Duela hogei eta dozena bat urte inguru erosi genuen kamineroaren etxea. Borda moduan jarrita zegoen hartu genuenean, garai bateko sukaldea bakarrik zeukan. Beno, aspaldiko komuna ere bai, urik gabekoa, noski. Egurrezko tapa batekin estaltzen zen ukuilura ematen zuen zuloa”, azaldu du Julianek. Kanpotik eta barrutik egokitu zuten borda, “sukaldeko atea bi ate-erdikoa zen, hura lehen bezala utzi genuen. Behea, ganadua edukitzen zuten lekua, zabaldu egin genuen; buztinezkoa zeukan, ez zeukan alfonbrarik”. Orain, belaunek mugatzen dute Julian nahi bezainbestetan Asteasura etortzera, “tarteka joaten gara, baina gutxiago azken boladan”.
Bartzelonara kamioilari
Kontatzeko istorio asko duen gizona da Julian, kamioilari izan zen gazte-gaztetandik, “hamabost urte nituela hasi nintzen kamioiarekin. Gau eta egun ibiltzen ginen eta sarritan, Villabonako Izkina tabernan geratzen ginen bazkaltzen. Gu bezala, beste kamioilari asko biltzen zen, oso ondo jaten zen eta. Asteasuko Bulano baserriko ahizpak egoten ziren neskame”. Anaiekin ikasi zuen gidatzen, “orduan ere 18 urtera arte ez zen karnetik izaten. Ni batere karnetik gabe ibili nintzen hiru urtean. Orduan ez zegoen ia zirkulaziorik. Etxean geneuzkan kamioiak eta hiru anaiok Bartzelonara joaten ginen arraina eramatera. Bartzelonaraino, argi motzik eman gabe iritsi nintzen behin, pentsa ze trafiko zegoen! Kotxerik apenas baina, karroak bai: erremolatxeroak esaten zieten”. Jubilatu arte ibili zen kamioiarekin.
Gerra garaia Somosierran
1936an 17 urte zituen, “gerra hasi zenean gure belaunaldia deituta zegoen arren, etxean utzi gintuzten 18 urteak bete arte. Gasteizera eraman eta instrukzioa hilabete eskasean egin genuen. Handik Somosierrara trenez, bagoian sartuta. Toki diferentetara joatea egokitu zitzaigun bakoitzari. Pelotoi bat guarda-etxea zaintzera bidali gintuzten. Zazpi-zortzi euskaldun ginen eta ni bakarrik nekien zertxobait erdaraz. Besteak beste, Juan Jose Zarautz zizurkildarra izan nuen soldadukide”. Gerrako oroitzapen asko gogoan gordeta du Julianek, “bi kide fusilatu zituzten: bat beste aldera pasatzen sumatu zutelako. Bestea, Franco goratzera behartu zuten fusilatu aurretik, mozkortuta zeuden soldaduak. Gertaera horiek eta gero, hiru bat egun pasa nituen batere jan gabe, sabela zeharo nahastuta”. Gerora, autoak gidatzen zekienez, guarda-etxetik txofer eraman zuten.
Donostiako hondartzako bañero
Gerra amaitu zenean, bañero bezala lanean aritu zen hiru urtean, “Kontxako azken zatiaren arduraduna nintzen. Kabina bateko giltza nuen eta zerbait puskatzen zenean hantxe sartzen nuen. Eguraldi txarra egiten zuenean edo behar ez zirenean ere, hantxe gordetzen nituen trasteak. Goizero aulkiak atera eta hondartzan zabaltzen nituen, hala eskatu zituzten pertsonentzat. Aulkia edo toldoa hartzeko, ordea, aurretik ordaindu egin behar zen”. Bañero lanak jende asko ezagutzeko aukera eman zion Juliani, “lan polita zen, jende asko ezagutu nuen. Gaur baino sasoi hobea nuen eta, barandillara igota, jendeari agurka aritzen nintzen hondartzatik joaten zirenean. Behin Errioxako igerilari bat etorri zen, emakumea. Irlara igerian laguntzeko eskatu zidan. Ederki egiten zuen igerian baina, lagundu egin nion”.