Herritarren txokoa

Zizurkilgo apaiz, hiru hamarkadatan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko api. 9a, 10:10

1936ko azken egunean Iruran jaio zen Jesus Mari Olano Uzkudun, duela hiru urtera arte Zizurkilgo apaiz izan dena.


Iruran, jaioterrian igaro zuen haurtzaroa eta 11 urterekin Saturrarango seminarioara joan zen ikasketak egitera. Han lau urte igaro ondoren, Donostiako seminarioan egin zituen bosgarren ikasturtetik aurrerako beste zazpi urteak. 1961 urtean apaiztu zen Donostiako seminarioan bertan eta lehenengo meza –Meza Berria esaten zitzaiona–, Irura jaioterrian eskaini zuen. Apaiztu ondoren, Gabiriako lurretan kokatzen den Aztiri herrixka izan zuen lehen abiapuntua. “Sei urtez izan nintzen  Aztiriko apaiz. Handik Aietera joan nintzen eta beste zazpi urte han aritu ondoren, 1979 urtean etorri nintzen Zizurkilera. Zizurkil beheaz gain, goiko apaiz ere izan nintzen tarte batean”, azaldu du. 78 urte ditu egun eta duela hiru urtera arte aritu da Zizurkilgo apaiz lanetan, adierazi duenez, “oso gustura”.

Gazte gutxi elizara
Apaiz egin zen garaiari begiratuta, aldaketa ikaragarria nabari du eliza nahiz apaiz mailan, “gu apaiztu ginen garaian kristauak elizara erakartzeko esaten ziguten, katekista bezala edo elizako irakurketak bideratzeko. Garai hartan apaizak esaten zuenak zuen indarra eta denborarekin, sekularrek ere pisua hartu zuten. Egun oso aldatuta dago hori guztia. Nire garaian, jende asko etortzen zen elizara: euskaldunak alde batetik eta erdaldunak bestetik, bi meza ematen nituen behean. Urteak igaro ahala, jendea atzeratzen hasi zen eta gaur hutsik daude elizak”. Mezetara jende asko etorri ez arren, ordea, jende askok elizaren inguruan lanean jarraitzen duela esan du Jesus Marik, “sekularrek jendea biltzen dute oraindik ere eta ekimen ezberdinak antolatzen dira. Martxoaren amaieran, esaterako, Zizurkil eta Villabonako hainbat gaztek sendotza egin zuten Zizurkilgo elizan, baina ekimen horiek ez dute oihartzunik hartzen”. Bizi ohiturak aldatzeak ekarri du Jesus Mariren ustez elizarekiko eten edo urruntzea, “nire garaian, jendea fedeagatik baino ohituragatik etortzen zen elizara. Egun, garai hartako hainbat helduk joaten jarraitzen badu ere, ez da gazterik gerturatzen. Utzikeria izan daiteke arrazoi nagusia, fedea zertxobait gal baitaiteke, baina ez dena. Gaurko gazteria beste egoera batean bizi da eta askok ez dute elizako heziketarik hartu. Adineko jendeak, ordea, bere sinismena lantzen jarraitu du”.

Zizurkil mailako aldaketak
Herri mailara etorrita, bi gertakari nabarmendu nahi izan ditu herrian nahiz herritarrengan izan zuten eraginagatik: “Joxe Arregi hil zuten garaia ikaragarri gogorra izan zen eta baita Joselu Geresta hil zutenekoa ere. Joxe Arregiren hileta elizkizunean jendez gainezka egon zen eliza. Gerestarenean, oso gertuko senideak eta ohiko herritarrak etorri ziren. Gainerakoak elizaren kanpoan geratu ziren”. Bi gertakari horiez gain, Zizurkilgo uholdeak ere izan ditu mintzagai: “uholde asko ezagutu dut. Gertutik gainera, errekaren ondoan bizitu bainaiz”. Era berean Zizurkil behean urte luzetan euskaldun eta erdaldunen arteko harremana zaila izan bada ere, azken urteotan egoera baretu egin dela azaldu du eta pozgarria dela hori, “egun, koadrila gazteen artean bereziki, normalizatu egin da euren arteko harremana. Giza mailan, askoz harreman hobeak sumatzen dira herritar guztien artean eta naturaltasunez elkartzen dira kalean edo tabernetan. Bide horretan, elizak eta herriko ikastetxeek pausoak eman dituzte”.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!