Herritarren txokoa

Maiz, korrikalari abila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 24a, 01:00

1941 urtean jaio zen Aiako Manterola erdikoa baserrian. Azken urte luzeetan Asteasun bizi da. Korrikalari garaiaz eta afizio gehiagoz hitz egin du umoretsu.

Aian jaio, Zarautzen urte dezente bizitu eta azken urte luzeetan Asteasun bizi da, “Zarautzen hasi nintzen arozgintza ikasten eta urte asko egin nituen bertan. Zarautzen bizi nintzela joan nintzen soldadutza egitera Loiolara eta hantxe hasi nintzen korrika. Ezkondutakoan Zarautzen jarri ginen bizitzen hasieran. Emaztea Asteasuko Amasa Iturri baserrikoa da, eta bertara etorri ginen denborarekin”. Arotz moduan egin du lan urte luzetan, “aroztegi txiki batean hasi nintzen aurrena, Muebles Alza-n gero. Korrika nenbilela, Zarauzko ferreteria batean ere egin nuen lan, Zarauzko club-eko lehendakariarena zenez, aukera gehiago izaten bainuen kanpora korrika egitera joateko. Jubilatu aurretik, eraikuntzan aritu nintzen lanean”. Arozgintzan ez ezik, baserrian ere lan asko egindakoa da, “13 urte nituela morroi joan nintzen Donostiako baserri batera. Egunez baratzean aritzen nintzen eta goizetan, barazkiak jaisten nituen zaldia eta karroa hartuta San Martin plazara. Hiruzpalau urte egin nituen han”. Oraindik ere jarraitzen du baserriko lanetan, “beti izaten da zeregina baserrian. Lau behi baditugun arren, ez zait ganadua gehiegi gustatzen. Baratzea eta etxe ataria txukun mantentzea nahiago izaten dut”.

Umetatik korrikalaria
Korrikarako afizioa txikitatik datorkio Joxe Migeli, “eskolara joan eta orduko jolasak korrikaren ingurukoak izaten ziren. Beti korrika ibiltzen nintzen eta nire burua besteak baino azkarxeago ikusten nuen. Gustatu betidanik egin zitzaidan, baina orduan ez zegoen aukera handirik. Gure gurasoek jokoari beldurra zioten eta kirola txarra zela esaten ziguten, bizimodua ateratzeko lana egin beharra zegoela”. Soldadu joan zenean, goiz batean patioan formatuta zeudela, korrikarako afiziorik inork ba ote zuen galdetu zien kapitainak, “lagunek animatu ninduten eta dozenaren baten artean antolatu zuen karrera irabazi egin nuen. Handik hamabost egunera, bigarren karrera irabazi nuenean, komandanteak hartu eta militarren arteko Espainiako txapelketara bidali ninduen. Laugarren iritsi nintzen. Segidan militarren arteko mundialetara joan nintzen Luxemburgera eta hirugarren egin nuen”. Zazpi urtez internazional mailan ibilitakoa da eta emaitza onak lortutakoa gainera: Besteak beste, Espainiako txapelketa irabazi zuen urte batean eta beste lautan geratu zen bigarren. Lau urtetan izan zen Euskadiko txapeldun eta beste lau urtetan Gipuzkoakoa. Mundu mailako txapelketetan 6. eta 12. postuak lortu zituen Belgikan eta Tunezen.

Lasarte bihotzean
Gogoan gordetzen duen lasterketaz galdetuta, Donostia-Lasarteko kross internazionala aipatu du. “1967 urtean bigarren geratu nintzen, pelotoian nindoala, beste korrikalari batek zapatilla atera baitzidan. Aurrera jarraitu nuen, oin batean zapatilla nuela eta bestean ez. Mamo Wolde Etiopiako korrikalariak irabazi zuen urte hartan. Hurrengo urtean nik lortu nuen garaipena”. Neguan udan baino gusturago ibiltzen zela aitortu du, “hobeto moldatzen bainintzen aldapan eta mendian, pistan baino”. Donostiako Gimnastica Ulian urtebete egin bazuen ere, Zarauzko club-eko partaide izan zen Joxe Migel. “Berandu hasi nintzen korrika, 21 urterekin, eta hamaika urtez ibili nintzen”. Utzi zuenetik, ez ditu lasterketak gehiegi jarraitzen, “ikusten baino egiten disfrutatzen da kirola. Mundu mailako atletismoko probak ikustea gustatzen zait, atletismoa munduko kirolik politena da niretzat. Gainerakoan, telebistari ez diot kasurik egiten”.

Mendia eta trikitia gustuko
Mendira joatea oso gogoko du, Erniora batez ere. “Ahal dudala, jaiero joaten naiz. Txindoki ere gustatzen zait, baina bertatik bertara, mendi polita da Ernio”. Erromeriazale amorratua ere bada, “soinua aditzen amorratua naiz. Egun guztia egongo nintzateke esku soinua entzuten; soinu handia ere bai, baina trikitixa batik bat. Anaia ahoko soinua jotzen artista zen. Orduak pasatzen genituen hura entzuten. Kantua aditzea ere gauza ederra da. Koruan abestea izugarrizko plazera izango litzateke niretzat, baina eztarri txarra daukat. Dantzan egitea ere bai, baina ez dakit sueltoan. Agarratuan hobeto moldatzen naiz”.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!