Herritarren txokoa

Enrike, Asteasuko organista

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 25a, 01:00

Asteasuko Goiko Ostatu etxean jaio zen Enrike, 1924 urtean. Afizio askotako gizona da eta oraindik ere eusten dio kuttunenari: organoa jotzeari.
 

Ostatuan jaiota, txikitatik mugimendu handia ezagutu du etxean Enrikek. “Gurasoek bazkariak eta afariak ematen zituzten etxearen goiko solairuan eta jende asko biltzen zen. Gerora, guk hartu genuen ostatuaren ardura. Azkenerako, salda eta mokaduak ematen genituen jendea elizatik ateratzen zenean”. Ostatuaren ondo-ondoan baserria zuten eta hango lanak ere egiten zituela esan du, “lan asko izaten zen baserrian eta lagundu egin behar izaten zen han ere”. Asteasuko herri eskolan ikasi zuen umetan, “urteak aurrera, hemengo maistrak beraiek adina banekiela esan zidan eta beste toki batera joan beharko nukeela. Hala, hamar bat urte nituela, Tolosako Frantsesetara joan nintzen ikastera”. Oso gustura joaten omen zen goizean goiz bizikleta hartuta, “arreba Tolosan bizi zen eta haren etxean geratzen nintzen bazkaltzen. Tolosan igarotzen nuen egun guztia”. Arratsaldean organoa jotzen ikasten zuen Mokoroa maisuarekin. “Gogoko nuen organoa baina, pilota ere bai: asko jokatzen nuen pilotan. Maisuak organoa edo pilota aukeratzeko esan zidan. Nik organoa aukeratu nuen baina, pilotan ere jarraitu nuen pixka bat”. Alpargata txuriekin jokatzen zuten pilotan, “Asteasun asko jokatzen genuen eta Tolosan ere bai”. Jaioterrian, besteak beste, Arkupetan ere aritzen ziren. Azken urteetan berreskuratu egin da ohitura hori Arkupeko txapelketaren bidez.

Dantza sueltoan abila
Asteasuko dantza taldeko partaide ere izan zen gaztetan, “herriko mutil koadrila alde batetik bestera ibiltzen ginen dantzan”. Sanpedrotan Dantza-Soka egiten zuten, bai Elizmendin eta baita udaletxearen aurrean ere. “Gure etxeko jangelan entseatzen genuen, Anbrosio Oñazpi txistularia etortzen zitzaigun erakustera”. Dantza-Soka bai baina, sueltoan aritzea gustatzen zitzaion batez ere Enrikeri, “ez nuke esan behar baina, ona izan naiz dantza sueltoan. Iturralde laguna eta biok dantza asko egiten genuen erromeriatan: Zizurkilen, Villabonan, San Estebanen, Iturriotzen, Aian…, edozein tokitan ibiltzen ginen”.

Kamioilari gaztetatik
Gazterik hasi zen Enrike kamioiarekin lanean, “18 urterako, batere karnetik gabe, neroni joaten nintzen kamioia hartuta Valentziara”. Hasieran garia garraiatzen zuen batez ere, “Iruñean kamioia gariz bete eta Valentziara eramaten nuen askotan”. Gerra ondorengo garai gogorrak ziren haiek, estraperlo garaiak, “bueltan arroza, olioa, ogia edo irina ekartzen nuen, hemen banatzeko. Beste erremediorik ez zegoen eta ausarta izan nintzen”. Urteak aurrera, Segurola kamioi enpresa sortu zuen eta jubilatu arte batera eta bestera ibili zen beti, geratu gabe. “Gaur egun seme-alabek jarraitzen dute kamioi enpresan lanean”. Bizikleta aurrena, motoa gero eta Asteasura kotxea ekartzen ere lehenengoetakoa izan zen. “Hogei bat urte nituela Dos Caballosa ekarri nuen eta batetik bestera ibiltzen ginen kotxe txikian”.

Elizako organista
18 urterekin Asteasuko elizan organoa jotzen hasi zen, “geroztik ez dut utzi. Oso gustuko dut eta oraindik ere jarraitzen dut langintza horretan. Kamioiarekin Madrilera edo Bartzelonara joaten nintzenean ere, iganderako etxera itzultzen nintzen elizan organoa jo ahal izateko”. Enrikeren aurretik Albino Iraola zen elizako organista, “artista zen organoarekin baina, lan asko izaten zuen eta ezin iritsi ibiltzen zen. On Hipolito Usabiaga apaizak bere ordez hasteko esan zidan”. Enrikek doinu ederrak jo izana du gogoan. Sarritan hiru ahotsetako mezak jotzen zituela aipatu du, “inguruko korurik onena genuen Asteasun eta herri askotako elizetara joaten ginen emanaldiak eskaintzera”. Asteasun ez ezik, Zizurkil Goiko eta Elbarrenako elizetan ere urtetan jo izan du organoa. Etxe alboan du eliza eta astean zehar ere, maiz joaten da organoa jotzera. “Etxean bi piano dauzkat. Gazteagotan, jangelako leihoa irekita, nik goian pianoa jo eta etxe azpiko plazatxoan neska eta mutil koadrilak dantzan aritzen ziren jaiero. Oso giro polita sortzen zen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!