“Bertsoa epaitzerakoan mezuari ematen diot lehentasuna”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 27a, 01:00

Zigor Leunda billabonatarra Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako epaileetako bat da. Txapelketa mailan agian ezezagunena den paperaren berri azaldu du.

Kanpotik begiratuta, ez duzu, inondik ere, lan erraza. Zer diozu zuk?
Ez da batere erraza, ez. Bertsoak kantatzeak ere badu berea, baina nire ustez, gurea da lanik zailena. Azken batean, bertsolariak bezala bat-batean aritzen gara gu ere. Bertso bateko informazioa jaso eta hiru-bost segundo artean nota bihurtu behar izaten dugu. Denbora tarte horretan informazio asko eduki behar da kontuan. Dudarik gabe, askoz errazagoa izaten da denboraz aritzea, esaterako, idatzizko bertsoak epaitzea.

Txapelketako funtzionamenduari begira, bertso bakoitza puntuatzen duzue, baina lana bere osotasunean ere kontuan hartzen al duzue?
Bertso bakoitzari ematen dizkiogu puntuak, banaka-banaka, bertsoak dituen ezaugarri guztiak kontuan hartuta. Bertsoaldia bukatzen denean, ordea, bertsoaldiko azken bertsoa osotasuna baloratzeko erabil dezakegu. Adibidez, bertsolaria denbora aldetik ariketan oso azkar ibili dela, errima oso bereziak egin dituela edota, besteak beste, elkarrizketa polita osatu dutela iruditzen bazaigu, ezaugarri horiek baloratzeko azken bertsoa erabiltzen dugu eta kasu batzuetan, 7 puntuko bertsoa denari 8koa jarri ohi diogu, ariketan zehar eginiko merituak saritzeko. Alderantziz ere gertatzen da; 7ko bertsoari 6koa jartzea, oso erritmo motelean kantatu, errima ahula erabili edota elkarrizketa egokia osatu ez dela iruditzen bazaigu.

Bertsoaren ezaugarri guztien artean zerk du lehentasuna bertsoa epaitzerakoan?
Mezuari ematen diot lehentasuna; esaten denari, komunikazioari. Azken finean, bertsoa komunikazio ariketa bat da eta, ondorioz, zer esaten den baloratzen dugu gehien. Mezuaren ondoren, hala ere, zuzentasuna, hiztegia edo esateko modua, errimaren aberastasuna, lagunari bertsoa botatzeko bidea irekitzea edota lagunari erantzutea ere kontuan hartzen ditugu.

Izugarrizko kontzentrazio maila eskatuko du zuen lanak…
Oso kontzentrazio maila altua eskatzen du epaile lanak. Bertsoa entzun, puntuak jarri eta hurrengoa segidan. Buruarentzat nekagarria da, baina ezinbestekoa da kontzentrazioari eustea. Bertsoa epaitzerakoan ezin dugu haririk galdu, informazio asko galduko baikenuke bestela. Bertsoa entzun ahala, oharrak hartzen ditugu maiz paperean.

19 kidek osatzen duzue Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako epaile taldea. Ezinbestekoa talde sendoa izatea, ezta?
Txapelketari begira zetozen lanak aurreikusita, iazko azaroan ikastaro eta hitzaldiak antolatu genituen taldea handitze aldera, azken urteetan epaile taldea pobretzen ari baitzen pixkanaka. Arrakasta beroa izan genuen eta egun taldea osatzen dugun 19 kide horietatik dozena berriak direla esango nuke. Asko handitu dugu taldea eta horrek lasaitasuna ekartzen du, gainerakoan kate motzean lotuta baikeundeke astebururo eta pisu handiegia litzateke. Epaileon arteko entrenamenduak ere egiten ditugu. Joan zen urtarrilean bertan hasi ginen txapelketarako entrenatzen eta fasetik fasera, beti biltzen gara fasearen balorazioa egin eta hurrengorako taldeak osatzeko.

Nola bideratzen dira bertso epaileen entrenamenduak?
Gure entrenamenduetan bertsoak entzun, puntuak eman eta eztabaidatu egiten dugu; jarritako puntuazioa ahots goran argudiatuz. Bakoitzaren azalpenekin elkar aberastu egiten gara eta asko ikasten dugu elkarri entzunaz. Baita esperientziarekin ere, noski. Denean bezala, gurean ere, jarduteak konfiantza eta segurtasuna hartzen laguntzen du.

