Amasa-Villabonan nahiz inguruko herrietan oso ezaguna da, bai gazteen nahiz helduen artean ere. Buruan bisera jantzita ibiltzen da beti, “asko dauzkat. Orain jantzita daukadana Txomin lagunak oparitu zidan. Nik ere uzten dizkiet nireak”. Jorge ez da Amasa-Villabonara etorri izanaz batere damutzen. “Donostian bezala, hemen ez dira txalupak ikusten: kamioiak besterik ez. Hala ere, ondo komunikatuta dago eta bertako jendea atsegina da. Ni oso gustura bizi naiz hemen”. Duela 11 urte aurre-jubilatu zen eta lanaren menpe egon gabe, lasaitasunean bizitzea gauza ederra dela dio, “harritu egiten nau jubilatu eta bi hilabetera jendea aspertu egiten dela ikusteak”.
Lehen eta orain
Donostiatik etorri eta hiru urtera hasi zen Arratzaingo futbol taldea sortzeko lanetan, beste hamabi lagunekin batera. Jubilatu eta gero ere, langintza horretan jarraitzen du Jorgek. “Sekula ez naiz entrenatzaile izan. Gainerako koordinazio lanak burutu izan ditut nik. Arratzaingo futbol zelaia altxor txiki bat da, baina aukeran, zabaleran txikiegia. Halaxe egin zuten eta halaxe geratu da”. 1982ko uztailaren 31n jokatu zen lehen partida, “jokalari gehienak villabonatarrak ziren baina, Eibarko eta Sanseko jokalariak ere izan ziren tartean”. 1986 urte inguruan Donostiako hondartzako txapelketan parte hartzen hasi ziren Arratzaingo taldeak. Gazte jendez inguratuta izaten da gehienetan Jorge eta noiz edo noiz haserrealdiren bat izaten badu ere, ondo moldatzen da haiekin, “gazte asko pasa da urte hauetan guztietan hemendik! Pentsa, iazko denboraldian soilik, 89 futbolari”. Infantilak, jubenilak, kadeteak eta alebinak, lau maila izan zituzten iaz. Horietatik jubenilek eta kadeteek Ohorezko ligara pasatzea lortu dute. “Joan zen ekainaren 28an, Gipuzkoako Federazioak bi oroigarri eskaini zizkigun bazkariaren aurretik. Akats gutxien egin dituztelako saritzea, liga bera irabaztea baino pozgarriagoa da”.
Arratzaingo zelaia
Arratzaingo futbol zelaia txukun-txukun edukitzen du Jorgek, belarra ondo moztuta eta ingurua zainduta. Ogi zaharrez betetako bi zaku handi ditu aldageletako sarreran. Ez dauzka botatzeko, ezta gutxiago ere, “zelaian belar-hazia zabaltzen dudanean, ogi zaharra jartzen dut kanpoaldean. Modu horretan, haziak bakean utzita, ogia jaten dute txoriek eta, ongi hazten da belarra. Behin belarra ateratakoan, ez diet ogi gehiagorik jartzen, hurrengo landaketa arte”. Denboraldiko futbol partidetarako, badu astero bere gain hartzen duen ardura: “ostiraletan, igandeko partidetarako salda prestatzen dut Arratzaingo sukaldean. Hara hemen eltzea”. Zelaiari lotutako lanez gain, jokalari guztien fitxak eskuz betetzen ditu txukun-txukun, “egitekotan, gogo onez egin behar dela uste dut”. Fitxak bete ez ezik, artxibatzea ere bere lana da eta baita Federazioko kideekin harremanetan jartzea ere. Jorgek egunero Santio bidea egiten duela azaldu du, “oso eguraldi txarrik egiten ez badu behintzat, egunero, goiz eta arratsaldez oinez igotzen naiz Arratzainera”.
Txirrindularitza gustuko
Kirolak gogoko ditu. Txirrindularitza futbola baino gehiago gustatzen zaiola adierazi du, “gaztetan ez nuen bizikletarik izan eta tarteka alokatu egiten genuen. Frantziako Tour-a Pau-era iristen zenean, alokatutako bizikletan joaten ginen Donostiatik. Astun-astunak ziren: 25 kilo pisatuko zuten gutxienez. Gainera ez zen gaur bezalako arropa egokirik. Erre-erre eginda itzultzen ginen”.
Arrantza egitea gustatzen zaio, “orain utzita badaukat ere, itsasoko arrantza gogoko dut. Errekakoa ez”. Margotzen ere iaioa da, Arratzaingo paretan berak egindako irudia dago, “orain gutxi margotzen dut baina, garai batean asko aritzen nintzen. Besteak beste, Errealaren futbol partidak animatzera joateko pankartak egiten nituen”. Duela urte gutxi arte izan da Errealeko bazkide. Oraingo taldea ahula dela uste du eta zaletuen indarra goraipatu du.