6 urte nituela, Otsabira joan ginen bizitzera eta Amasako lurretan bizi nintzenez, eskolara ere Amasara joaten nintzen”. Handik Elgoibarrera joan zen familia. “Elgoibarren 11 urte bizitakoa naiz eta han ikasi nuen batxilergoa. Berriz Villabonara itzuli ginenean, enpresaritza ikasketak egin nituen Donostian”. Lanbidez banketxe batean lan egiten badu ere, musikak egin du ezagunago Xabier Berasaluze Leturia. Panderoa eskuan eta irribarrea aurpegian, horixe bere ohiko irudia.
Proiektuak biziberrituz
Ume zela hasi zen Xabier musika ikasten, “4 urterekin aitak solfeoa ikastera bidaltzen ninduen. Elgoibarrera joan ginenean, pianoa jotzen ere ikasi nuen”. Beste hainbat musika tresnen artean, panderoa aukeratu zuen. “Villabonara itzulitakoan, Eleuterio Tapiak irakatsi zidan trikitixa jotzen. Garai hartan pandero-joleak falta ziren eta panderoa erosita, neure kabuz ikasi nuen”. Kazkabarra nahiz Txanbela musika taldeetan parte hartu zuen aurrena, Joseba Tapia ezagutu zuen arte. “Aurten 25 urte egin ditugu Josebak eta biok elkarrekin”. Aurrena bikote moduan ekin zioten bideari, “bikote bezala hainbat txapelketatan parte hartzeaz gain, hiru disko egin genituen. Gerora, tex-mex taldea aurrena eta talde rockeroa osatu genuen gero, Tapia eta Leturia Band izena zuena”. Koplagintzarekin lotutako beste proiektu bat eratu zuten gero. Horrenbeste urtetan lanean nekatu gabe jarraitzeko sekretua proiektuak biziberritzea eta tarteka atseden hartzea direla uste du, “musikak aldakorra izan behar du, norberaren aberastasunerako eta jendeari eskaintzeko”.
Euskal musika babestu
Trikitixak asko bidaiatzeko aukera eman diela azaldu du Xabierrek, “Amerikan edo Europan zehar asko bidaiatu dugu eta beste herrialdeetan ikusi eta ikasitakoak eragin handia du norberaren lanean nahiz sormenean”. Munduan zehar sona handia izan zuen 90 piezako disko bikoitza kaleratu zuten 1998 urtean. “Izugarrizko lana hartu genuen kantuak musikatzen. Diskoaren barruan kantu bakoitzaren partiturak daude eta oso harrera ona izan zuen, edozeinek jo baititzake”. Gerora, Irlanda edo Quebeck-eko musikarien bide beretik, Hain zuzen lana atera zuten. “Lan horrekin bederatzi bat urte ibili gara plazaz plaza. Aurten atseden hartu dugu eta aurrera begira, bide eta lan berriak prestatzen ari gara”. Euskal kulturaren egoera oso kaxkarra eta kezkagarria dela uste du Xabierrek eta, besteak beste, euskal musikak ez daukala inolako babesik, “bertakoari baino askoz ere indar handiagoa ematen zaio kanpoko musikari. Kritiko izan behar da agintariekin, beste estatu batzuetan (Frantzian edo Katalunian, esaterako) bestelako jarrerak baitaude etxekoa zaintzeko”.
Mendizalea gaztetatik
Musikaz gain afizio ugari ditu Xabierrek, “oso mendizalea naiz gaztetxotatik. Eskaladan, espeleologian nahiz eskian ere ibilitakoa. Espedizio ezberdinetan hartu izan dut parte eta abentura ere landu izan dut Nairobitarrarekin. Orain 55 urterekin hainbat gauza egin ezin badut ere, Pirinioetara joaten naiz tarteka. Udazkenean onddoak biltzen hasiko naiz aurrena, gero uso nahiz basurde harrapaketan. Eskiekin jarraituko dut neguan…”.