1947 urtean Errenterian jaio zen. “Zizurkildik Errenterira ezkondu baitzen gure ama”. Bi urte zituela Iragorri baserrira itzuli ziren eta bertan bizitu zen urte luzetan. Gerora, Plazaetxeberrira ezkondu zen. Hantxe bizi da geroztik. Duela hamaika urte zabaldu zuten Plazaetxeberrin jatetxea. Aurrena Juana Marik berak hartu zuen hango ardura. “Orain alabek daramate bertako martxa. Nik lagundu egiten diet barran eta garbiketan”.
Eskaintzen dituzten plateren artean, hostopila edo hojaldrea eta gazta tarta gomendatuko lituzke. “Esaterako, gazta tartaren errezeta askok eskatu izan digute baina, sekretu txikiak eduki behar dira”. Juana Marik gustuko du tabernako mostradorea, “herriko jendearekin barre pixka bat egiteko aukera eskaintzen du. Une politak pasatzen dira. Orain triste xamar gaude udaletxeak hartu dituen erabakiengandik”.
Jatetxean ez ezik, udaletxean ere lan egiten du. “Urte askoan San Millango eskola eta udaletxea garbitzen ditut. 1981 urtean hasi nintzen lanean, orduan segururik gabe. Orain jubilatu egin nahiko nuke eta segururik gabe igarotako urte haiek errekonozitzea gustatuko litzaidake”, azaldu du zizurkildarrak.
Baserriari lotuta
Udaletxean lanean hasi aurretik baserrian egiten zuen lan, “baserritarra sentitu naiz beti. Beti aritu izan naiz baserrian lanean, gustura gainera! Garbiketan lanean hasi nintzenean, udaletxean ere bizitu nintzen. Baina aukera nuen guztietan baserrira itzultzen nintzen”. Gogoko lana du baserrikoa, “ittulian ibiltzea gustuko izan dut beti: idien aurrean jarri eta haiek gidatzen”. Goldetzea eta area pasatzea ere bai, “garai hartan garia, artoa, alpaka…, denetik egiten zen”. Denetarik izaten zuten baratzean eta animaliak ere asko, “baserritik bizi ginen, handik ateratzen genuenarekin”. Mendira askotan joaten zen, garotara. “Garoa moztu, bildu eta metak ere egiten nituen. Mutilak bezala aritzen nintzen lanean. Txiki-txikitatik lanean hasita, gizonezkoaren pare egin dezake lan emakumeak. Ni edozer gauza egiteko prest nengoen beti. Eta lan eginda, indarra ere gehiago izaten da”. Aspertzeko denbora gutxi izan duela azaldu du, “hiru anai-arreba gara eta hiruok egin dugu lan asko. Asko, asko. Lan egitearen poderioz, eskuartean diru pixka bat izaten da baina, lan eginda. Egin gabe, batere ez. Inork ez du ezer oparitzen”.
Eskulangintza
Baserriko lanez gain, ezkondu bitartean josten ere ikasi zuen, “Zizurkil Goiko Lartin Txiki baserrian ikasi nuen. Oraindik bizi da guri josten erakutsi ziguna”. Etxerako arropa guztia egiten zuen Juana Marik. “Etxerako dena nik josten nuen. Amak nik jositako soinekoak nahi izaten zituen, ez kanpokoak”. Eskulanak gogoko ditu. “Pintura ikastaro bat egin nuen behin baina, orain ez dut batere marrazten. Egurra zaharberritzen ere ikasi nuen eta nonbait pipia ikusten dudanean, kendu egiten dut”. Izan ere, Plazaetxeberrik goitik beheraino egurrezko egitura du.
Otañoren senitartekoa
Pedro Mari Otaño bertsolari ezagunaren senitartekoa da, “Pedro Mari, Otaño Barriola zen abizenez eta gu Arruti Barriola gara. Gure aitona Juan Migelen lehengusu propioa zen. Amaren aldeko familiatik, senide gertukoenak gara gu”. Otañoren ama Iragorri baserrikoa zen, “Zizurkilen bertan fusilatu egin zuten. Gertaera hura, ordea, ez zen inongo liburutan jaso. Zergatia? Otaño oso erlijiosoa zen eta lehen galarazita zegoen gauza horiek aipatzea ere. Gure amak esaten zuenez, Plazaetxeberriko eskaileretan gora eta behera askotan ibiltzen zen Pedro Mari”.