Zenbat epaile aritzen zarete saio bakoitzean?
Gipuzkoa Bertsotan fasetik finalerdiak arte saio bakoitzean bost epaile arituko gara eta sei finalean. Fase bakoitzean epaile talde bera mantentzen saiatzen gara: final zortzirenetan, final laurdenetan eta finalerdietan talde berdinari eusten. Izan ere, nahiz eta epaile guztientzat irizpide bera eta bakarra egon, gure lanak subjektibotasunetik ere baduenez, irizpide horien interpretazioa ez da berdina denontzat. Baremoa ahalik eta berdinen mantentzeko, beraz, epaile taldea beti berdina izan ohi da eta hori oso garrantzitsua da. Bertsolarientzat ere lasaitasuna da hori.

Nola antolatzen zarete saioaren egunean bertan?
Saioak arratsaldeko 17:30etan hasten dira eta gu 16:30etarako joaten gara, badaezpada, garaiz iritsi eta kokatu ahal izateko. Fase bakoitzean, bigarren saiotik aurrera, lehen saioko bertsoaldi neutro samar bat aukeratu eta hura entzuten dugu erreferentziak finkatu, kokatu eta aktibatzeko; zerotik ez hasteko.

Bertsolariak eta entzuleak ez dira beti zuen lanarekin ados agertuko… Esker txarreko lana al da zuena?
Ikusle bakoitzak bere barruan epaile txiki bat du eta lehiaketa batera joandakoan bakoitzak bere kiniela egiten du. Baita nik ere, epaile bezala joaten ez naizenean. Entzulea bertso saiotik ateratzen denean, puntuazioa hizpide izaten da gehienetan. Egia esan, nik urte mordoxka daramat langintza honetan eta estuasunen bat agian, baina ez dut esperientzia txarrik izan epaile gisa. Badakigu kritika gure langintzaren zati dela. Normalean, gainera, kritika eraikitzaileak izan ohi dira, lasai eztabaida daitezkeenak. Baina lehiaketa edo txapelketa egiten den momentutik norbaitek erabaki egin behar du zeinek egin aurrera eta zeinek ez.
Hala ere, oro har, esker txarreko lana da gurea. Futboleko epaileak bezala, inoiz ez dugu denen gusturik egiten. Onartuta daukagu hori.

Txapelketako zein saiotan aritzea egokitu zaizu orain artean? Zeinetan arituko zara txapelketa amaitu aurretik?
Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean aritu nintzen maiatzean eta orain final laurdenetan ari naiz. Aurrera begira oraindik ez dakit zein lan egitea egokituko zaidan.

Txapelketaren orain arteko zein irakurketa egingo zenuke?
Maila handiko txapelketa doa. Bertsolarien maila altua azpimarratuko nuke. Orain final laurdenetan 30 bertsolari daude eta horietatik ia denak finalerdietara pasatzeko helburua dute. Helburu erreal eta zilegia iruditzen zait, bertsotan oso ondo egiteko prestatuta baitaude. Eskualdeko bertsolariak oso-oso maila onean ikusi ditut. Maiatzeko fasetik hasita, oso gustura egoteko papera egin dutela uste dut.
Gainerakoan, finala gerturatzen ari den heinean jende gehiago gerturatzen da saioetara. Bertsozale Elkarteak ere komunikabideei begira informazio gehiago zabaltzen du, jendea txapelketara batzen joan dadin eta Ilunben ahalik eta jende gehien bil gaitezen.


Bertsozalea, nahitaez
Zigor epaile lanetan hasi zenean, bertso munduan murgilduta jarraitzea zuen helburu. Langintza horrek bertsolaritza jarraitzera edota eguneratuta egotera behartzen du bere burua eta oso gogoko du hori, “batere kostatu gabe egiten dut, natural-natural. Txapelketatik kanpo, epaileon arteko bilerak egiten ditugu, burua ez herdoiltzeko, eta txapelketa negusiez gain, txikiagoak ere izaten dira: Orixe, Lizardi edota Mikel Laboa sariketak… Urtean zehar beste eginbehar batzuk ere izaten dira, beraz. Harremanetan egoten gara beti taldekideak, bilerak egiten, entrenatzen…”. Bertso epaile izateko ezinbesteko baldintza, bertsozalea izatea da Zigorrentzat, “gustatu egin behar zaizu eta hortik aurrera, taldera biltzeko pausoa eman eta talde dinamikan sartzean dago gakoa”. Elkarrekin ikasi eta aberastea.


Final laurdenak
Abian dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenak. Orain artean eskualdeko bi bertsolarik abestu dute. Beñat Iguaran amasarra eta Jexux Mari Irazu larrauldara Urretxu-Zumarragako saioan aritu ziren urriaren 24an. Beñatek finalerdietarako txartela eskuratu du eta kanpoan geratu da Jexux Mari. Datorren igandean, azaroak 8, Zestoako final laurdenetako saioan arituko dira Oihana Iguaran amasarra eta Unai Mendizabal zizurkildarra.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!