Andoaingo La Salle eskolan ikasi zuen gaztetxotan eta 14 urte zituela Laborde lantegian hasi zen, “lau urte aprendiz aritu eta gero hasten ginen ofizial gisa tailerrean lanean. Dantza koadrila nahiz abesbatza ere bagenuen Laborden. Mendira irteera ugari egiten genuen eta joaten ginen lekuei buruz idatzi behar izaten genuen hurrengo egunetan, zer ikusi genuen azalduz”. Laborde lantegian ikastaro ugari antolatzen zuten eta Ildefonso Goenaga andoaindarrarekin batera, taxidermia ikasi zuen Lasarteko Jose Antonio Olabe maisuarekin, “geroztik, lantokira ere ehiztariak etortzen zitzaizkidan ehiza disekatzeko eskatzera. Orduan furi izugarria zegoen, ikaragarrizko afizioa: animalia disekatuak trofeoak izaten ziren orduan. Batek baino gehiagok esaten zidan Labordeko lana utzi eta taxidermista moduan hasteko, baina diru asko behar zen horretarako”. Lanetik ateratakoan egiten zituen jasotako enkarguak. “Ondo prestatuta egon behar da taxidermista lanerako eta orduan ez zen erraza: pieza handiak ekartzen zizkidatenean, Antton Lertxundi Villabonako harakinak gordetzen zizkidan hozkailuan”.
Animaliazalea, txorizalea
Txoriak, katagorriak edo basurde buruak disekatu izan ditu bereziki, “behin baita katua ere, jabeak hala eskatuta”. Donostiako San Telmo museoko bitrina batean Davidek harrapatu eta disekatutako 42 txori daude gordeta; hala ere, disekatuta baino gehiago, bizirik gustatzen zaio animalia Davidi, “behin piztia hilik dagoenean, usteldu beharrean, berriro bizia ematea gustatzen zait. Bitrinak hori du ona, disekatu eta igual-igual mantentzen direla animaliak urte asko pasa arren”. Basora joan eta txori txikiak basoan xomorroak jaten ikustea gustatzen zaio gehien, “txori txikiak Norvegiatik etorri eta Afrika aldera joaten dira emigrazio garaian. Gauez etortzen dira eta txikiak nola baitiren, energia asko galtzen dute bidean. Indarra berreskuratzeko, basoetan xomorroak jaten aritzen dira egunez eta hegan abiatzen dira berriro gauez”.
Aranzadi taldeko kide izan zen David eta hainbat lan egin zuten txorien sailean. “La guia de Europa liburua hemen argitaratzeko, txorien izenak euskaratu genituen: Avejarrucori, esaterako, Erle txori izena jarri genion. Gaztelaniaz, katalanez, euskaraz eta izen zientifikoarekin osatu genuen informazioa”. San Martin egunean, izen zientifikoa grabatutako eraztunak jarrita botatzen zituzten txoriak airera. Modu horretan, txoriak egindako ibilbidearen berri izaten zuten.
Kabi bila, bonbardaketan
Txiki-txikitandik piztu zitzaion Davidi txoriekiko zaletasuna. “Zer ikusi, hura ikasi, esaten du esaerak eta, egia esan, gure aitak afizio handia zeukan umetatik. Zaletasuna etxetik etorri zitzaidala uste dut”. 36ko Gerratik ihesi, Oriora lehenengo eta Mundakara joan ziren gero etxekoak. Txoriekin lotuta, ez ahazteko moduko pasartea bizitu zuen Davidek, “Mundakan txoriekiko afizio handia zuen laguna egin nuen eta birigarro kabi bila joan ginen 1937ko apirilaren 26 hartan. Gernika aldeko mendietara abiatu ginen eta han genbiltzala, abioiak sentitu genituen. Pum eta pum hotsak entzuten genituen. Gure abioiak ez zirela eta Gernika bonbardatzen ari zirela konturatu ginen. Zulo batean gordeta egon ginen tarte luzean. Etxera itzuli ginenean, amak ez al dakizu zer gertatu den?, esaten zidan builaka. Nik baietz, zulo batean ezkutatuta egon ginela. Guk ikusi egin genuen gertatu zena, baina isilik egotera behartu gintuzten”.
Margotzen ere artista
Margotzea ere txikitatik gustatzen zaio Davidi, anaia zaharrenaren bideari eutsiz. “30 urtean disekatu eta disekatu aritu nintzen, baino beti izan nuen pintatzeko gogoa. Egia esan, modak aldatu egiten dira eta egungo ehiztariak ere nahiago du koadro on bat”. Egun txorien bilduma margotzen ari da, horixe baita bere grina, hala ere, denetarik egiten du: paisaiak, animaliak, abstraktua… “Argazkietan oinarritzen naiz batik bat, baina begi pixka bat ere badaukagu dagoeneko”. Etxeko beste zaletasuna; abestea. “Asko abesten genuen etxean eta oso gogoko dut”.
Joan zen astean, ETBko Bi errepidean saioan, txorien inguruko hainbat azalpen ematearekin batera, usoa nola disekatzen den erakutsi zuen Davidek. Adi errepikapenei.