Azaroaren hasieran, dendetako erakusleihoetan kalabazak ikustera ohitu egin gara. Estatu Batuen eskutik iritsitako Halloween jaia gero eta gehiago ospatzen da gure artean ere, haur ugari kalean mozorrotuta ikusteraino.
Antzina, haurrek gaiztakeriarik egin ez zezaten, Sakamantekasekin edota sorginekin egiten zieten helduagoek amenazu sarritan. Ume garaitik gaztetxotara igarotakoan, berriz, bihurrikeria ugari egiten zuten ondokoa beldurtu nahian. Horien artean txotxongiloak zintzilikatzea edota barrua hustutakoan, begi, sudur nahiz ahoa zulatu ondoren, kandelaz argiztatutako kalabazak bide bazterrean jartzea. Asteasuko Joxe Mari Soraluze eta Migel Mari Izagirrek ez omen zuten kalabazak jartzeko ohiturarik, –gaztetxo zela baten bat jarri zuen agian Migel Marik–, baina ezaguna eta entzuna dute lehenagokoengandik zetorren ohitura hura. Gauez kalabazak jartzeko ohitura ez dute Arimen edo Halloween gauarekin lotzen, gau ilunarekin eta kalabaza denboraldiarekin baizik, eta bereziki, txantxa egiteko gogoarekin.
Gau ilunean
Oro har, mutilek egin ohi zuten bihurrikeria hura. “Kalabaza garaian, gau ilunean, normalean neska edo neska taldea beldurtzeko jarri ohi ziren. Hemen Andezarraten, gau eskola zela, iraileko festak zirela, mugimendua izaten zen ilundutakoan ere, eta bidetik pasako zela jakina zena ikaratzeko jartzen ziren argiztatutako kalabazak”. Denbora nonbait igaro behar eta garaiko gaztetxoen bihurrikeriak halakoak zirela adierazi dute. Susto latzak hartzen zituen, noski, ezustean, bide bazterrean, halako kalabazekin topo egiten zuenak, baina laster konturatzen omen ziren egiaz; bihurrikeriaz, alegia. “Gazteek beti burua martxan izaten zuten orduan ere eta zein pasatzen zen jakinda jartzen ziren kalabazak bide bazterretan”, argitu dute. Kalabazak ipurditik ebaki, barrutik hustu, bi begi-zulo, sudurra eta ahoa zulatu eta goitik oso-osorik uzten zituzten. Beldurtu nahi zutena pasatzerako, kandela pizten zioten azpialdetik. Hortik aurrerakoa, denbora kontua izan ohi zen…
Kalabaza, lehiaketako irabazlea
Argazkiko kalabaza, irailaren 27ko Asteasuko azoka eguneko lehiaketako irabazlea da; Intxusa Goikoa baserriko Mikelek aurkeztu zuena, hain zuzen ere. 40 kilo pisatu zuen egunean eta hustu ondorenean ere pisutsu izaten jarraitzen zuen.