Soro arteko errota zelako, Sotorrota moduan ezagunagoa zen etxean jaio zen Bibiana: Beko Errotan. Etxean errota zuten, noski; “aita aritzen zen errotako lanean. Artoa eta garagarra, biak ehotzen zituen”. Bost urterekin Villabonako eskolara etortzen hasi zen Bibiana, ahizparekin batera. “Letxeroak karroekin eta zaldiekin ibiltzen ziren eta haiek eramaten gintuzten askotan. Beste batzuetan, Asteasuko isastitarrek gure etxe ondoan uzten zuten karro dotore batean jaisten ginen”. Zazpi urterekin, jaunartzea egin zuenean, Asteasuko eskolan hasi zen Elizmendin, “dotrina euskaraz ematen ziguten. Baina eskolan dena gazteleraz”. Matematikak oso gogoko zituen eta egun ere kalkuladora beharrik gabe, eragiketak buruz egiteko erraztasuna du. Geografia ere gogoko du, “oraindik badakizkit Europa guztiko kapitalen izenak. Gutxi fallatzen ditut”.
Jostuna, gaztetxotatik
Rufina ama jostuna zuen eta amak erakutsi zion josten Bibianari. Hamaika jantzi josi du ordudanik eta arropa josi ez ezik, josten irakasten ere urte luzetan aritu zen. “Neska asko etortzen zen gure etxera: inguruko herri guztietatik. Kortea ikasi nuenean, hamasei urterekin hasi nintzen erakusten”. Urte batean, hamasei neskako taldea izan zuen. “Bazkaria zianbreran hartuta etortzen ziren goizean. Gure amak berotu eta bertan bazkaltzen zuten. Aulki baxu-baxuetan jarrita, giro ederrean aritzen ginen josten”. Herriko festa bezperan bukatu ezinik aritzen ziren lanean. “Trajeak Aste Santurako izaten ziren. Soinekoak festetarako eta abrigoak, abenduaren 8rako, Amabirjinaren egunerako. Ezkongaien jantziak ere josten genituen: neska eta mutilentzat”. Bibianaren amak metrorik ez zen garaian ikasi zuen josten. “Paperezko zintan metroa prestatu eta harekin moldatzen zen. Bestela, eskuarekin neurtzen zituen zentimetroak”. Bibiana hasi zenean, bazen metroa baina gabe ere ondo konpontzen zen: “kana, esaterako, eskutik hasi eta bular parerainoko neurria zen: 84 cm.”.
Lasarteko zalditegira
Garai hartan figurin gutxi izaten zela aipatu du Bibianak eta amak, autobusa hartuta, Lasarteko zaldi karreretara eramaten zituela ahizpa eta biak. “Jende dotorea etortzen zen zaldiak ikustera eta gu jantziak ikustera joaten ginen”. Ikusitakoa buruan gordetzen zuten. “Gure amak, patroirik egin gabe, zuzenean mozten zuen oihalean. Nik ere denborarekin, zuzenean ebakitzen ikasi nuen”. Gerra garaian, oihalak ahituta egon ziren denboraldian, kortina telarekin egin zituen Bibianak ezkongaientzako soinekoak. “Dirurik ez zen eta guri ere etxeko kortinekin egin zigun amak jaunartzeko soinekoa”. Herriko umeren bat hiltzen zenean, Bibianak arropa txikiren bat egin eta hildakoa janzten zuen askotan. Josi ez ezik, erizain lanak ere egiten zituen tarteka, indizioak emanez.
Pello Errotaren blusak
Beko Errotatik gertu, Goiko Errotan jaio zen Pello Errota bertsolaria eta Bibianaren amak josten zizkion bertsotarako blusa eta txalekoak, “gure ama Konporta baserrian jaiotakoa zen, Goiko Errotaren ondoan zegoen baserria. Amak blusak gauez josten zizkionean, loak ez hartzeko, bertsoak abesten zizkion Pello Errotak”. Gau eta egun lanean aritzea askotan egokitu zitzaion Bibianari ere. Atseden hartzeko tartea gutxitan izaten zuen. “Festa garaian, erromeriatan ibiltzen ginen, baina Ave Mariatarako etxera joan behar izaten genuen. Udan alpargata txuriak janzten genituen eta neguan, ateri zenean, gorriak”. Jostunen egunean festa egiten zuten, “meza ateratzen nuen Asteasuko elizan eta oinez joaten ginen elizara taldean. Gure etxean hamaiketakoa izaten zen gero: ardo-goxoa eta gailetak. Handik Arantzabira edo Laskibarrera bazkaltzera”. Jaietan ttun-ttuna izaten zen, “Asteasun ere bazen ttun-ttuneroa eta kontsejupean ibiltzen ginen dantzan. Sueltoan bakarrik egiten genuen dantza. Behin, orain koinata dudan Jesusekin dantza egin nuelako kongregaziotik bota ninduten. Urtebeterako kastigua jarri ziguten. Bizikleta pasatzeko adinako tartearekin ari ginen dantzan”.