Hamaika senideren artean gazteena da Bibi, “bederatzi anaia-arreba bizi gara, beste biak jaio berritan hil ziren”. Adunako eskola zaharrean ikasi zuen, “udaletxe azpian zegoen orduan eskola, neskek eta mutilek gela berean ikasten genuen: denak batera, denak berdin”. Bibi goiz hasi zen eskolan, “gure etxe ondo-ondoan zegoenez, umeak 6 urterekin hasten baziren, ni 5 urterako hasi nintzen. 14 urtera arte ibili nintzen eta, tartean, Sorabillan egin nuen urtebete”. Adunan Urnietako maisu bat izan zuten urte luzetan, “txoixo deitzen zioten mutil koskorrek eta maisua haserretu egiten zen. Mutikoak korrika alde egiten zuten eskolatik eta gure ukuilura sartzen ziren, ganbela aurrean gordetzera. Maisua sukaldera etortzen zitzaion gure amari, mutilak non ziren galdezka. Amak ez zituen ikusten eta konturatzerako, ihes egiten zuten mutikoek korrika”. Urnietako irakaslearen ondoren, egungo Irurako alkate Marimi Ugalde izan zuten maistra, eta gerora, baita Andoaingo Joxepa Asuncion Amas ere. Sorabillan Amparo eta Arantxa izan zituen irakasle, “Sorabillako eskolatik ateratakoan edo harako bidean, Benta baserrian sagardoa ematen zigun etxekoandreak”. Sorabillako eskolara joaten zen urte hartan, Bibik banatzen zituen karteroak emandako eskutitzak herritik kanpoko baserrietan.
Langintza ugari
Baserri lanetan eta etxeko lanetan aritu izan da gaztetandik, “ama gazterik geratu zen alargun eta, ahizpak ezkonduta, sei anaia eta morroiarekin geratu nintzen etxean. Etxeko lanetan laguntzen nuen. Sukaldean ama aritzen zen ni baino gehiago. Ni arropaz eta lisatzeaz arduratzen nintzen. Mendira, garotara, belarretara edo orbeletara ere joaten nintzen anaiei laguntzera”. Belarra zabaltzea izaten zen bere lana, “anaiak lanera joaterako, goizeko 06:30etan joaten ziren Erriberara belarra ebakitzera. Haiek ebakitako belarra eskuekin zabaltzera joaten nintzen ni gero”. Jostun lanetan gaztetan ikasi zuen eta oraindik ere ez dio josteari utzi, “ahizpa galtzak josten aritzen zen eta harekin ikasi nuen nik ere. Tolosako sastreri baterako josten genituen galtzak eta baita partikularrentzat ere. Oraindik ere josten ditut, baina gutxiago; neurrira egin baino gehiago, egindakoak erosten baititu jendeak orain”. Galtzak josteaz gain, brodatzen ere ikasi zuen Bibik, “gustura aritzen nintzen brodatzen. Adunako beste jostun batekin batera, Donostiako denda baterako brodatzen nuen: soinekoak, poltsikoak…”. Eskolan eskuz brodatzen ikasi zuen, bastidorearekin, “maistrak bazuen horretarako afizioa. Gantxilloa egiten ere erakutsi zigun baina ez nion brodatzeari bezala jarraipenik eman. Etxean makinaz brodatzen nuen batik bat, baina oraindik ere bastidore txiki bat badut gordeta”.
Sagardotegian ere bai
Bibi ez da geldirik egoteko pertsona izan, ez lehen eta ezta orain ere. Besteak beste, Adunako eskolako haurrak zaindu izan ditu haien denbora librean, “eskola zaharrean haurrekin jolasean aritzen nintzen eguarteetan ordu pare batez”. Udaletxea nahiz eskola berriak garbitzeaz urte luzetan arduratu da. “Udaletxe zaharreko behealdea garbitzen nuen, belauniko jarri eta eskuila latzarekin igurtziz. Geroago eskola berriak garbitzea egokitu zitzaidan hiru txandatan”. Pertsona helduak zaintzen hasi zen aurrerago eta oraindik ere jarraitzen du lan horretan, baita ilobak zaintzen ere. Zainketa lanez gain, laster zilarrezko ezteiak beteko ditu Bibik Zabala sagardotegian, “23 urte daramatzat sagardotegian lanean. Ni sukaldean aritzen naiz, bakailaoa frijitzen edo tortillak prestatzen. Sukaldean ez dugu kanpoko giroa gehiegi sumatzen, baina ederki pasatzen dugu guk ere. Giro politean aritzen gara sukaldeko lanetan”. Adunako eliza garbitze lanetan ere parte hartzen du. Beste hainbat emakumerekin batera, ostiral arratsetan eliza txukuntzera biltzen da. Egunero ez bada ere, oso sarritan joaten da Amasa-Villabonatik Adunara eta oinez egiten ditu batetik besterako ibilbideak gehienetan, “oinez joaten naiz Adunara eta askotan baita Andoainera ere”. Afizioen artean, brodatzea du gogokoen. “Niri ez zait oporretara kanpora joatea gustatzen. Gusturago ibiltzen naiz hemen inguruan”.