1961 urtean, Anjelen gurasoek zabaldu zuten Aizpea taberna izen bereko etxearen azpialdean. Gaztetxotatik, beraz, lan ezberdinak egitea egokitu zitzaion Anjeli, “baserriko lana aurrena, tabernakoa gero eta baita fabrikakoa ere”. Rosariorekin ezkonduta, Villabonako Sacem lantegian egiten zuen lan senarrak eta emazteak ematen zuen tabernako martxa gehiago. 22 urterekin ezkondu eta 32 urtez aritu zen lanean Rosario tabernan. “Edaten nahiz jaten, denetik ematen genuen. Inguruan fabrika ugari egin zuten, TC aurrena, Unipapel gero…, eta mugimendu handia ekarri zuen horrek. Taberna txikia zen, baina txanda ezberdinetan 80 menu eman genituen egunak ere izan ziren”. Astean zehar lan egin eta igandetan jai hartzen zuten, ehiza garaia ez bazen behintzat, “ehiztariak gosaltzera etortzen ziren ehiza garaian igande goizetan, estimazio handia izaten zuen etxeko txorizoak”.
Giro oneko taberna
Anjelek tabernan oso giro ona sortzen zela gogoratu du, “Andoaindik bertsolari asko etortzen zen tabernara eta ardo pixka bat edandakoan, doble-bertso kantatzen zuten. Jende gaztea baino, edadeko pertsona ibiltzen zen batez ere tabernan”. Bertsolariez gain, tarteka kirolari onak ere etortzen omen ziren: Martin Ibar Urtain edo Iñaki Perurena harrijasotzaileak, besteak beste. “Garai hartan besterik ez zen eta bertan biltzen ginen, etxekoak moduan ginen denak”. Telebista 1966 urtean jarri zutela aipatu du senar-emazteak. “Orduan telebistarik apenas zegoen inguruan eta jende asko jaisten zen Adunatik Urtainen boxeo partidak ikustera”. Era berean, astelehenetan, feritik bueltan, Adunako baserritarrek tabernan merienda egiten geratzeko joera handia zutela adierazi dute.
Etxeko menua
Tabernako barran nahiz sukaldean alde guztietan lan egitea egokitu zitzaion Rosariori. “Aiton-amonak urte askorekin hil ziren eta asko laguntzen zidaten haiek ere”. Menuan etxeko jana eskaintzen zuten, “baserriko arrautzak, etxean egindako txorizoa, urdai-azpikoa… Etxean egiten genuen dena, lehengo erara”. TC fabrika Lasartetik Adunara nola ekarri zuten gogoan dute, “nagusiak frantsesak ziren, mutil altu-altuak. Ez zekiten euskaraz, baina ederki moldatzen ginen. Ikaragarri txerri txuleta zaleak ziren, egunero jan nahi izaten zituzten”. Lantegitik ateratakoan etxean laguntzera etortzen zen Anjel, “entretenimendua beti izan dugu guk etxean”.
Zaletasunetarako denbora
Duela zazpi bat urte itxi zuten taberna eta, egun, gogoko zaletasunetarako denbora gehiago dute. Rosariok paseatzea gogoko du eta eguerdiz nahiz arratsaldez egiten du bueltaxka. Anjeli bere lanak egitea gustatzen zaio gehiago. Rosariok aipatu duenez, txoriak eta oilaskoak lumatzeko makina asmatu zuen Anjelek, “patentea ere atera zuen eta horiek egiten aritzen da eskaeren arabera”. Lodosa, Caceres edo Terueldik ere eskatu izan dizkiote makinak Anjeli. “Ofizio horretakoa izan naiz eta entretenimendu gisa, disfrutatu egiten dut lan horretan. Ordutegirik gabe, nire erara aritzen naiz”. Soinua jotzea ere gustuko afizioa du Anjelek, “duela bi urte Argentinatik ekarri nuen soinua eta orduan hasi nintzen ikasten. Gazteak dantzan jartzeko adina ez, baina gure artean jotzeko, zertxobait moldatzen naiz dagoeneko. Betidanik gustatu izan zaigu etxean musika, anaiek ere zaletasun handia izan dute. Aitona zena txistulari ona zen eta hark ez zuen solfeorik ikasi; belarri handiak eta entzumen ona zituen, nik bezala”. Besteak beste, ehiza ere atsegin du eta nola ez, umorea; umore ona. Anjel eta Rosariok badutena.