Gazte-gaztetan hasi zen ile-apaintzaile, “garai hartan oso gazterik hasten zen lanean eta halaxe hasi nintzen ni ere, 15 urte nituela. Kale Nagusian hasi nintzen, Ormazabal pelukerian. Juan Ormazabalek erakutsi zidan ofizioa”. Ormazabalenean hamar urte igaro eta gero, bere kabuz ireki zuen ile-apaindegia, “25 urterekin zabaldu nuen Felix ile-apaindegia, 1970ean. Geroztik urte ugari pasa da”. Ile-apaintzailearena gustuko lana du Felixek, “mutil kozkorrak ginenean, zer izatea gustatuko litzaizuke?, galdetzen ziguten eskolan. Nik ez dakit nolatan baina, arotza, pelukeroa edo taxista erantzuten nuen. Eta begira, horietako batekin geratu nintzen azkenean”. Ile-apaintzaile lanean hasi zenetik, milaka pertsonei moztuko zien ilea Felixek, “ez dut inoiz zerrendarik egin baina egin liteke, gutxi gorabehera arrimatuko nintzatekeela uste dut. Jubilatu baino lehen egin behar dut zerrenda hori”.
Aukera gutxiago gizonentzat
Ilea moztu ez ezik, tratamenduak ere egiten ditu, “ile erorketarena edo azaleko tratamenduak, norberak daukan arazoaren arabera”. Gizonekin egiten du lan bereziki, “emakumeei ilea moztu baino, tratamenduak egiten dizkiet gehiago. Gainera, egun dagoen aukerarekin gu ezin sartuko gara emakumeekin. Gizonezkoentzat askoz ere aukera gutxiago dago”. Jaietarako eta bereziki ezkontzetarako lan asko egitea egokitu zaio, “garai batean ezkongaia eta bere inguruko jendea ezkontzaren egun berean etortzen ziren eta lan txarra izaten zen. Lan handia. Gainera, ilea plantxatuta, orrazkera xelebreak egiten ziren orduan, artifizialak. Orain ezkongaiari aurretik mozten zaio ilea eta egunean bertan txukundu eta gomina pixka bat ematen zaio. Errazago egiten ditugu lanak orain”. Hasierako urte haietatik gaur egunera ile-apaintzailearen lana izugarri aldatu dela azaldu du, “mozteko modutik hasi eta garbitasunean bereziki. Erreminta eta produktuetan ere bai, denean. Gu hasi ginenean traka-traka deitzen diegun eskuzko makinekin hasi ginen. Orduan, buru-buelta guztia mozten genion gizonezkoari, gainetik pixka bat luzexeago utziz. Gero, ile luzeak etorri zirenean ia inor ez zen moztera etortzen eta ikastaroetan ideia berriak hartzen hasi ginen, aurrenetik ez baikenekien ile luzeak mozten”. Orain luzea nahiz motza, denetik egiten dutela aipatu du, “gauza arraro samarrak ere eskatzen dituzte tarteka”. Egitea tokatu zaion lanik bitxiena, buru guztia zuritu eta erdian berebiziko gandorra jartzea. “Oso ile mozketa deserosoak dira eta ez dute askok eskatzen”.
Bizargina ere bai
Beti emakumeari eman zaio itxura asko zaintzearen fama baina, gizona ere asko zaintzen da egun, “gero eta gehiago. Hala ere, emakumeek dute horretan parterik handiena eta haiek dira gehienetan gizona gidatzen dutenak. Gizonak konformistagoak gara, gehienok ez dugu gauza arrarorik nahi izaten”.
Ile-apaintzaileaz gain bizargina ere bada, “ezkondu behar duenak jeneralean bizarra ile-apaindegian kentzea nahi izaten du eta egiten dugu hori ere. Niri ez zait bereziki bizarra kentzea gustatzen. Ustez ondo ikasi nuen baina errespetua ematen du, aurpegia delikatua baita”.
Orduekin aitzindaria
Jendearekin egoten ohituta dago, “bezero ezagunekin hizketaldi politak izaten dira, herriko nahiz munduko kontuez aritzen gara. Lehen ordurik hartu gabe etortzen ziren bezeroak pelukerira eta etorri ahala esertzen ziren. Bost bat pertsona elkartzen zirenean, bakoitza bere kontuekin hasten zen eta herriko kontu guztiak jakiten nituen. Orain kontu gutxiago jakiten dut”. Felix aitzindaria izan zen ilea mozteko bezeroei orduak ematen, “lanean lasaiago aritzeko, orduak ematea erabaki nuen. Hasieran jende guztiak ez zuen ondo hartu. Medikua bezala hasi al haiz?, galdetzen zidaten batzuek. Orain, ordea, eskertu egiten dute puntuan hartzea”. Zain egon behar duenarentzat aldizkariak izaten ditu. “Kiroletako aldizkariak irakurtzen dituzte gehienek. Ile-apaindegikoak ere badauzkat baina inork gutxik begiratzen ditu horiek. Agian amaren bat etortzen denean haiek eskatzen dituzte pixka bat orientatzeko”. Aurten berriz ere ile luzeagoaren tendentzia datorrela jakinarazi du, “moda horiek hiriburuetatik iristen dira herrira, pixkanaka. Patilla luze eta finak iristea ere kosta egin zen baina, gazte gehienek hala mozten dituzte orain”.
2009/02/06