Goineta baserrira etorri zenean, gutizia bat zuen Maria Jesusek: perratokia jarri nahi zuen, “arotzarekin batera nik egina da perratokia. 36 urte ditu. Lehen hemen ez zen horrelakorik. Oso gustukoa dut eta hementxe geratuko da ni hiltzen naizenean ere”. Perratokia etxean jarri aurretik, Asteasura joaten ziren Goineta Goena baserrikoak behiekin, “behiak ez ziren hara jaisteko modukoak izaten beti eta senarrari perratokia etxean jartzea proposatu nion. Horrelaxe erabaki genuen. Urteren batean Asteasuko idi parea ekarri izan zuten, baina bestela, beti etxeko behiekin erabili izan dugu”. Goineta Goena baserrian 27 behi eta biga izatera iritsi ziren garai batean, “orain lau buru ditugu. Nahikoa. Lan handia ematen dute”. Behien hankak txukuntzeko eta herrena zutenean sendatzeko baliatzen zuten perratokia. “Behia ondo lotu eta gero, lasai-lasai hartzeko lana da perratzailearena. Harri urdina erabiltzen genuen asko, hanka-tarteak ondo garbitu ahal izateko”. Behiak ukuiluan izaten zituzten eta perratokira ekartzera sarritan behartzen zirela aipatu du Maria Jesusek, “pertsonak bezala, hankaren arabera behiak ere: batzuk maiz samar eta besteak behin ere igual ez”.
Perratoki gutxi
Txiki-txikitatik ezagutu zuen Maria Jesusek perratzaile lana, “jaiotetxean hemen baino lehenago izan genuen perratokia. Gure aita-zenak jarri zuen eta, aita eta osaba zirenak jarduten ziren lanean. Haiei begira ikasi nuen nik. Besterik ez genuen ikusi eta horixe ikasi nuen”. Orain baserri gutxitan geratzen dira perratokiak, “Larraulen, nik dakidala, beste bi baserritan daude: Beobiden, hemen bezala, egurrezkoa daukate. Ederra. Ondo egina. Niri asko gustatzen zait. Agerrezarren, berriz, burdinezkoa. Dotorea. Larrolako garai batekoa usteldu egin zen eta bota egin zuten. Orain finkoa daukate”. Egun perratzailerik apenas dagoela aipatu du, “garai batean asko ziren. Asteasun bertan bi: bat Olaerrea Goikoan eta bestea Tomas, etxez etxe ibiltzen ziren. Orain, berriz, batere ez. Ia denak bukatu dira. Larraulgo baserrietara Lasartetik etortzen da, perratokia autoaren atzealdean hartuta”.
Baserriaren etorkizuna
Baserriko ohiturak asko aldatu direla uste du Maria Jesusek, “gure garaitik ikaragarri, itxuragabeki aldatu da dena. Orduan idiekin ibiltzen ginen hara eta hona, orain dena makinekin egiten da. Gaur ez dago, orduan bezala, segarekin belarra ebaki eta traktorea kargatzerik. Aurrerakuntza eta komodotasuna bai baina, gastua ikaragarria eta etorkizunik ez. Baserri-baserritik bizitzeko aukerarik ez dago”. Baserria, bizileku ederra dela uste du baina, baserrian bizitzeko, kanpoan egin behar dela lan, bertan asteburua soilik pasaz. “Horri bizitzea esaten zaio eta ez bertatik bizitzeari. Hemen ez dago atsedenik, beti ukuiluari lotuta. Inora joan eta berriz ere etorri egin behar”.
Aspertzeko betarik gabe
Baratzea dute baserri inguruan, baita fruta-arbola batzuk ere. Animaliak lehen baino gutxiago baina, denetarik pixka bat: oiloak, behiak, zaldiak, ardiak, txakurrak, katuak… Baserriaren atarian, garai bateko hainbat lantresna dute apaingarri modura eta baita lixoa jotzeko aska ere. Hala ere, perratokia da begia gehien jotzen duena. “Zenbat argazki atera izan ote dituzte udatiarrek perratokiaren ondoan! Baimena eskatzen didate eta nik utzi egiten diet. Zer esango diet ba!”. Natura atsegin du Maria Jesusek, “beti kanpoan ibili izan gara eta”. Larraulgo Kultur Astean taloak egiten parte hartzen du, giro ederrean, gustura biltzen da lagunartera. Ez du aspertzeko denborarik izaten, “baserrian beti izaten da egitekoren bat. Lanerako gogoa izanez gero, aurkituko duzu zeregina!”.