Gerra denboran jaio zen Arantxa eta batetik bestera mugitu beharra izan zuen, “jaio Azkoitian egin nintzen, baina gerraren ondorioz, mugitu beharra egokitu zitzaigun. Orain langabezia dagoela esaten da, baina orduan ere bazegoen. Ezin egongo gara urte haiei begira, aurrera begiratu behar da, baina urte txarrak izan ziren”. Amasa-Villabonara 1960 urtean etorri zen, “ezkondu eta hementxe bizi naiz geroztik. Nire senar zenak, -Juanito Rotetak-1944 urtean janari-denda zabaldu zuen. Ezkondu eta gero, neroni ere bertan hasi nintzen lanean”. Oroitzapen onak gordetzen ditu, “bizitasun handia ematen zidan denda txiki hark”. Egun loteria administrazioa daukaten lekuan zuten janari-denda, Kale Berrian. “Janaria, aldizkariak, jostailuak…, denetik saltzen genuen. Supermerkatu txiki bat zen”. Gasolindegia ere izan zuten dendaren kanpoaldean, “hemen jarri aurretik, Izkina tabernaren inguruan banatzen zen gasolina. Dendaren kanpoaldean jarri zutenean, denborarekin senarrak hartu zuen gasolindegiaren ardura”. Arantxak ere laguntzen zion gasolina banatzen, “orain baino auto gutxiago ibiltzen zen arren, Irundik Madrilera zihoan errepidea herriaren erdi-erditik igarotzen zenez, mugimendu dezentea izaten zen. Jende ezezagun asko pasatzen zen hemendik eta ezagutu ere jende asko egin genuen”. Bezeroei ahalik eta harrera onena egiten ahalegintzen zirela nabarmendu du. “Ni neu ere kanpoan ibilitakoa naiz eta beti pentsatu izan dut ondo portatuz gero, estimatua izaten zarela. Etortzen ziren guztiei tratu ona eskaintzen saiatzen nintzen, gustura gainera”. Kanpotarrak maite dituela adierazi du Arantxak, “dena utzi eta etxetik kanpora behartuta joan beharra ez da batere erraza. Hala ere bizimoduak erakutsi egiten du eta aurrera egiteko indarra ematen du”.
Loteria administrazioa, 1986an
1986 urtean, janari-denda ondoko egoitzara pasa eta loteria administrazioa zabaldu zuten supermerkatu txikian. “1985 urtean, loteria administrazioa zabaltzeko lehiaketa atera zen boletinean, Gipuzkoa osorako. Aurkeztu egin ginen eta puntuazio bidez lortu genuen administrazioa irekitzea”. Hasieran loteria soilik saltzen zuten, baina urtebetera, kinielak seilatzen ere hasi ziren, “dena eskuz egiten genuen hasierako urte haietan, nahiko lan zaila zen orduan. Gerora makinek erraztasuna ekarri zuten, baina aukerak ere zabaldu egin zirenez, lana gehitu egin zen. Lotuta geunden orduan ere, baina aurrera begira, ilusioz”.
Loteria administrazioak ere poz handiak eman dizkio behin baino gehiagotan. Pozik potoloena, dudarik gabe, Gabonetako Gordoa banatu izana, “beste hainbat sariren artean, 1998 urteko Gabonetan Gordoa banatu genuen Villabonan. Gogoan dut oraindik zenbakia: 21856. Poz handia eman zidan jendeari halako zoriontasuna emateak”.
Egun, krisi garaian, jendeak diru gutxiago jokatzen du, “lehen hiru euro jokatzen zituenak, orain bakarra jokatzen du. Arrazoizkoa iruditzen zait niri hori: norbaitek jokatu ahal izateko ahotik kendu behar badu, ez bailuke jokatu behar. Gainontzean, diru pixka bat arriskatzeak zorterako bidea zabalik uzten du”. Arantxak berak ere jokatzen du tarteka, “noizean behin, tokatuko ote zaidan ilusioarekin, jokatzen dut nik ere”.
Ilusioari eutsiz
Egun, dendan baino gehiago, etxean aritzen da lanean Arantxa. Afizio ugariko emakumea da, “asko gustatzen zait jostea eta, era berean, sukaldean aritzea ere bai. Irakur zalea ere banaiz: egunkaria nahiz liburuak irakurtzea oso gustuko dut”. Goizetik gauera, “ez jai eta ez aste”, beti lanean aritutako emakumeak badu bere leloa: “Ondo ateratzen ez dena ez da komeni. Aurrera egin behar da beti, ilusioari eutsiz”.