Dina 7 taldeak erakusketa berezia antolatzen du urtero herriko museoan. Udazken honetan, Koldo Jauregik bildutako 50 ingude jarri dituzte ikusgai. Tamaina, pisu eta erabilera ezberdinekoak batu ditu; batzuk eskuz eginak, moldean eginak besteak. Garai ezberdinetako ingudeak dira; zaharrenak, XVII. mendekoak. Euskal Herrikoak dira guztiak.
Ingudea edo, Larraul inguruko herrietan deitzen dioten bezala txingura, eskuko lana egiteko erabiltzen zuten zapatariek, iturginek, erlojugileek, bitxigileek, zurginek, txapistek… “Txingura eskuko lan asko egiteko erabiltzen zen: marmitak eta pertzak egiteko edota ura garraiatzen zuten hodiei forma emateko ere bai”, azaldu du Koldo Jauregik.
Garai batean, goritutako burdina sutegitik atera, ingudean jarri eta mailuarekin jotzen zuten txinpartak ateraz. Hala, langile guztiek eskuz lan egiten zutela nabarmendu nahi izan du: “Orain makinak erabiltzen dira, baina garai batean, dena eskuz egin behar izaten zen. Horregatik, ingude batetik bestera aldea nabari daiteke, lanbide bakoitzaren araberakoak direlako”. Lanbide bereko ingudeetan ere ezberdinak izan daitezke: neurrian, pisuan…
Ingudeez gain, ingudearekin batera erabili beharreko erremintak ere bildu dituzte. “Burnia urtzen zutenean, ontzi bat erabiltzen zuten likidoa botatzeko. Zuloak egiteko, berriz, burnia ingudearen gainean jarri eta mailuarekin kolpatzen zuten”. Horrenbestez, ingudeek erreminta gehiago behar dituztela azaldu du eta horiek ere ikusgai daude. Hogeita hamar dira guztira; mailuak gehienak.
Urteetako bilaketa lana
Garai askotako ingudeak bildu ditu Koldok, XVII. mendetik hasi eta XX. mende bitartekoak. Zaharrenak XVII. mendekoak dira baina, oso garbi ez duen arren, burnia egiteko inguderen bat lehenagokoa ere izan daitekeela uste du. Koldok urteak daramatza bilaketa lanean: ferietan, trukean, erosita, lan baten truke oparituta, erakusketarako soilik utzita… “Euskal Herriko txoko guztietatik ekarri ditut”, argitu du.
Zaletasunaren fruitu da azken urteetan ingudeen bila pasatako denbora. Kontuak ateratzen hasi, eta lehenengo txingura duela 40 urte lortu zuela gogoratu du. “Hauek guztiak lortzea zaila eta urte askotako lana izan da”. Lan hori, pixkanaka egitea gustatzen zaiola ere azpimarratu du; guztiak batera eta presaka lortu ordez, banan-banan eta gutxinaka lortzen joatea gustatzen baitzaio.
Prozesu horretan zehar, ingude bakoitza zertarako eta noiz erabiltzen zen galdezka ibili da. Berarentzat ikasketa prozesua izan da: “Ingude bakoitzaren jatorria eta erabilera ezagutu nahi izan dut. Urte hauetan guztietan asko ikasi dut eta neronek lortutako ezagutza gainontzekoei erakustea gustatzen zait”. Orain, horretarako unea dela uste du eta interesatuta daudenei museora gerturatzeko gonbita luzatu die.
Haur, gazte zein helduentzat interesgarria izan daitekeelakoan, denentzat ateak irekita dituzte Dina 7 taldeko kideek. Hilabeteko lehen igandero zabaltzen dute museoa eta norbaitek interes berezia balu, 688 803 608 telefonora deituta lor dezake bisitaldirako hitzordua. Ingudeen erakusketaz gain, museo etnografikoaz gozatzeko aukera ere edukiko dute.
Ingudea instrumentu bilakatuta
Ingudearen kalitatea bere hotsak salatzen du; moldearekin edo eskuz egindakoak ez baitute soinu bera. Ingude onak kanpai doinuen antzeko soinua sortzen du. Finek soinu zorrotzagoa, potoloek baxuagoa. Erakusketa prestatzerakoan, ingudeek ateratzen zituzten soinuak alderatzen ari zirela, burnia egurrarekin nahastuta txalaparta gisa erabil zitekeela ikusi zuten Dina 7ko kideek. “Probak eginez, txalaparta bat osatu genuen eta irekiera ekitaldian erakustalditxo bat eman genezakeela bururatu zitzaigun. Hala egin genuen eta bertaratutakoei asko gustatu zitzaien”, azaldu du Koldok irribarretsu. Haurrek bereziki, oso ondo pasa zutela dio. Erabilgarria eta gauza polita denez, erakusketan mantentzea erabaki zuten eta bertan da, jo nahi duen edonoren eskura.