Milaren aita perratzailea zelako Herrerone moduan ezagutzen zen lehen Kale Nagusiko euren bizitokia. Patxine izena duela 20 bat urte jarri zioten, ondorengo arrazoi bitxi honengatik; “taberna-jatetxea gurasoek ireki zuten 1968 urtean, nik 14 urte nituela. Haiek uztean, Patxi anaia eta biok hartu genuen bertako ardura. Patxiren lagunak, ‘goazen Patxinera’ esaten hasi ziren eta, orduz geroztik, izen horrekin ezagutzen da jatetxea nahiz etxea”. Mila gaztetxoa zela, beste era batekoa zen etxearen azpialdea. “Orain jangela daukagun zati hau lehen ondoko etxearen puska zen. Txikia nintzenean ukuilua zegoela gogoan dut: txerriak eta oiloak edukitzen zituzten han aldamenekoek. Gerora gurasoek erosi eta taberna zabaldu zuten aurrena”. Garai hartako taberna gehienak herriko etxeak zirela aipatu du Milak, “edatekoarekin batera, gehienetan mokaduren bat ere eskaintzen zen. Gerora hasi ginen menuak eta karta eskaintzen”.
Barran, sukaldean nahiz jangelan
Asteasuko eskolan ikasi zuen Milak, Elizmendin. Jolaserako tarte gutxi izan zuela aipatu du, “sei senide ginen etxean; ni zaharrena, eta anai-arrebak zaintzen beti izaten nuen lana”. Hamalau urterekin hasi zen Patxinen lanean, baina aurrez ere aritu zen beste taberna batean. “Gurasoen Errioxako lagun batzuek taberna zuten Beasainen eta han hasi nintzen aurren-aurrena tabernan lanean”. Patxinen, berriz, geroxeago hasi zen: tabernako barran lehenengo eta sukaldean gerora. “Orain denetarik egiten dut: barran, sukaldean eta mahaiak zerbitzatzen ere aritzen naiz jangelan”. Tabernakoa lan polita dela dio Milak, hori bai, gustatu egin behar zaizula. “Lan lotua da eta ordu asko eskatzen du. Niri beti gustatu izan zait barrako lana, jendearekin tratua izatea. Horrenbeste urtean, Asteasu eta inguruko jende asko ezagutzen dugu”.
Emakumeak geroago
Familia, lagunarte nahiz lankide…, otordu asko ematen dute jangelan eta, tabernan ere, jende ugari bildu ohi da. Urteen poderioz tabernako giroa asko aldatu dela azaldu du asteasuarrak, “lehen emakumea beste era batera ikusten zen tabernan. Garai batean gizonezko batzuei uki zintzaketela iruditzen zitzaien eta norberak markatu behar izaten zituen bere mugak”. Patxine taberna zabaldu zutenean, gizonezkoak etortzen ziren batik bat tabernara, “1970eko hamarkadan, lan bila etorrita, erdaldun asko etorri zen Larraulera bizitzera. Handik Asteasura maiz jaisten ziren eta gizonekin batera, haien emazteak hasi ziren lehenengoz tabernara sartzen. Talde handiak etortzen ziren, gizonak partida jokatzen zuten tabernan eta emazteak ere hantxe egoten ziren. Gerora hasi ziren bertako emakumeak etortzen”. Pasadizoen artean, gertaera ugari ezagutu du Milak tabernan, “behin, baserritar batek behia ere sartu zuen barruraino”. Borrokaldi ugari izaten zela ere aipatu du, “Tolosan astelehenetan azoka izaten zenean, autobusa hartuta jende piloa joaten zen Asteasutik nahiz Aiatik. Handik bueltan tabernan geratu eta ederki jan eta bereziki edan ondoren, disputak eta borrokaldiak maiz sortzen ziren. Alde horretatik, alkoholemiaren eragina nabaritzen da egun. Giroa bareagoa da”.
Gazta tarta, goxo-goxoa
Jatetxeko plater preziatuenagatik galdetuta, garai batean, dudarik gabe, tripakiak izaten zirela erantzun du. “Orain ere eskaintzen ditugu tarteka, baina gutxiagok eskatzen dituzte. Denetik eskatzen da egun, txipiroiak plantxan, esaterako, asko. Gazta tarta izango da, hala ere, gehien eskatzen den platera”. Dudarik gabe, goxo-goxoa; probatu ez duenak, probatzeko modukoa.
Eguzki goxotan oinez
Afizioen artean ibiltzea gustatzen zaio Milari, baina, ahal bada, eguzki goxoa lagun duelarik, “berdin zait mendian, hondartzan nahiz herrian, baina oso gustuko dut oinez ibiltzea. Udan askotan egiten dut hiru hondartzetako buelta Donostian. Buelta eman eta gero zortzietarako lanera etorri behar badut ere, gustura etortzen naiz haize pixka bat hartuta. Oinez ibiltzea sofan eserita egotea baino hobea da”.