Herritarren txokoa

Andezarrateko parajeetan bizi eta lan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 20a, 01:00

Joxe Mari Soraluze Gabirondo Asteasuko Goibailarako Aranburuzar baserrian jaio zen 1943 urtean, Andezarraten. 

7 urtetik 12ra arte ibili zen eskolan eta herriraino jaitsi beharrean, Goibailaran bertan aritu zen Olarrea Goikoa baserrian batik bat, “ez naiz ni eskola zalea izan, baina hantxe egin genuen gure batxillergoa”, adierazi du umoretsu. Eskola baino gogokoago izan du beti baserria eta ume zenetik baserriko lanei lotuta ibili da; “ruedoan”, inguruan beti. “10 urterako Andezarrateko barrutian segan lanean aritzen nintzen. Orain umeen esplotazioaz hitz egiten da, baina lehen ez al zegoen halakorik?”, galdetu du. Bizimodua astoak bezala lanean igaro duela azaldu du, baina konforme aritu dela eta “segi aurrera”. Baratzea eta soroa zaintzeaz gain, azienda izan du beti Joxe Marik baserrian, “behiak eta nire lagun astoak. 36 urtera arte haiekin aritu nintzen lanean, gerora ekarri nuen traktorea”. Baserri inguruan aritu da beti, “ez dut egun bakarra pasa nik fabrikan. Hementxe egin ditugu salto galantak guk lanean”. Andezarrateko parajean, inguru ederrean bizi da Joxe Mari. Elkarrizketaren egunean eguraldi paregabea egiten zuen Andezarraten, behe lainoa azpialdean utzita, zeru urdin-urdinaz goza zitekeen. “Eguraldi paregabea egokitu da gaur, baina Kanarietan bezala, denetik egiten du hemen ere. Ahal bada, tokatzen dena aguantatu egin behar izaten da”, adierazi du.

{{IMG-33746}}

{{IMG-33744}}

{{IMG-33069}}
Osaba apostulariak
Joxe Mariren ustez, emakumeak asko ez, ikaragarri eutsi dio baserriari. Lehengo emakumeek meritu handiak zituztela uste du. “Ume bat edo batzuk eskutik, bestea tripan… Ume koadrila izan eta hazi, etxeko lanak egin, gizonari lagundu…, baserriko emakumeak ez zeukan atsedenik, oso langilea zen eta eutsi egiten zien bere eginbeharrei. Orduan ez zegoen separaziorik”, dio. Orduari begiratu gabe egin ohi zuten lan baserrian gizonek ere, baina tarteka hartzen zituzten tarte libreak, “elizara etorri eta kontu-kontari aritzen ginen armonian; batak besteari gezur eta txisteak kontatuz. Beti ez ginen soka estuan lotuta egoten”. Gainerakoan, denbora librean aposturako grina zen nagusi, “Jose Migel Irazu ‘Muño’ nire kintoa hasi zen Asteasun aurrena korrika. 2’46’’tan egin zuen kilometroa. Maratoia ere irabazi zuen”, adierazi du. Inguruan ez ezik, familian bertan apostulari handiak izan zituen Joxe Marik. “Hiru osaba apostulari izan nituen. Famatuena Antonio Soraluze zen. 25 harri jaso, sei kilometro korrika egin eta 72 ontzako sei enbor ebaki zituen 1942 urtean. Beste biak aizkoran aritzen ziren gehiago. Tolosa eta Azpeitian jokatzen ziren aposturik gehienak eta ahal nuenean joaten nintzen ikustera. Izugarri gustatzen zitzaidan, baina beti ez zen joateko modurik izaten”.

{{IMG-33100}}


Auzolana, elkartasuna
Egun ez du baserrian lehen bezala lanik egiten; entretenitu soilik egiten omen da baratzean barazkiak nahiz baserri inguruan oilo, ardi eta ahuntzak zainduz. Lehen tarteka, eta orain ere Goibailaratik herrira jaisten da batzuetan. “Aitak motoa bazuen eta hari giltza kenduta abiatzen ginen zenbaitetan. Baina guardia zibilari beldurra genion eta haiek ikusiz gero, buelta eman edota motoa bere horretan utzita alde egiten genuen. Ahal zen bezala ibiltzen ginen”, oroitu du irribarrea ahoan. Goibailaran denak familia bat zirela aitortu du, denak elkar laguntzeko prest izan direla beti. “Orain ere badago elkartasuna, baina ez lehengo auzolanik. Norbait estuasunean ikusiz gero, edozertan laguntzen zen orduan zenbaten truke galdetu gabe”, azaldu du.

Andezarrate, auzo alaia
Gipuzkoa osoan, Andezarrate baino beste auzo alaiago bat topatzea zaila dela uste du Joxe Marik. Oraindik ere jende asko etortzen da eguraldi onarekin batez ere, baina iraganean ere alaitasuna zen nagusi. “Gaixoen sanatorioa genuen hemen, baina gaixoak ere kantari aritzen ziren. Soinu-jotzaileak ere maiz etortzen ziren. Izugarri auzo alaia zen”, gogoratu du. 1928an hasi ziren sanatorioa eraikitzen eta 1933an inauguratu zuten, 1956ra arte egon zen martxan, “otsaila zen, dena jela zen inguruan. Izugarrizko pena eman zidan itxiera hark, baina ondorenen ere igandero bi meza egiten ziren kapillan eta inguruko jende asko biltzen zen bertan”. Sanatorioaren ondoan, txerritegia, labanderia eta medikuaren etxea kokatzen ziren, hirurak ere harrizko paretekin osatutako eraikin ederrak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!