“Ikuspuntu politikoa baino, herrikoiagoa da nirea”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 5a, 15:20

Ostalaritzatik Zizurkilgo zinegotzi izatera pasa da Maite Amenabar azpeitiarra. Jendearekin hartu-emanean ibiltzea du gustuko, eta Zizurkilek horretarako aukera eman dio.

Azpeititik Zizurkilera bizitzera etorri eta Udaleko kide izateko pausoa eman duzu. Herria barru-barrutik ezagutzeko hautua egin duzu. Zer moduz?
Oso ondo doa. Oso erronka handia da niretzat eskuartean dudana. Sei urte daramatzat Zizurkilen bizitzen, eta bat-batean Udaleko kide izatera iritsi naiz. Egia esanda, ez zegoen nire helburu edota planteamenduaren barruan udaletxe munduan sartzea. Orain barrutik ikusita eta aukera eskuetan izanda, oso interesgarria iruditzen zait. Herriarentzako gauza asko egiteko aukera ematen dit. Ikuspuntu politikoa baino, herrikoiagoa da nirea.

Gustuko aldaketa beraz…
Bai. Izan ere, ostalaritza munduan ibilitakoa naiz, eta bertan hartu-eman handia izan dut jendearekin. Betidanik gustatu izan zait jendearekin erlazionatzea, jendearen aurrean lan egitea. Zizurkil bezalako herri txiki batek horretarako aukera gehiago ematen dit.

Hiru hilabete daramatzazu Zizurkilgo Udaleko zinegotzi lanetan. Garai horren zein irakurketa egiten duzu?
Lan asko dago egiteko. Udaletxe barruko giroa aintzat hartuz, oso talde ona dagoela ikusten dut. Lanerako gogo handia dago, eta gainera, herriari begira hobekuntza asko egiteko intentzioa ere bai. Adibidez, Joxe Arregi plaza ingurua erdigune bezala indartzen jarraituko dugu, inguru hori zerbitzuz hornituz.

Euskara eta Hezkuntza nahiz Ongizate sailen batzordeburua zara, beste hainbat batzordetako kide ere bai. Zein langintzatan diharduzu batik bat?
Hezkuntza arloan gehienbat. Baina azken finean guztietan dihardut ia berdin. Lanaldi erdira nagoenez, udaletxean pasatzen dut goiza. Alkatearen atzetik ibiltzen naiz hara eta ona bilera guztietara. Kultura sailari ere denbora asko eskaintzen diot. Izan ere, kultur zinegotzia den Ionander Esnaolak ezin dio behar duen denbora eskaini udaletxeari, irakaskuntza baitu beste lanbide. Beraz, hezkuntza eta kultura izango lirateke nire bi alor nagusienak.

Herriari begira abian jarri duzuen ekimenen bat nabarmenduko al zenuke?
Egun herriari begira dugun ekimenik garrantzitsuena liburutegia da. Liburutegi berriaren proiektuan buru-belarri gabiltza: dirulaguntzak lortzen, bailarako gainontzeko herriekin osatutako batzordean proiektua aberasten… Obrak hasiak dira, eta urte amaiera bitarte iraungo dute. Gure asmoa datorren urte hasierarako –lehenengo hiru hilabeteetan behintzat– liburutegia irekitzeko aukera izatea da. Bestalde, Atxulondo Kultur Etxearen birmoldaketa egingo dugu, herriko kultur beharrak ahalik eta ondoen asetzeko helburuz. Hori, herritarrekin egingo dugu, parte hartze prozesu baten bidez.  

Oro har, zein egoeratan ikusten duzu Zizurkil?
Zizurkilgo Udala egoera onean dago. Duela lau urte, 3 milioiko zorra zegoen, eta atzeratutako faktura ugari ordaintzeko. Urte hau milioi eta erdiko zorrarekin itxiko dugu; hobekuntza nabarmena da, beraz. Herriari begiratuta, hirigintza eta azpiegitura aldetik egin diren lanek bistakoak diren hobekuntzak ekarri dituzte: Atxulondoko igogailua, liburutegia, Danenako aldagela berriak, Otañoko parkea… Eta ez nuke ahaztu nahi, lehengo Peroten zabaldu den enpresarekin eta Maria Brizard-eko zabalpenarekin herritarrentzako lanpostuak sortu direla.

Zein arlotan nabari duzu behar edo hutsunerik nagusiena?
Zizurkil Goian etxebizitzak egiteko behar handia dago. Aurreko legegintzaldian ez zen hori lortu, eta orain lortzeko bidean goaz.

Eta azken aldiko lorpenik txalogarriena?
Janari bankua txalotuko nuke Ongizate zerbitzutik. Oiartzunen dagoen plataforma batekin gabiltza lanean. Hiru hilabetetik behin 70 familiarentzako elikagai otarrak egin, eta banatu egiten ditugu. Oso ondo funtzionatzen ari da proiektua eta txalotzekoa iruditzen zait jendea egiten ari den ahalegina besteei laguntzeko; are gehiago, egun bizitzen ari garen egoera gogor honetan.

Etorkizunera begirako erronkarik?  
Zizurkilgo Elbarrena auzoan komertzioa sustatzea da legegintzaldi honetan dugun erronketako bat. Joxe Arregi plazako estalpea egiten denean asteroko azoka martxan jartzea da gure asmoa. Horrekin batera, Udaletik, neurri ezberdinen bidez, komertzioari lagundu nahi diogu.

Deiren bat luzatuko al zenieke herritarrei?
Herritarrak parte hartzera deituko nituzke: legegintzaldi honetan martxan jarriko diren parte hartze prozesu ezberdinetan, batzordeetan edota antolatzen diren kultur eta kirol ekimenetan. Herria denon artean hobetzen jarraitu nahi dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!