Gaztetxo zelarik Ibarrara joan zen Karmen neskame, “8 urte nituela joan nintzen Ibarrara eta han etxeko bezalaxe hazi ninduten. 18 urtera arte neskame lanetan aritu nintzen, etxeko lanak eginez eta umeak haziz. Horrez gain, udan, etxekoandrearekin ostegunetan Hernanira joaten nintzen landareak saltzera eta larunbatetan Tolosako azokara. Astean zehar, berriz, esnea partitzen ibiltzen nintzen marmitak hartuta, Tolosako Santa Klara aldean”. Eguberrietarako eta herriko jaietarako etortzen zen Zizurkilera. “Ibarratik Tolosara etorri, Tolosan tranbia hartu eta handik Villabonara. Gero Villabonatik oinez Zizurkilera. Umetan gustura egoten nintzen Ibarran baina, gurasoengana etorritakoan, penetan joaten nintzen bueltan. Ondo nengoen han baina, hemengoa izan”.
Baratzea eta loreak gustuko
Zizurkilera itzuli eta urte batzuetara, auzoko Arripitxi baserriko seme batekin ezkondu zen Karmen, 26 urte zituela. Auzoan bertan geratu ziren bizitzen, Bidegurutze etxean. “Bertan hazi ditugu hiru semeak”. Lehen eta orain gustuko ditu etxe inguruko lanak, besteak beste, baratzea eta loreak, “horrelaxe ohitu gara eta oraindik ere gustura egiten ditut lan horiek. Eguzki pixka bat behar, ordea”. Animalien artean oilaskoak eta oiloak dituzte, “lehen txerria ere izaten genuen arren, oilo eta oilaskoak bakarrik ditugu orain. Zelaian egoten dira, toki ederra dute kanpoan eta jaten emanez gero, ez dute lan handirik ematen”. Urte luzetan egin zuten sagardoa etxean bertan, “sagastirik ez genuenez, sagarrak erosi eta auzoko tolarean egiten genuen sagardoa. Orain utzita badugu ere, oso sagardozaleak izan gara etxean beti”. Bestalde, Ibarran zegoela, josten ikasi zuen Tolosan eta oraindik ere sarritan aritzen da lan horretan. “Oso gogoko dut konpostura egitea, baita gantxilloa egitea ere”. Paseatzea ez du oso gustuko Karmenek, “inoiz eguraldi onarekin mendi aldera buelta egitea gustatzen zait baina, etxe handi hauetan beti izaten da zer edo zer egin beharra eta gustura aritzen naiz”.
San Migel ermita
San Migel ermitaren parean bizi da Karmen eta gogoan ditu bertako hainbat ohitura, “orain San Antoniotan eta San Migeletan soilik izaten dira mezak. Lehen ezkontzak ere egiten ziren eta gu umeak ginela, nobenak ere bai: Bedeinka, bedeinka nazu gure arima. Bedeinka, bedeinka nazu Ama Birjina kantatzen genuen. Aldameneko etxeko amonak esaten zuen nobena”.
Ibarrara joan aurretik, Zizurkilgo eskolan hasi zen ikasten, “oraingo eskola berera joaten ginen gu ere: neskak alde batera eta mutilak bestera, elizan bezalaxe. Askoz ere hobea iruditzen zait denak batera, zergatik apartatu behar”. Eskolan ikasi zuen erdaraz, “etxean dena euskaraz egiten genuen, dotrina ere bai. Eskola, ordea, erdaraz izaten zen. Neskei maistrak erakusten zigun, mutilei maisuak. Ostegun arratsaldean hura poza izaten genuena, jai izaten zen-eta!”. Gustura joaten ziren eskolara baina, gaurko gazteak askoz ere gusturago sumatzen ditu, “orain dauzkaten aparatuekin ttik-ttak ttik-ttak, ederki moldatzen dira. Guk hamahiru urterekin bukatzen genuen eskola eta oraingo umeek hamar urterekin guk hamahirurekin baino gehiago dakite. Argitsuagoak daude”.
Lagunartea garrantzitsua
Urtean behin Erniora joaten ziren lagunartean, “horixe festa! Zizurkildik barrena Larraulera joan eta handik, behetik gora igotzen ginen Erniora”. Andramari festak ere oso maiteak ditu, “beti izan dira festa politak Zizurkilen. Orain jende gutxiago biltzen da: jendeak oporrak hartzen ditu-eta. Dantza sueltoan aritzen ginen gu; soinua zoriona da”.
Oraindik ere, igandero lagunartera biltzeko ohiturari eusten dio Karmenek, meza bukatu eta gero, “meza ondorenean zimiterioan egoten ginen lehen, hotzez askotan. Apaizak Pantxikanera joan eta salda hartzeko proposamena egin zigun behin eta, hasi baginen hasi, orain ez dugu joan gabe jairik uzten. Salda edo kafesnea, bakoitzak nahi duena eskatzen du eta gutako norbaiten urtebetetzea denean, fritoak ateratzen ditugu. Hogei bat lagun biltzen gara eta gustura aritzen gara kontu kontari. Ona da hori”.