Euskal Herriko dantza sueltoko irabazle Lierni eta Ikerri harrera udaletxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 6a, 12:52

Joan zen urriaren 17an, Lierni Kamio (Villabona) eta Iker Sanz (Lezo) dantzariak Euskal Herriko XXXIX. Dantza Suelto txapelketa irabazi zuten Seguran. Oinkari dantza taldeko kide direnak, Villabona herria ordezkatuz hartu zuten parte txapelketan eta, atzo arratsaldean, Villabonako Udalak harrera egin zien udaletxean. Iban Agirre alkateak Lierni eta Iker zoriondu egin zituen, lortutako saria egindako lan guztiaren emaitza dela azalduz. Eskerrak eman zizkien halako lorpenari esker Amasa-Villabona herria Euskal Herri osoan ezagutzera emateagatik. Lanean jarraitzeko gonbitea ere egin zien, etorkizunean ere emaitza onak eskuratuko dituztelako. Nestor Bazterretxeak eginiko eskultura ekarri zuten irabazleek udaletxera eta pleno aretoan izango da datorren urteko txapelketa iritsi bitartean. Aurrera begira gogor entseatzen jarraitzeko helburu bat dute Lierni eta Ikerrek: Hiru urtez txapelketa irabaziz gero, Villabonako udaletxean geratuko bailitzateke aipatu eskultura.

Argazkiak / Bideoa

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!