Goiburuko Merdillegi baserrian jaio zen 1916an. Euskal kultura maite zuen familian, hamaika senide sortu ziren. Ixabel ahizpa eta biak geratzen dira orain eta Andoaingo Zaharren egoitzan bizi dira.
Lau urterekin hasi zen ikasten, Etxeberrietako eskolan. “Etxean bakerik ematen ez eta behar baino lehenago bidali ninduten. Asindegiko Juliana Jauregi eta biok ginen gelako gazteenak, eta atze-atzean jarri gintuzten”. Bihurria izan, nonbait, eta ezin geldirik egon. “Ikasmahaiak pasa eta aurreraino, azpitik joaten ginen. Gure maistra oso ona zen, baina ezin gu errenditu, eta belarrondoko galantak ematen zizkigun; baita belauniko jarrarazi eta ni baina liburu handiagoak eskuan airean eduki arazi ere!”.
Bederatzi urterekin, Prudentxio anaia eta biak Notre Dame izeneko moja frantsesen eskolan hasi ziren. “Familiak ezin ordaindu gure eskola, apaiztu berri zen Patxi anaia zaharrenak tratua egin zuen mojekin: haiei meza ematearen truke, eskola debalde bi anai-arrebontzat!”. Frantsesa ikasi zuen pittin bat Benitak. “Hitz egin ez, baina egunkaria entenditzeko moduan izango nintzateke oraindik. Beti geratzen baita zerbait”.
Aurrerago, zori pixka bat izan zuela dio Benitak. “Asko lanean hamar urterekin hasten zen bezala, ni hamalaurekin hasi nintzen; Alhondigako hartan zegoen Miren ehundegian. Han lau urte eginda, ELAko kooperatiban dendari hasi nintzen”. Errepublika garaia zen, demokrazia ezarri berria. Subijanako enpresarena izana artean kooperatiben monopolioa Andoainen, eta ELArena mesedegarria gertatu zen langileriarentzat. 36ko Gerra heldu zen arte. “Frankistek jenero guztia lapurtu zuten, egoitza errekisatu eta gero. Banituen bi anaia euskaltzale eta abertzale gisa nabarmendu zirenak. Patxi poeta, eskerrak Txinara joana zen jesuita misiolariekin, garbituko zuten gainerakoan! Joxeinaxio bertsolaria, berriz, Itxarkundiako batailoiarekin joan eta Artxandan hil zuten 1937an”.
Gerra ostean, makina bat tokitan egin behar izan zuen lan neskame gisa. Donostiako San Antonio eritetxean azkenekoz. “Hura itxi zenean, Merdillegira itzuli nintzen. Urtetan Goiburu auzoko erizaina izan nintzen; Alejandro Gantzarain medikuak erakutsita, txertoak jartzea zen nire zeregina. Denbora asko kentzen zidan, ia gaixotasun guztiek behar baitzuten txertoa orduan!”.
Juanito Longarterekin ezkondu eta kalera jaitsi zen. “Zumea kalean, gure etxe azpian, janari-denda koxkorra jarri genuen. Senarra Telleriako enpresan aritzen zen, zorigaitzeko eguna heldu zen arte. Jubilatzeko puntuan zela, istripuz hil zen makina batek harrapatuta. Hura zen gizon ona!”.
Errua Juanitorena izan zela adierazi zioten Benitari. “Behar ez zuen tokitan ibiltzen omen zen. Beharko ibili, korrika aritu behar izaten zuen-eta agintzen ziotena beteko bazuen!”. Kalte-ordain lotsagarria eman zioten, ondorioz.
Oso mendizalea zen bikotea, eta Euskal Herriko goi-paraje gehienak ezagutu zituen, heriotza gertatu arte. Izaera ibiltari hori ez zaio atzendu Benitari oraindik, nahiz 92 urte izan. Zaharren egoitzan, gutxi ibiliko da Benita adina. “Goizero ateratzen naiz, ttipi-ttapa, Urnieta aldera. Arratsaldean, Zumea aldera jotzen dut”. Kalean dabilela, gogoko du hitz-aspertuak egitea jende ezagunarekin.
Bestelakoan, egoitzan dagoenean, garbitegian zeozertan laguntzen du egunero. Oso irakurzalea ere bada: “Berria edo Aiurri irakurtzen ditut gogoz, gaztelerazko beste edozer gauza baino gehiago”.