Herritarren txokoa

Baserriko lanei lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 25a, 01:00

1925eko abuztuan jaio ziren Pablo eta Maria, zortzi eguneko aldearekin. Pablo larrauldarra da Gorotzen baserrikoa; alkizarra Maria. 1955 urtean ezkondu ziren senarraren etxera.

Ezkondu aurretik eta ondoren, beti baserri giroan egin izan dute lan, “basoa, soroa eta ganadua, lehen ez zegoen beste irabazirik”. Etxe bakoitzean anai-arreba asko izaten zela aipatu dute eta denentzat lanik ez zegoenez, morroi edota moja edo fraile joaten zirela asko, “Ameriketara ere etxe gehienetatik joaten zen bat edo beste. Lehen gu joaten ginen bezala, orain beltzak etortzen dira hona”.  

Ikazkin eta banatzaile
Gaztetan, basoan ikatza egiten aritzen zen askotan Pablo, “Larrauldik Erniora bitarteko terrenoetan egiten genuen ikatza, Larraulmendin. Txondorra sutan jartzean, egunean bitan egur txikitua sartu behar izaten zitzaion. Tamainaren arabera, zortzi bat egun behar izaten zen ikatza jasotzeko. Egun eta gau zaindu behar izaten zen txondorra; beharko! Haizea lagun txarra zen txondorra piztutakoan”. Kearen eraginez, beltz-beltz eginda ibiltzen zirela adierazi du. Ikatza egin ez ezik, mendiko egur asko garraiatzen zuen Pablok bai Asteasuko igeltsotegira baita okindegira ere, “labeak erretzeko egur asko behar izaten zen orduan”.
Ezkondu aurretik, Maria ia egunero joaten zen Alkizatik Tolosara ikatza saltzera, “horiek ondo bizi ziren gure aldean Tolosara joanez”, esan du Pablok bromatsu. Mariak, “bai zera!, egunero 05:30etan jaiki, 06:00etan etxetik atera eta 08:00etan Tolosara ailegatzen nintzen. Eta hori astoa azkarra zelako... Alkizako goi bailaran bizi ginen eta bide luzea zegoen gure etxetik Tolosara”. Larunbateko azokan arrautzak, oilaskoak eta barazkiak saltzen bazituen ere, astean zehar ikatza eramaten zuen denda ezberdinetara, “pastelerietara eta plantxadorengana eramaten nuen ikatza batik bat. Ikatz asko behar izaten zuten eta zaku osoa ederki gastatzen zuten astebetean. Neguan, plantxadoratako batek, kafesne bero-beroa ematen zidan opil eta guzti ikatza eramaten nionean”.

Larruzko abarkak
Gazte garaian behiaren larruarekin egindako abarkak erabiltzen zituztela azaldu dute. “Etxean egindako abarkak janzten genituen. Gerra ondorenean agertu ziren aurreneko gomazko abarkak, kotxearen gurpilak moztuta egindakoak”, aipatu du Pablok, eta Mariak, “larruzko abarkak bigun-bigun egiten ziren eta deskuidatuz gero, irristatu eta ipurdiz gora erortzen zinen”, gehitu du. Larruzko abarkak oso hotzak zirela gogoratu dute biek, “uda eta neguan abarka berdinak erabiltzen genituen. Neguan artilez egindako galtzerdi ederrak izaten genituen; eskerrak haiei!”. Mariak, berriz jaioz gero, inori ez lizkiokeela abarkak janzteko emango esan du. Pablok, orduko sasoia izateagatik jantziko lituzkeela gaineratu du. Abarkak traputan bildu eta ximaurraren gainean uzten zituzten gauean. “Hurrengo goizean bigunduta egon zitezen”.

Hontza gauean
San Inazio egunean ezagutu ziren Pablo eta Maria, Villabonako jaietan. Villabonatik Asteasura autobusez itzuli eta Alkizara oinez lagundu zion Pablok. Komeria galantak izaten omen zituzten mutilek neska-laguntzen, “arta-soroetan barrena ibiltzen ginen askotan ilunpean. Gauez eguraldi txarrarekin eta hontza lotsagabeen artean ere hantxe ibiltzen ginen. Behin bastoia bota nuen hontza uxatzeko eta pago gainean geratu zitzaidan. Makila izan balitz hantxe utziko nuen baina, bastoia izan eta harrapatu egin nahi izan nuen”. 30 urterekin ezkondu ziren eta geroztik Gorotzen baserrian bizi dira. Herria zeharo aldatuta sumatzen dute, “ garai hartan ba al dakizu zenbat baserri zen hemen? Orain kale etxeak bai galantak. Osina, larra eta sasia nonahi. Lanik ez dagoela dio askok baina, hemendik Erniora bidean badago nahikoa. Dirurik ez, ordea”. Txikiak zirenean, orbela biltzen aritzen ziren dena txukun-txukun utzi arte. “Han ez zeukan saguak gordetzerik. Udazkenean perretxikoak ugari: onddoa nahiz gibel-urdina. Orain berriz non harrapatu ezin asmaturik”. Larraulgo basoetan pagadiak, haritzak eta gaztainondo ugari zegoela ere aipatu dute, “gaztainak, orain sagarra bezala, klase askotakoak ziren, bakoitza bere izenarekin: Andoain gaztaina, Txertaka… Bixkai gaztaina zen goxoena, ez zen ale handia baina, bizi-bizia zen”. Bi garai ezberdinetako bizimoduak, “hau marka xelebrea. Bizimodua horrelaxe doa, dena aldatuta”, Pabloren ustez.

2009/1/9

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!