Hura poza hartu nuena! Asko maite nuen, bai ume polita! Ikusgarri zaindu nuen ahizpa txikia eta gero Juliantxo ere bai. Ondo goxatuta hazi nituen, maite asko!”. Hamabost urte zituela Zumaiako kolegiora joan zen, “suerte ikusgarria izan nuen, inoiz ez ditut behar adina eskertuko han pasa nituen bi urteak. Oso ondo etorri zitzaizkidan. Besteak beste, eskulanak egiten eta marrazten ikasi nuen han”. Zumaian bi urte igaro eta gero, etxera itzuli zen eta josten ikasi zuen Karmen Lizarragarekin Amasan. Geroztik berak josi zituen etxekoen arropak.


Gerraren ondorioak
Josten ikastera joatea etxetik ateratzeko aitzakia polita zela aipatu du, “ni, jakina, jostera joaten nintzelako ateratzen nintzen etxetik. Gainontzean jai egunetan ateratzen ginen lagunartean”. Gerra hasi zenean, ordea, asko aldatu zen giroa, “hiru anaia eraman zituzten frontera eta etxean geratu ginenok ahal genuena egin genuen. Beharra zegoen eta heldu egin genion lanari. Zaildu egin gintuen gerrak. Anaia denak bizirik etorri ziren behintzat-eta! Denek ez zuten zorte bera izan”. 

Gerra berriro
1940 urtean ezkondu zen, 24 urte bete berriak zituela, Andoaingo Joxe Mari Garagorrirekin. Lau seme-alaba izan zituzten. Senarraren jaiotetxean, Sagarmendin bizi da geroztik. “22 egun kanpoan ibili eta gero etorri ginen etxera. Etxe honetara bizitzera etorri orduko, gerra hasi zen berriro, europarra. Ni Andoainera etorri nintzenean ogia etxera ekartzen zuten, baina oso denbora gutxian, segituan hasi baitzen eskasia. Ogirik ez, baina irina bazen. Etxean taloak egiten mila bider ikusi banuen ere sekula ez nuen egin. Ederki ikasi nuen orduan eta geroztik makina bat talo egin dut”. Gerrako miserian txekorra eta txerria akabatu zituzten etxean eta denbora luzerako jana izan zutela gogoan du, amak gatzatzen lagunduta. Baserri handia zen orduan Sagarmendi, baita historia handikoa ere, “bertan zuen jatorria Aita Larramendik, abizenez Garagorri zenak”.

Bizipoz handiko emakumea
Andoainen askoz ere urte gehiago bizitu bada ere oso gogoan du Encarnak jaioterria, “asko bizi naiz ni oraindik Amasan, asko maite dut. Inork nongoa naizen galdetuta, amasarra erantzungo dut”. Martxoaren 25ean 95 urte beteko ditu eta osasunez nahiz umorez primeran ageri da, “oso ondo nagoela konturatzen naiz neroni, barrua eta burua ondo edukitzea hankak ondo edukitzea baino garrantzitsuagoa da”. Afizio ugariko emakumea da eta oraindik ere ahal duen guztietan hartzen du parte, “lana gustatzen zait, baino baita bestelako gauzak ere: bidaiatzea, esaterako. Oraindik ere tarteka joaten naiz oporretara, ondo etortzen da tokiz aldatu eta eguneroko martxa puskatzea. Etxetik atereaz gero, hamabost egun behintzat behar izaten dira”. Lagunartea, kartetan jolastea, kantuan aritzea, musika klasikoa entzutea, zinemara eta antzokira joatea, galtzerdiak egitea, loreak eta ataria zaintzea, sukaldean aritzea, Goenkale ikustea…, pozik eta gogotsu egiten dituen hamaika zaletasun ditu Encarnak. Segi horrelaxe! 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!