Donostiako Egia auzoan jaio zen Jose; 1949an Maria Barrenetxea itsasuarrarekin ezkondu ondoren, Andoainen jarri zen bizitzen bikotea, Kale Berrian. Gerra aurreko urteetan apenas sartu zen politikan, “kamioarekin lana besterik ez bainuen egiten, orain Madrilera, orain Nafarroara…”. Frankistak altxatu zirenean, baina, bizkor-bizkor joan ziren bere anaia Pedro eta biak bolondres gisa Azpeitiko Loiolara, Euskal Gudarostea osatzen ari zela eta. Fusila nola erabili, beste instrukziorik ezin izan zuen jaso. Berehala, lau zilindroko Ford auto baten giltzak eman, eta buruzagi militarren agindutara jarri zuten. Orduan hasi zen ibiltzen orpoz orpo Saseta komandantearekin; hondarribitarra, karrera militarrekoa eta nortasun handikoa zen, eta hargatik izendatu zuten Gudarosteko buruzagi nagusi. “Lino Lazkano, Juan Beistegi, Kandido Saseta eta beste ofizialak batera eta bestera eramatea zen nire eginkizuna. Molaren ejertzitoak Gipuzkoa hartu zuen arte, Sasetarekin Bidania, Zarateko Bentan eta inguru horietan izandako borrokaldietan ibili nintzen. Autoa aparkatu eta frontera fusilarekin!”. Saseta gizon jator eta jakintsua izateaz gain, giza taldeak borrokara edo behar zen tokira eramateko grazia zuela aitortu du Josek. Beizamako guruzbidean, Santutxo taberna inguruan gertatutako pasadizua dauka gogoan, atzo bizitu izan balu bezala. “Militarren kontuetan ezjakinak izan gu, faxisten aurka tiroka genbiltzala izutu eta jartzen ginen makur-makur tiro baten hotsa aditu orduko. Hala esan zigun orduan Sasetak: “horiek ez zeukatek beldurrik. Txistu egiten ez dutenak dituk txarrak”.
Asturiasen Sasetarekin
Euskal frontea Bizkaia eta Gipuzkoako mugetan egonkortu zenean, Eusko Jaurlaritzak aginduta Saseta Asturiasera abiatu zen 1937ko otsailean, Amaiur, Prieto eta Euzko Indarra batailoiekin batera; Ipar Frontea paraje haietan ere defendatu behar baitzen. Josek berak eraman zuen hara Saseta. “Bataila handia gertatu zen Arecesen. Frankistek arma asko zeuzkaten eta igual ehun gudari hil ziren, Saseta tartean. Eskapada ederra izan zen gurea”. Lagunen gorpuak nolabait eta nonbait lurperatu, eta Bizkaiko frontera itzuli ziren gainerakoak. Bonbardaketa eta hilketa ugariren lekuko izan zen hurrengo hilabeteetan. Baita heriotza gertu-gertutik eduki ere! Gernikako bonbardaketan, adibidez: “Apirilaren 26koan Gernikako Errenteria auzoan egokitu nintzen. Erreka batean babestu nintzen, baina zer da eta zubi bat egon ondo-ondoan! Hura ikusi orduko, etengabe saiatu ziren txikitzen. Bonbak jaurti eta jaurti, ez gu ez zubia ez zuten ukitu, hala ere!”.
Euskal Ejertzitoa menderatua izan zenean, Jose Santoñan atzeman zuten. Italiako ejertzitoko koronel batek bere gidaritzat hartu zuen orduan. “Langile Batailoetara destinatu eta Amilcare Farina izeneko koronelarekin aritu behar izan nuen gerra bukatu arte. Espainiako fronte guztietan ibili ginen. Ondo jokatu zuen nirekin, egia esateko. Frankistek presoak zein gaizki tratatzen zituzten ikusten zuenean, zera esaten zidan: No hay que vencer, hay que convencer”.
Adintsu izateko sekretua
Gerra bukatuta, tifusak ohean egotera behartu zuen ia urtebetez. 1940ean Donostiara itzuli zenean, lanik bilatzen ez. “Francoren aldeko excombatiente-ek zeukaten lehentasuna lanpostuetan, eta gu fuera! Halako batean, behintzat, ezagun baten bidez lortu nuen kamioi batekin lanean hastea berriro. Ahal zen tokietan ibili nintzen harrezkero, arraina, irina eta behar zena garraiatzen eta 100 kiloko zakuak bizkarreratzen zama lanetan”.
Zortzi urteko ezkongai-aldiaren ostean ezkondu ziren Jose eta Maria 1949an, Itxasoko elizan; harrezkero dute bizileku Andoain. 95 urte eduki arren, ez du galdu egunero-egunero kalera irten eta ibilaldi luzea egiteko ohitura. Osasunez, buruz eta umorez horren bizkor egoteko sekreturik ba ote den galdetuta, “ura, bi eta erdi hiru litro edaten dut egunero, eta gainera, gaztetan gosea pasatutakoa naiz!”, erantzun du irribarrea ezpainetan duela.