Herritarren txokoa

Lapiko artean, sukalde saltsa goxoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 20a, 01:00

1928ko San Juan bezperan, Ibarran jaio zen Luisa Ezenarro Gorostidi. Goya eta Or Konpon tabernetako sukaldari izandakoak atzera begiratua egin du.

Ibarran igaro zuen Luisak bere haurtzaroa, ume-umetatik lanean. Sei anai-arreba ziren, -lau neska eta bi mutil-, eta guztiak ere gutxi joan omen ziren eskolara, etxean landareak hazteaz gai, baratze handia zaintzen baitzuten eta guztientzako lana izaten baitzuten bertan, “negua aprobetxatzen genuen batez ere eskolarako, etxean lana izaten baitzen bestela. Ama egunero-egunero Bretxara joaten zen landareak eta barazkiak saltzera. Gu baratzean aritzen ginen”, azaldu du. Gaztaroaren zati bat Ibarran igaro bazuen ere, Mateo Goya billabonatarrarekin ezkondu eta Villabonara etorri zen bizitzera 23 urte zituela. Berehala egokitu zen bizitoki berrira “primeran eta oso erraz” eta ez zen sekula damutu pauso hura eman izanaz. “Senarra perratzailea nuen. Bere aitarekin batera, abereentzako perrak egiten aritzen zen, baina lana gutxitu zenean, Goya taberna irekitzea erabaki genuen –egungo Barbe ferreteriaren ondoan-. Han urte batzuetan lanean aritu eta gero, Or Konpon taberna zabaldu genuen –egun leku berean eta izen berarekin mantentzen dena–”. Goya eta Or Konponen, 25 urte egin zituen tabernari eta sukaldari lanetan, “izugarri gustura”.

{{IMG-33743}}

Kroketak eta bakailao albondigak
Sukaldeak txikitatik erakarri zuen Luisa eta amona izan zuen irakasle nagusia. Hark erakutsi zion haragi gisatua prestatzen. Gerora, tabernan aritzearen poderioz sakondu zuen sukaldari gisa, baina “ez nintzen sekula inora sukaldean ikastera joan”, argitu du. Pintxo ugari eginikoa da, milaka muskuilu bete edota kroketa, eta oraindik ere hainbat bezero bere kroketekin gogoratzen dela azaldu du. “A ze kroketa piloa egiten genuen! Nik masa egin eta senarrak biltzen zituen. Urdaiazpiko eta arrautzenak prestatzen nituen gehien, baina baita oilasko eta haragi egosiarenak ere”. Kroketez gain, ordea, Luisaren espezialitate nagusia bakailao albondigak saltsa berdean izan dira. Oso plater goxoa dela dio eta izugarrizko arrakasta zuela. Lapikoko platerekin batera, tabernan asadorea ere bazutenez, arkume edota txuleta erre mordoa prestatu izan zuten. “Aurretik arrain-zopa edo entsalada jarri eta arkume edo txuleta erreak ateratzen genituen maiz. Txuletak bezeroak beraiek ekartzen zizkiguten, hala guk ez genuen haragiarekiko inolako konpromisorik izaten”.

Karakolak, Ostegun Santu egunean
Ospakizun askoren gune izan ziren Goya nahiz Or Konpon taberna-jatetxeak. Ezkondu edo soldadutza egitera joan aurretiko despedida festa ugari egin zen bertan. “Amasar gehienek gure etxean egiten zituzten despedidak”, zehaztu du Luisak. Bestalde, Ostegun Santu egunean, Amasan prozesioa egin eta gero, urtero beren tabernara jaisten ziren amasarrak karakolak jatera. Ondorioz, karakol pila ederra garbitu behar izaten omen zuen aurrez. Santa Luzia egun batez izan zen gertaera bitxia ere azaldu du, “Amasako koadrila bat Zumarragara joan eta asto txiki batekin itzuli zen bertatik. Handik denbora batera, gure etxean asto-jana egin zuten. Lepo aldea gisatuta prestatu nien nik eta gainerako zatiak asadorean erreta jarri zituen senarrak. Oso giro polita sortu zen”, gogoratu du. Tabernan oso egun politak igaro zituela azaldu du Luisak eta ez zitzaiola inporta lan egin beharra. Hori bai, langintza horretarako ezaugarri bakarra behar dela aitortu du: gogoa.

Kartaketan eta bingoan
Orain 22 urte utzi zuen Luisak tabernako lana, baina geroztik ere ez da geldirik egoteko emakumea izan. Besteak beste, bost urtez aritu da Txermin Biltoki jubilatu elkarteko zuzendaritzan lanean, horietako lau lehendakari gisa. “Oraindik ere ahal dudan arratsalde guztietan gerturatzen naiz kartaketan aritzera. Izugarrizko afizioa dugu. Asteazken eta igandetan, berriz, bingoa izaten dugu eta igandetan, bazkaldu ere bertan egiten dugu lagunartean”.
Zaletasunen artean loreak izugarri gustatzen zaizkio, baina egun nahi bezala zaindu ezin ditzakeenez, kenduta dauzka. Etxean nahiz ileapaindegira joaten denean ere, egunkaria irakurtzea gustatzen zaio liburu eta aldizkariak baino gehiago.
Hala ere, Aiurri aldizkaria irakurtzen du, “urteak daramatzat Aiurriko harpidedun gisa eta oso gustura irakurtzen ditut herriko nahiz inguruko herrietako kronikak. Ez nuen euskaraz irakurtzeko batere ohiturarik, baina ondo moldatzen naiz”, amaitu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!