Asteasun jaio eta hantxe bizitu zen Zizurkilera ezkondu bitartean. Haurtzaroko oroitzapen politak gordetzen dituela azaldu du. “Asteasuko kaleko eskolan ikasi nuen. Pilotan, futbolean eta palan asko jolasten genuen. Gordeketetan ere bai. Gaztetan Asteasuko monagillo izan nintzen”. Erniora irteera asko antolatzen zuten lagunartean. “Eguraldiaren arabera, urte guztian zehar igotzen ginen Erniora. San Juan txikitan bereziki. Zarate eta Belkoainera ere askotan joaten ginen, tarteka Txindokira ere bai”. Udako igande arratsetan, Zizurkil Gora etortzen ziren koadrilan, “Apaizak tokadiskoa jartzen zigun eta dantza itxuran ibiltzen ginen neska eta mutil. Ilunbistan etxera itzultzen ginen baserri artetik tertulian”.
25 urtez aguazil
1973 urtean hasi zen aguazil lanetan Zizurkilen, bertako lehen aguazila izan zelarik. Gogoan du nola sortu zitzaion aukera hura. “Seiscientos-a ekarri zidan aitak eta asegurua Zizurkilgo udaletxean egin behar zela esan zidaten. Asegurua egitera joandakoan, udaletxeko langileak aguazila falta zela eta lan hura egingo ote nukeen galdetu zidan. Orduan aita eta amarekin bizi nintzen eta bazkalorduan, lan hartan hastea zer iruditzen zitzaien galdetu nien. Amak oso lan ona zela eta balioko nukeela esan zidan. Hala, hurrengo egunean kotxea hartu, Zizurkilera joan eta aguazila izan nahi nuela erantzun nien. Handik gutxira kaleko jantziekin hasi nintzen lanean. Gerora uniformea egin zidaten”. Hasiera hartan mobiletean ibiltzen zen Pello, etxez etxe askotan: “Zizurkilgo Udalera Donostiako isun asko ailegatzen zen eta jende askok kasurik egiten ez zienez, etxez etxe banatzen nituen”. Epaitegiko gaiak ere bideratzen zituen, “juzgatuko gaia oso serioa eta sekretupekoa zen orduan. Jende askok deialdiak kontuan hartzen ez zituenez, nik banatzen nituen etxez etxe; data eta sinadura eskatuz. Era berean, uraren errezibo atzeratuak ere banatzen nituen eta ordaintzen ez zuenari ordaintzeko eskatzen nion, bestela ura moztuko zitzaiela esanez”. Konpromisozkoa baina gustuko lana zuela aitortu du Pellok.
Zergatik txapelik ez?
Egungo udaltzainen inguruan hiru gauza esango lituzkeela adierazi du. “Nik 25 urte egin ditut aguazil eta gaur, legeak aldatuta daude. Hiru udaltzain ditugu herrian eta oso ondo jantzita ibiltzen badira ere, ez dakit zergatik ez duten txapelik janzten gainerako herrietan bezala. Uniformearen zatia da txapela eta jendeari errespetu gehiago sartzeko ere balio du. Bestalde, isunak jartzea ondo iruditzen zait baina, gaur egun askorik barkatzen ez dela esango nuke. Isun gehiegi jartzen da. Azkenik, Zizurkilen, orain Villabonan hasi diren bezala, txakurren zaintza indartu beharko litzatekeela uste dut. Kalean txakurrak lotuta eraman behar dira eta hondakinak paperean bilduta zaborrontzietara bota beharko lirateke. Udaltzainek gai horretan pixka bat gehiago sartu beharko luketela iruditzen zait”. Ugare auzoaren inguruan ere hitz egin du, “Txukun geratu da Ugare berrituta, baina eseriaulki gutxiagorekin. Alkateari gehiago jartzeko eskatu beharko litzaioke, pertsona helduentzat batez ere”. Zizurkil herri txikia izanagatik jende asko ezagutzeko aukera eman zion udaltzain lanak, “nik ez dut herrian gorabehera handirik izan. Behean baino gehiago ibiltzen nintzen Zizurkil Goian, ondo konpontzen nintzen baserritarrekin”.
Eskola umeekin ere ibiltzen zen trafikoa bideratzen. “Urte asko eta gero, kostata jarri dute Bulandegi bideko semaforoa. Egun ume asko dago Zizurkilen eta udaltzainek trafikoa bideratu beharrean, semaforo gehiago jartzea komenigarria litzatekeela uste dut”. Udaltzain izan aurretik Alas lantegian egin zuen lan Pellok, “erreduktoreak egiten genituen eta nire lana taladratzea eta erroskatzea zen. Lan polita zen Alaskoa, baina gustukoagoa nuen aguazil lana”.
Kotxe eta motozalea
Oso gogoko du Pellok mendia, “lehen asko ibiltzen nintzen, baina orain belaunak ez dit gehiegi ibiltzen uzten. Perretxikoak biltzeko izugarrizko afizioa nuen. Onddoak jatea baino gehiago gustatzen zitzaidan biltzea”. Kirola ikustea ere gustatzen zaio, “futbolzalea naiz eta Reala jarraitzen dut, baina nire afizioa kotxeak eta motoak dira. Moto eta kotxe karrarek telebistan botatzen dituztenean ez ditut inola ere galtzen”.