Herritarren txokoa

San Martin merkatuko Milagros

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 24a, 01:00

Milagros Sorarrainek, Asteasun jaio arren Andoaingo Ubalategi baserrian eman ditu bere bizitzako urterik gehienak. Baserriko genero saltzailea da.

Milagros Sorarrain Irazusta Asteasuko Ibarguren baserrian jaio zen, 1937ko irailaren 18an. Laugarrena da zazpi senideetatik. Egia izango da berak dioen bezala “larre motzean hazitakoak” izan direla baserrian, bizitzaren gogortasunean hazitakoak, alegia. Izan ere, bizi dira, eta nola gainera, 70-80 urteren bueltan dabiltzan zazpi senideak. Denak bildu ziren lehengo astean, bazkari eder batean.
Zailtasunak markatutako haurtzaro eta gaztaroa ezagutu arren, festarekin ere gozatu izan du franko Milagrosek. “Asteasun ttunttuna izaten zen ia igandero, eta saltoka kale guztian zehar ibiltzen ginen; nahikoa festa egiteko”. Ez ziren, ez, geldirik egotekoak, eta jai egunetan Asteasun bertan ez bazen musikarik, urrutirago abiatzen ziren haren bila. “Oso ibiltari bixkorrak ginen eta Larrauldik gora, Iturriotzera edo Zelatunera musika hotsaren bila joaten ginen oinez”.
Ibarguren baserriak sagastiak zituen izugarri, eta etxekoak Donostiara Bretxako merkatura joaten ziren sagarra saltzera. “Saskiak errege-sagarrez eta berduraz bete, eta Villabonaraino astoa zamatuta joaten ginen. Trena hartu bertan eta Donostiara. Han gurdizainak egoten ziren zain, gure generoa merkatura eramateko. Makina bat ginen Donostiara joanda bizimodua hortatik ateratzen genuen baserritarrak”.
Baina baserrian senide asko izaki, ezin aurrera egin denek bertan. “Oso gazterik neskame gisa joan nintzen, Basagoitia abizeneko Tolosako familia aberats baten etxera. Lau bat urte egin nituen Tolosan, sukaldean ikasteko lain baizik ez. 1954ko apirilean Antonio Zalakain andoaindarrarekin ezkondu, eta Ubalategi baserria hartu nuen bizitokitzat. Gaur arte”.
Harrezkero, Milagrosen bizimodua Donostiako San Martin merkatuari lotuta doa estu-estuan. “Madrilgo zortzi eguneko ezkon bidaiatik itzuli eta berehala hasi nintzen San Martin merkatura joaten. Ubalategiko familiak han postua baitzeukan”.

SALTZAILERIK ESKARMENTATUENETAKOA
Hutsik egin gabe joan da urte hauetan saltoki horretara, “igandea eta astelehena ez gainerako egunetan. Goizeko 06:00etan jaikita hasten da nire eguneko lana. San Martin merkatuan arratsaldeko 14:00ak arte egoten naiz. Gero arratsaldea, hurrengo eguneko salgaiak prestatzen ematen dut”.
Ubalategi baserria, Buruntza mendiaren hego-mendebaldean dago, harrobiaren eta N1 errepidearen artean. Inguru horretan egundoko lur sailak izan ditu baserriak, eta benetan emankorra gertatu zaio familiari. “Gure baserriko generoa besterik ez dut eraman saltzera urtetan eta urtetan Donostiara: porrua, azenarioa, tomatea, azelga, tipula, letxua…”.
Orain lau urte, ordea, lurrari itsasitako bizimodu hori ia eten zuen gertaera beltza heldu zen Zalakain Sorarrain familiaren etxera. “Urumeako errepidea egin behar zela eta, lur sailik aberatsenak kendu zizkiguten. Ederki ikusi genuen zein erraz honda daitekeen zure betiko bizimodua huskeria baten truke edo desjabetzearen bidetik”.
Gaur egun, beraz, ezin etxeko produktuak saldu. “Lorea eramaten dugu batez ere Donostiara, negutegia jartzera animatu baikinen orain urte batzuk. Lurreko gainerako generoa, berriz, Bugatiko merkatutik hartzen dugu. Hemengo produktua hartzen saiatzen naiz, hori bai”.
Milagros San Martinen hasi zenetik honuntza, asko aldatu dira gauzak han. “Ezagutu ditut Gipuzkoa osotik makina bat baserritar joaten ziren garaiak. Metro bakarreko postuan igual lau baserritar jartzen gineneko garaiak. Gaur egun, hala ere, asko urritu da kopurua, eta Beterri aldetik Andoaingo Juanita Garagorri eta biok baino ez gara biltzen”.
Ez du entzun ere egin nahi erretiro hitza, nahiz 72 urte izan. “Gogoagatik balitz, Erniora igoko nintzateke oraintxe. Ezin ordea! bi  belaunetatik operatuta nago eta protesiak jarrita dauzkat. Bi semeek generoa prestatzen lagundu eta senarrak Donostiara eramaten nauen bitartean, lanean jarraitzeko asmoa dut. Halakoxekoa baita baserriaren izaera!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!