Gobernu taldeak blokeorik ez duela onartuko adierazi du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 9a, 01:00

Gobernu taldeak ur azpiegituraren arazoari irtenbidea emateko proposamena gerarazi zuten PSE-EEk eta EAJ-PNVk, aurreko osteguneko ez ohiko batzarraldian. EH Bildu kritiko agertu da bi alderdiekin, udal jarduna "blokeatzen" ari direla aurpegiratuz.

Oharra, bere osotasunean:

2015.XI.06

"Atzokoa egun gogorra izan zen udal gobernuko kideontzat. Udaletxeko plenoak udal gobernuak proposatutako eta Ganemos eta Irabazik babestutako proposamena atzera bota zuen. Ez nolanahiko proposamena gainera: uraren kudeaketa Gipuzkoako Ur Kontsorzioari esleituz, uraren hoditeriari behin betiko soluzioa emango zion proposamenari, hain zuzen.

Udal gobernu honek egindako lehen agerraldian, pasa den uztailean, esan genuen udala blokeotik ateratzeko lehen urratsa izango zela, eta beraz, aukera on bat galdu dugu norabide horretan.

Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu gara: denboraz ibili gara, proposamen ezberdinak jarri ditugu mahai gainean, eztabaidarako markoak sortu ditugu... gure disposizio osoa eskaini dugu akordioetara heltzeko; eta hala ere, ez dugu erantzunik jaso: ekarpenak hutsaren hurrengoak izan dira, proposamen alternatiborik ere ez da egon eta udalbatzarraren momentura itxaron behar izan dugu zenbaiten iritziak ezagutzeko. Guzti horren ondorioa, gainera, espero zitekeen okerrena izan da udal gobernuarentzat: Gipuzkoako Ur Kontsorzioari ateak ixtea.

Gezurra zen, beraz, EH Bilduren jarrera oztopo bat izan dela Udalean akordioetara heltzeko; gezurra da EHBilduk ez duela negoziatzeko gaitasunik, inoiz baino jarrera irekiagoa eta inoiz baino aukera gehiago eskaini baititugu elkarrizketa eta akordioak gauzatu zitezen.

PSE eta PNV ez ziren ados jarri ekainaren 13ko inbestidura saioan, baina dagoeneko ados jartzen hasi dira; argi geratu da udal gobernu honi ez diotela laguntza txikiena ere emango. Egoera bitxia da oso: ez baitzuten gobernatzeko gehiengorik osatu, baina ez dute gobernatzen utzi nahi ere. Tamalgarria iruditzen zaigu. Gutxiengoan gaude eta onartu dugu, proposamen irekiak egin ditugu eta adostasuna bilatu nahi izan dugu. Autokritika egin dugu eta jarrera desegokiak zuzendu ditugu. Zein da horren erantzuna? Betikoa: blokeoa, blokeoa eta blokeoa.

Zalantzarik gabe, honek izugarri markatuko ditu 2016ko aurrekontuak, baita datozen urteetakoak ere. Momentu honetan 2016ko aurrekontuak prestatzen dihardugu, horregatik zen garrantzitsua jakitea uraren gaian zein norabide hartuko zuen Udalak. Orain ez dago zalantzarik, batzuk nahiago dute zorpetzearen bidea, beraz, aurrekontuak mailegu altuago baten eskaerarekin joango dira. dudarik gabe, aurrekontuen bozkaketa azken aukera izango da udala blokeotik ateratzeko. Espero dugu orainartekoa baino jarrera hobeago batekin aritzea bai PSE eta bai EAJ, bestela ezinezkoa izango da.

Gure aldetik, azken hilabete hauetan izan dugun jarrera ireki bera izango dugu. Malguak izango gara negoziazioan, marra gorri bakarra jarriko dugu: blokeorik ez dugu onartuko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!