Asteasuko eskolan ikasi zuen, “goian pixka bat eta behean beste pixka bat. Baina denbora gutxian ibili ginen eskolan. 14 urterekin Sacemen lanean hasi ginen anaiok. 19 urtetatik aurrera, Emua lantegian aritu ginen”. 29 urte zituela, ardo banatzaile lanetan hasi zen Joxe Migel, “hasiera batean granelean ekartzen genuen ardoa eta etxean bertan botilatzen genuen. Azken 15 urteetan, botilan sartuta ekartzen genuen eta jatetxe, taberna nahiz etxeetan banatzea izan da nire lana. Eskualdean eta inguruko herrietan egiten nuen banaketa”. Ardo banatzaile lanetan hasteko ideia nondik etorri zitzaion galdetuta, “lehen Andoaingo Otaño ibiltzen zen asko. Osaba bat ere aritzen zen eta hari laguntzen hasi nintzen ni”, erantzun du. Ardoaz gain, txakolina ere banatzen zuen Joxe Migelek. “Oro har, ardo beltza edaten da gehien, dudarik gabe. Txakolina gero. Lehen ez zuen txakolinik inork erosten, baina orain, ondo saltzen da; oso erraz edaten baita”.
Hirurogeita bost urte beteta, joan zen urtarrilean jubilatu egin zen, “mendian ibiltzeko nahiz baratzeko lanetarako denbora gehiago dut orain”. Ardo banaketarena esperientzia ona izan dela adierazi du, “hortik bizitu gara. Baina beste tokietan bezala, lana gogotik egin behar. Lan txukuna da nahiz eta, karga pixka bat ibili behar den”. Irazu jubilatu eta gero, Jexux Mari Maiozek hartu du negozioa. “Ardoa eta txakolinaz gain, sagardoa ere banatuko du”.
Korrikalari trebea
Euren kabuz hasi ziren korrika anaiak. “hamasei urte nituela inguruko krosetan parte hartzen hasi nintzen. Egunkarian, Oñatin Gipuzkoako txapelketa zegoela ikusi, parte hartu eta irabazi egin nuen. Hemezortzi urte betetzera nindoala, Juniorretan korrika egin behar nuela esan zidaten eta federatu egin nintzen”. Gazterik, Madrilgo Elola trofeoa lasterketara eraman zuten. “Korrikalari asko atera ginen. Nik bosgarren egin nuen. Hamabost egunera, Madrilgo Espainiako txapelketan hartu nuen parte. Orduan ez zegoen zapatilarik, plaierekin ateratzen ginen. Gero bai, gero zapatilarik onenak erosten nituen”. Hamazazpi urtetik hogeita hamazazpi urtera arte izan zen korrikalari. Guztira, hamabi bat urte egin zituen profesionaletan.
Hogeita hamasei urte zituela, Behobia-Donostia froga entzutetsua irabazi zuen, “1979 urteko azaroaren 11n izan zen. 1:03:55eko denbora egin nuen. Izugarria izan zen. Aurretik, lehengo zaharren artean, Txikito de Aiak irabazi zuen behin proba, 1:13:30 behar izan zituen. Haiek Kursaaleko zubian bukatzen zuten. Guk udaletxe aurrean, kilometro erdi bat aurrerago. Ez nuen froga irabaziko nuenik uste, nahiz eta ondo prestatuta egon. Orain atzetik izaten den bezala, orduan Behobiaren aurretik izaten zen maratoia. Hobea da, maratoia eta gero, erraz egiten baitira 20 kilometro”. Korrika egitea oso gogorra dela azaldu du Irazuk, “egunero ibili behar da, egunero. Hasieran nire kabuz entrenatzen nuen, gero Inazio Altunarekin hasi nintzen eta azken urteetan, Donostiara joaten nintzen Gabriel Gonzalezengana”. Parisen ere denboraldi bat igaro zuen, apustu baterako prestatzen.
Munduko txapelketan
Soldadutza oso arina egokitu zitzaiola aipatu du, “soldadu nengoela Donostiako, Burgosko nahiz Bartzelonako krosak, denak irabazi nituen. Bigarren aldiz Espainiako txapelketan parte hartu eta bigarren egin nuen Madrilen. Handik Luxenburgora eraman ninduten Munduko txapelketara. Hara joan aurretik, Madrilgo hotel batean 22 egun egin genituen kontzentratuta. Hoteleko gastuez gain, 350 pezeta ordaintzen zidaten eguneko”. Espainian ziren kros ezagunenetan parte hartu zuen. Marka handienak 35 urtetik 37 urtera egin zituela azaldu du, “35 urterekin Aia-Getariako joan-etorria 1:46´ denboran egin nuen”. Ardo banaketa eta korrika ibiltzea utzi baditu ere, umorea eta freskotasuna nabari zaizkio. Trofeo piloa du etxean, “garbitzeko lana ematen duten arren, oso maiteak ditut denak”. Asteasuko Udalak omenaldia eskaini zion 1980 urtean, “ikaragarri pozgarria izan zen”.