Ez ohiko plenoa ostegun honetan, ur hoditeria hizpide hartuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 5a, 09:12

Urriko plenoa ezusteko handirik gabe igaro zen, eta ikusmina ostegun honetako ez ohiko plenoan jarrita dago. Andoaingo Udala Ur partzuergoan sartuko den ala ez orduan erabakiko baita. Ostegun honetan –azaroak 5– iluntzeko 19:00etan hasiko da ez ohiko plenoa.

 Ur azpiegitura eta hoditeria zaharkitua berritzeko, Gobernu taldeak agintaldi honen hasieran mahai gainean bi proposamen jarri ditu. Lehena, Ur Kontsortzioan sartu eta hamar urtez ur zerbitzuaren esleipena erakunde horri lagatzea da. Trukean, Kontsortzioak azpiegitura osoa berrituko luke eta Udalari inbertsioetarako diru partida bat eskainiko lioke. Bigarrena, mailegu bat eskatu eta zerbitzua Udaletik kudeatzen jarraitzea da.
EH Bildu kontsortzioaren aldekoa da eta, aldiz, jeltzaleek aspaldi agertu zuten horren aurkako jarrera. Sartu ala ez sartu, giltza sozialisten botoaren baitan egongo da. Azken orduko aldaketarik ez badago, EH Bildu, Ganemos eta Irabazi alderdiak Ur Kontsortzioan sartzearen aldeko dira. Baina hiruren artean batzen dituzten 8 botoak ez dira nahiko izango, horrelako erabakia hartzeko gehiengo osoa behar baita (9 boto). Beraz, auzia PSE-EEren botoak erabakiko du. Ostegun honetan –azaroak 5– iluntzeko 19:00etan hasiko da ez ohiko plenoa.

Urriko batzarraldia
Adostasuna lortu zen aztergai gehienetan: Euskal fondoa, gazte lokalei buruzko Udal ordenantza, herritarren segurtasunerako legea eta Daniel Hernando, Memoriaren egunari buruzko adierazpen instituzionala...
Irabazik proposatuta, udalbatzak ahobatez onartu zuen Espainiako gobernuari Herritarren Segurtasunerako legea –“Mozal legea” bezala ezagunagoa dena– kentzeko eskaera. Aldi berean, kartzelan sartzeko zorian den Daniel Hernandori elkartasuna adierazi zioten. Andaluziako herritar horri gobernuaren neurri murriztaileen aurka 2012an pikete batean parte izana leporatzen diote.

Herritarren HITZA
Galde eta erreguen tartea ohikoa baino parte hartzaileagoa izan zen; hiru pertsonek hartu zuten hitza, nork bere arazoa eta eskaerak azaltzeko. Gazte Lokalen ordenantza arautzailea dela eta, zaratagatik helegite bat aurkeztu omen du herritar batek. Hitza hartu zuenak helegitea aurkeztu duen pertsona horren jokabidea kritikatu zuen, kontraesankorra delakoan. Izan ere, pertsona hori bera goizean goiz herrigunean ibiltzen baita bere ibilgailuarekin, motor hotsarekin eta musikarekin zarata handi samarra ateraz.
Bigarren herritarrak kale gorrian gera daitekeen Andoaingo familia bat hartu zuen hizpide. Hiru seme-alaba txikiko familia da, eta babesa eskatu zion Udalari. Ana Carrere alkateak Gizarte Zerbitzuetara hurbiltzera gonbidatzearekin batera, inor kalean gera ez dadin Udalak ahal duen guztia egiten duela erantzun zion.
Azkenik, gizonezko batek, emakumeen aldeko eskubideak aldarrikatu eta genero indarkeria gaitzetsi ostean, bazterkeria jasaten duten gizonezkoen aldeko neurriak hartzea eskatu zuen. Gizonezko biktimak babesteko Berlinen ireki den egoitza jarri zuen eredutzat. Bere kasu pertsonala azaldu zuen: semea eskizofreniaren gaitzak jota bizi da, eta ama jotzeagatik preso dago kartzelan. Bera arduratzen da semearen egoeraz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!