Herritarren txokoa

Torre baserriko Mateo

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 25a, 01:00

1932 urtean Adunako Torre baserrian jaio zen Mateo. Bertan bizi da egun ere. Baserrian, mendi lanetan nahiz enterradore moduan, lan asko eginikoa da.

Torre baserrian jaio eta bertan egin du lan Mateok gaztetxotatik. “Neguan lan gutxi izaten zenean, diru pixka bat ateratzeko herri lanetan aritzen nintzen. Pinuak sartzen lana ugari izaten zen eta hamalau urterekin hasi nintzen. Udan etxean egiten nuen lan eta negu partean, Amasako mintegira joaten nintzen anaiarekin batera”. Umetan Adunako eskolan ikasi zuen. Zizurkilgo gau eskolara ere joan zen. “Anaiak kanpora joan ziren ikastera baina ni, etxean geratu nintzen lanean. Behiak izaten genituen eta aurrena behintzat, Txokolori, Villabonako letxeroari ematen genion esnea”.


Herri sailetan
Urte luzez herriko sailetan aritu zen lanean, “herri sail handiak ditu Adunak eta lurrak garbitu, atxurrarekin zulatu eta pinuak aldatzen aritu nintzen gaztetan; baita duela berrogei bat urte ere. Mutil gehiago aritzen ziren taldean eta guardak enkargatu moduan jarri ninduen. Ni normal-normal lanean aritzen nintzen baino, erreparatu egin behar nuen besteen lana ere”. Ondo gogoan du Adunako mendiak nola erre ziren, “inguruko mendi guztiak erre ziren duela hogei urte. Mendi haiek guztiak guk zulatu, aldatu eta garbitutakoak ziren. Landatutako pinu guztiak erre ziren, denak. Geroztikako pinu landaketetan ez nintzen ni aritu”. Oinez joaten ziren mendira lanera. Dudarik gabe, inguruko mendi sailak ederki ezagutzen ditu Mateok. Mendi lanetan ez ezik, eskabadora baten laguntzaz, Adunako mendi sail handietan bideak zabaltzen ere lagundu zuen, “Adunamendin pistak nondik nora ebaki erakusten ibili nintzen”.

Adunako enterradore
Enterradore lanetan 1975 urtean hasi zen. “Betidanik nire osaba Mateo Zabala ezagutu nuen herriko enterradore. Hura zahartu zenean, haren seme Joxe Marik jarraitu zuen langintzarekin”. Mateori berari egokitu zitzaion gero enterradore ardura hartzea. “Lasarten bazen Lasarte-Michelin trainerua. Hiru mutil ibiltzen ziren traineru hartan. Ostegun batean Oriora entrenatzera joan eta traineruak buelta emanda, azpian harrapatu zituen. Uraren zurrunbiloan ito ziren bi mutil. Eugenio Zabala Adunako lehengusua bat, Oriokoa zen bestea”. Istripuan hil zen Eugenioren anaia zen orduan enterradore eta lan hura egin ezin zuenez, Mateori eskatu zion zuloa egiteko. “Ni orduan ez nintzen ausartzen kanposantuan zuloa bakarrik egiten eta beste lagun bat bilatu nuen. Pare bat urtez aritu ginen batera, eta gerora, bakarrik hasi nintzen”. Hamabost bat urtean bakarka aritu eta gero, azken hamar urtetan ilobak lagundu zion. Duela bost bat urtez geroztik, enpresa baten gain dago orain lan hori. Enterradorearena, ohitu arte lan gogorra dela dio Mateok, “gero jarri egiten zara, gauza guztietara bezala”. Aipatu duenez, urtean bizpahiru lagun hiltzen zen Adunan, “inor hil ez zen urterik ere ezagutu nuen, oso pozgarria izaten zen hori”.

Ehiza, afizio nagusi
Baratzea gustuko du eta “pixka bat bada ere”, lanean jarraitzen du oraindik. “Lehen etxe ondoan genuen baratzea. Orain inguruan etxe berriak egin dituztenez, beheraxeago”. Behiak eta ardiak ere baditu, “terrenoak txukun mantentzeko adina”. Mendia gustuko du eta afizio handienen artean ehiza aipatu du. “Basurdetara pare bat aldiz joan nintzen Nafarroara, baina nik ez nuen basurdea etorri-ez etorri, zain egoteko balio. Mendian oinez ibiltzea gustatzen zait eta nahiago nuen hegaztiak ehizatzera joan. Nafarroara askotan joaten ginen eperretara. Hemen bertan ibiltzen ginen bestela”. Gaztetan erromerietara joaten ziren, “Villabonan, Asteasun, Andoainen…, zirkuitu horretan ibiltzen ginen; festak non ziren, hantxe. Soldadutzatik etorri nintzenean, motoa erosi nuen. Aurretik, oinez ibiltzen ginen batetik bestera”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!