Herritarren txokoa

Intzatik Zizurkilera etorritako Mikela

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 25a, 01:00

1936an Nafarroako Intza herrian jaio zen Mikela. Gaztetxotan Donostiara joan zen eta handik Zizurkilera ezkondu. Pasus jatetxean lan egin zuen, egun herriko estankoan laguntzen du.

Intzan baserriko lanetan hazi eta gero, gazterik joan zen Donostiara, “aurrena jatetxe bateko sukaldari-lagunzaile izan nintzen eta Boulevard-eko Cansas kafetegian lanean aritu nintzen gero. Donostian bizitu nintzen garai hartan”. 1961 urtean Zizurkilera ezkondu zen, “Donostian azaldu zitzaidan nobio zizurkildarra eta ezkondu ondoren, Zizurkilera etorri ginen bizitzera. Donostiatik Zizurkilera etorri nintzenean, izugarrizko tristura sartu zitzaidan aurrena. Gutxi argiztatzen zuten bonbilla pare bat besterik ez zegoen herrian. A ze negarrak egin nituen hasiera hartan… Intza ere txikia zen baina, gurasoak alboan izateak poza ematen zuen”. Mikela etorri zeneko Zizurkil eta oraingoa oso ezberdinak direla gogoratu du, “dena aldatu da. Orain plaza dagoen horretan soroa zegoen eta bide txar bat, ez oraingoa. Pasus eta Teodosio etxeak besterik ez zeuden eta egungo elizaren ondoan, medikuaren etxea. Eliza ni etorri eta laster eraiki zuten”.


Pasus jatetxean
Zizurkilera etorri zirenean, Pasus jatetxeko ardura hartu zuen senar-emazteak, “senarra eta biok Pasus jatetxearen gainean bizi ginen eta urteak egin genituen bertan lanean, gizona sukaldean eta ni jatetxean. Mugimendu handia izaten zen Pasusen, despedida eta ezkontza asko. Ahizpak etortzen ziren tarteka laguntzera eta neska gehiago ere bai”. Giro polita sortzen zela aipatu du, “garai hartako oroitzapen onak dauzkat gordeta. Orain baino giro sanoagoa sortzen zen, orduan ez baitzegoen pikardiarik. Orain ere badaude lehengoak bezalakoak eta gazteen artean ere, pertsona onak; baina, txarrak ere bai. Giro alaia izaten zen, bertsolariak eta akordeoi-joleak etortzen ziren askotan”.

Estankoan lanean
Senarra Teodosio-enea etxekoa zuen Mikelak, “Zizurkilgo etxerik zaharrena zen. Bertan zegoen herriko lehen taberna ere. Oso gazterik, Donostiako Maria Cristinan lanean hasi zen senarra eta sukaldeko arduradun jarri zutenean, markesa batzuek estankoa jartzeko baimena eman zioten. Oso markesa inportanteak izan behar zuten”.
Pasusen hainbat urte lanean aritu eta gero, Donostiara itzuli ziren berriro, “zazpi urtez bizitu ginen han eta berriro Zizurkilera etorri ginenean hasi nintzen estankoan lanean. 1945 urte inguruan zabaldu zen estankoa eta aurrena amaginarrebaren iloba egoten zen. Lehen ez zegoen orain bezalako martxarik: Ideales, Ducados eta beste markaren bat izaten zen. Orain, berriz, izugarrizko aukera; gero eta gehiago gainera”. Leku publikoetan erretzearen debekua jarri zenetik salmentan baino gehiago ohituretan nabari dela uste du Mikelak, “orain kanpora atera behar da erretzera, barruan ez erretzen ikasita dago jendea”. Tabako saltzailearena gustuko lana du baina bera ez da inoiz erretzailea izan, “ez nuen sekula erretzen ikasi; ez baserrian eta ezta Donostian egon nintzenean ere”. Alabari laguntzen dio goizetan dendan eta Teodosio-enea etxean bizi da. Paseatzea gogoko du, “urtean behin Benidorm-era joatea gustatzen zait eguzkia hartzera. Etorri berria naiz orain”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!