Joxe Ugalde baino, Joxe zapaterua moduan ezaguna da herrian. Nork ez du ezagutzen? Mende erdia baino gehiago aritu da zapata saltzaile eta konpontzaile. “Andoaingo Algodonera fabrikara joaten nintzen goizetan lanera. Arratsaldetan, Karkaroan lan egiten zuen Amasako Luixito zapatariarengana, zapatak konpontzen ikastera”. 19 urterekin, Asteasun bere kontura hasi zen, “han zazpi urte egin nituen. Goizez zapatak konpondu eta arratsaldez Donostiara joaten nintzen berriak egiten ikastera. Poliki ikasi nuen. Pare batzuk egin nituen neurrira. Gerora Asteasutik Villabonara etorri nintzen, Xeferinak utzi zidan Arregineko lokal txikira”. Ezkondu eta gero denda zabaldu zuten Kale Nagusian, “nik dendaren gogoa nuen. Lokala erosi eta hementxe hasi nintzen lanean. Lehen bost edo sei urteak arregloan egin nituen eta gero pare berri batzuk ekartzen hasi nintzen, saltzeko”. Ofizioa ikasten nolatan hasi zen galdetutakoan, “garai haiek oso zailak ziren”, erantzun du. “Hala ere, zapatariarena ofizio pobrea da”. Eta ofizio zaila, “zapatak ondo konpontzea oso zaila da. Jendeak edozein moduz egiten du eta ondo kobratu gainera. Baina hori ez da kontua. Zapatekin bezala, beste edozein gairekin, jakin egin behar da. Ofizioa ikasteko eta zer edo zer izateko interes handia behar da. Gaurko egunean nik ez dut hori ikusten”.
Ikasten jarraitzeko poza
Zapatak ez ezik, larrua landu eta konpontzen egin du lan, “denetik egin dut. Ez dago hemen egin ez dudan lanik: ezinduen poltsak, zinturak, maletak… Arreglatu ditut baita sostenak ere. Emakume gazte batek larruzko sostena ekarri zidan, tripa agerian joan nahi zuenez eta txikitxoa zeukanez, handitzeko”. Gauza berriak egitea, horixe bere lanaren alde ona, “nire lanak beti ikasten jarraitzeko aukera eman dit. Asko gustatzen zait hori. Oraindik, 72 urterekin, gauzak imajinatzen aritzen naiz beti. Zer edo zer ikasteko gogoa edo poza izatea polita iruditzen zait”. Lanbidea ez ezik, bere bizitzaren puska handia izan da zapata-denda, “Jendearekin harremanetan egoteko modua. Bezero askorekin etxeko bezala egiten zara. Nik erraz hartzen dut jendearekin konfiantza, errazegi igual”. Inpostuak edo lokala dela, komertzioa aurrera ateratzea oso zaila dagoela dio, “klientela ere oso zaila da, galdu oso aise egiten da eta kosta egiten da berri bat egiten”.
Mallorkakoa, zapata onena
Garai batean eskuz egiten ziren oinetakoek bazuten alderdi onik Joxeren ustez, “horma zabaleko oinetakoak egiten ziren eskuz. Oso erosoak. Fabrikakoak, berriz, horma estukoak ziren, oinetara juxtu-juxtu egokitzen zirenak. Denborarekin ordea, fabrikan ere horma zabaleko zapatak egiten hasi beste erremediorik ez zuten izan, salduko bazuten. Orain eskuz egindako oinetakoa oso garestia da”. Zalantzarik gabe, zapatarik erosoena Mallorkakoa dela uste du Joxek, “orain merke-zurrean gomazko zapata asko egiten da. Gomak izerdia sortzen du. Hotzarekin hotza eta beroarekin oina egosten du. Garestiagoak dira, baina uda eta negu ondo ibiltzeko, dudarik gabe, onenak larruzkoak dira. Italiakoa ere bai, baina, Mallorkakoa da zapatarik onena”.
Joxe txirrindularia
Txirrindularitza Joxeren afizio handiena izan da. Gaztetan lasterketatan ibiltzen zen, “joan Gasteizera, han karrera korritu eta etxera buelta bizikletan. Hurrengo egunean lanera”. Karrerak utzi geroztik, bere gisara ibili izan da beti, “urtean 18.000 edo 19.000 kilometro egiten nuen. Niri ez zait tabernako girorik sekula gustatu; erdi-moxkortuta gaizki esaka ibiltzen baita asko. Ez dut sekula baso-erdirik edan, ezta erre ere. Nire gisara ibili naiz beti. Urte askoan, bazkalondoan egiten nuen kilometroa, a tope”. Joxek beti ondo kontserbatu dela dio, “ez naiz sekula medikutara joan. Ez dut lanik egin gabe egun bat pasa. 65 urterekin erretiroa hartu eta kartila mantxatu gabe”. Bi aldiz kotxeak jo ondoren, bizikleta uztea erabaki zuen orain lau urte, “beldurtu egin nintzen. Kamioa peligrosoa ikusten nuen. Orain pena handia daukat. Ibiliko nintzateke gustura. Hantxe dauzkat karrerako zazpi bizikleta”. Kirola gogoko du eta kirolik egin gabe ezin da bizi, “aspergarria da baina, rodilloetan ibiltzen naiz orain”. Umorea eta sasoia bere-bereak ditu, baina, gerraren beldurra du. “Guk ez dugu ezagutuko baina, urte gutxi barru, hemen handia etorriko dela uste dut”.