Ume-umetatik sagardoaren bueltan ibili da Ramon, baita haren aurrekoak ere: laugarren gizaldia da eurena. “Gure aitonak sagardoa egiten zuen, aitonaren aitak ere bai. Pernando izena zuela esaten zuten. Hark Garagartza etxearen aurrean omen zituen tolareak. Aitona Ramonek, berriz, etxeari puska erantsi eta atzean jarri zituen; tolare handiak ordurako. Aitak Andoainen sagardotegia izaten zuen eta nik, berriz, gure tolare txikia utzi eta handia jarri nuen hemen. Denon artean eman diogu jarraipena, pixkana-pixkana”. Zabala abizena ez galtzen suerte handia izan dutela uste du. “Bosgarren gizaldia, behintzat, Zabala abizenarekin mantentzen dugu. Ez dut harrokeriarekin kontatzen baina nahiagatik, ez da beti hala izaten”. Txikitan hasi zen Ramon sagarrak biltzen eta 14 urtetik aurrera baita aldatzen ere. Oroitzapenak gogoan ditu, “9 urte nituela, gurdian barrikak hartu eta idien laguntzaz kaleetan sagardoa partitzen ere ibiltzen nintzen. Kaletarrek 100 eta 200 litroko barrikak askok betetzen zituzten etxeetan Andoain, Villabona eta Zizurkilen”.
Sagardotegiak antzina
Duela 60-80 urte sagardotegiak kalean izaten ziren, “aitona eta aitaren Andoaingo sagardotegia ere kalean zegoen. Orain Exkerraneko taberna dagoen horretan. Baina sagardoa baserrian egiten zen, tolarea beti etxean izan dugu. Likidoa eramaten zen hara”. Andoainen, Villabonan nahiz Donostian sagardotegi asko zegoen. “Orain tabernak bezala, orduan sagardotegiak ziren eta ia sagardo dena txirian saltzen zen. Egun guztian emakume bat kupelaren ondoan eserita hantxe egoten zen. Jendea etortzen zenean, baso bat sagardo emateko edo botiletan etxera familiarengana eramateko”. Sagardotegira mokadua egitera joaten zenik ere bazen, “baina sagardotegira norberak eramaten zuen jana jeneralean: sardina zaharrak edo bakailaoa”. Adunan antzina ez zegoen sagardotegi askorik, “garai batean ia baserri guztietarako sagardoa egiten zen gure etxean. Baserritarrek sagarra ekarri, gure etxean hustu eta beren etxeetara eramaten zituzten barrikak”.
Sagardotegi berria
Garagartza baserriko sagardotegia txiki geratu zenean zabaldu zuten parean berria. “Hura lehen bezalaxe dago, tolare nahiz makina eta guzti”. Duela 25 bat urte pasa ziren sagardotegi berrira eta 1992 urtean puska berria gehitu zioten. Garai batean, sagardoaren prozesu guztia eskuz egiten zuten, orain makinen laguntzarekin. Neurri berriak lagungarriak direla uste du Ramonek, “sagardoa kontserbatzea askoz errazagoa da orain. Gaur prestakuntza onak daude jarrita, higiene aldetik izugarriak. Hori gauza ederra da”. Segurtasun gutxiago zegoen lehen, “baina orduan ere, eginahalak egiten ziren eta sagardo ederra franko edaten zen. Hori bai, arrisku handiagoa jokatuta”. Giroa ere asko aldatu dela dio, “garai batean jendeak ez zeukan horrenbeste afizio sagardotegira etortzeko. Gaur jendeak botilakoa baino nahiago du txiriko sagardoa edan. Etxeko familiakoak seme-alabekin ere asko etortzen dira. Oraingo gazteek, beren sasoia etortzerako, hemengo berri, dena jakinda daude. Gustura uzten diet nik umeei sagardoa hartzen”. Sagardotegiko giroan denak lagun egiten direla dio, “gure aldetik ere eginahala egiten dugu. Errespetua gauza ederra da eta halaxe hartzen dugu jendea, errespetuz”.
Zuhaitzak, afizio
Sagardoa eta baserria, ofizioa baino afizioa dira Ramonentzat, baita arbolak ere, “etxean sagarra behar dugulako dauzkat zazpi sail galantak jarrita: bestela, etekinik ez dago. Hala ere bestelako zuhaitzak ere gustatzen zaizkit eta denetik daukat. Fruta-arbolak eta mendi-arbolak asko. Era guztietakoak, dozena klase baino gehiago. Gaur edo bihar, halako arbola jarri eta aldatzeko modukoa den edo nolakoa ateratzen den munduak ikustea gustatzen zait. Batean eta bestean klase ezberdinak probatzeko jarrita dauzkat, atzetik datozenek ere ona dena kopiatzen eta txarra dena bazterrera botatzen ikas dezaten”. Aita zenak, aitona Ramonek kanpora joan zen batean pinu intsignisa ekarri zuela esaten zion, “hartatik hasi zirela hemen pinua aldatzen. Hark ere bazuen intentzioa garai haietan”. Denbora librean zuhaitzak zaintzera joaten da, “hemendik kanpora ere, zuhaitzak beti jotzen dit begia. Mendiari, gutxi gorabehera, tankera hartzen diot”.