Prozesu parte hartzailea, trafikoa berbideratzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 5a, 08:51

Asteasuko kaleetan autoak ez dira behar bezala aparkatzen maiz. Arazoari konponbidea eman nahian, prozesu parte hartzailea abiatuko du Udalak.

Asteasun, beste herri askotan bezala, autoak gaizki aparkatzen dira sarritan eta horrek mugikortasun aldetik arazoak sortzen ditu. Udalak arazo hori berbideratu egin nahi du eta helburu horretan buru-belarri ari da lanean. Pili Legarra alkateak, errazena, autoak gaizki uzten dituzten herritarrei isuna jartzea litzatekeela dio, baina arazoa konpontzeko, guztien artean saiakera egiten ahaleginduko direla lehenengo. “Asteasuk ez du udaltzainik eta gurea bezalako herri txikietan, Ertzaintzarekin hitzarmena egin dezake Udalak, haiek trafikoa erregula dezaten. Bat-batean neurri hori jartzea, ordea, gogorregia iruditzen zaigu eta lan ildo hori herritarrekin prozesu parte hartzaile baten bidez martxan jartzea erabaki dugu”, jakinarazi du.

Tailer irekiak
Udalkide edota politikariak prozesu hau aurrera eramateko eragilerik egokienak ez direla pentsatuta, Asteasuko Udala Prometea taldearekin jarri da harremanetan eta haiek izango dira prozesua bideratuko dutenak. Ekimenaren bidez, herritar guztiak gaizki aparkatzen dela kontzientziatzeaz gain, umeei esaterako, autoa gaizki uzteak sortzen dizkien arazo eta kalteez jabearazi nahi da. Azaroaren 17an eta 24an herritarrekin bildu eta tailer irekiak egingo dituzte, ordutegia bikoiztuta: 14:45etan Pello Errota eskolan eta 19:00etan udaletxean. Tailerretan adin guztietako ahalik eta herritar gehienenek parte har dezaten nahi dute. Prometea taldeko Zorione Aierbek tailer horiek modu errazean bideratzen saiatuko direla argitu du, helburu ezberdinak landuz, “batetik, arazo bat dagoela elkarbanatu behar da, fokoa non dagoen zehaztuz eta arazo horren ardura denona dela ikusi, ez inori kulpa botatzeko; hobeto egin beharko genukeen jardun horrek eguneroko bizitzan zein eragin duen ikusteko baizik. Eragin hori azaleratzearekin batera, etorkizun hurbilera begira zein pauso ematea gustatuko litzaigukeen argitu nahi dugu lehen saioan”. Bigarren saioan, berriz, herritarrekin neurri zehatzak adostu nahi dituzte epeak markatuz. Asteasuko kotxe eta aparkaleku kopuruaren berri jaso ondoren, datu horien azterketa egin eta arazo erreala non dagoen azaleratu nahi du Prometea taldeak. “Gabezia konkretu bat egon daiteke herrian, baina norberaren ardurak ere badu pisua” eta ondorioz, denon arteko eraikitzea lortu nahi dutela dio Zorionek. Planoen bidez eta dinamika ezberdinak erabilita, elkarrizketa eraginkor eta eraikitzaileak bideratu nahi dituzte tailerretan.

Irtenbidearen bila
Prometea taldeko kideek, bertakoak ez izanda, kanpotik begirada garrantzitsua erantsi dezakete, “tailerreko parte hartzaile guztiak asteasuarrak izango dira guretzat, bakoitza bere bizipen, ardura edo ikuspegitatik. Neutraltasun horrek elkarrizketa errazten lagunduko duela uste dugu”, dio Zorionek.
Tailerretan zehar udalerri osoko trafikoaren ikuspegia lantzea oso garrantzitsua dela uste dute elkarrizketatuek. Arazo nagusia herrigunean dagoela pentsa daitekeen arren, inguruko auzoetako errealitatea aztertzea ere garrantzitsua baiteritzote. Irtenbide onenak aurkitu nahi dituzte herri mailan. “Denon arazoa da eta denok eman behar ditugu egoera hobetzeko irtenbideak”, Piliren ustez. Herritar guztien artean neurri egingarriak adostu nahi dituzte arazoari konponbidea emateko eta Udalak herritarren parte hartzea eskatzen du. Argi dute, ordea, guztien artean irtenbidea aurkitzen ez badute, inorentzat gustukoa ez den isunen bidea hartu beste aukerarik ez dela egongo. “Irtenbiderik aurkitzeko gai ez bagara, denon artean adostuta geratuko da hartu beharreko bidea”.

Herriko gazteak ere bai
Agenda 21 ekimenaren baitan, urtero ingurugiroarekin lotutako gairen bat lantzen dute ikasleek Pello Errota eskolan. Aurten mugikortasunaren gaia landu dutenean, trafikoarekin lotuta sumatzen dituzten hutsuneak aztertu dituzte eta sarritan, autoak gainean aparkatuta daudelako, zebra-bideak zeharkatzea ezinezkoa zaiela edota gaizki aparkatutako autoek bizikletaz ibiltzea oztopatu egiten dietela aitortu dute herriko gazteek, oinezkoentzat diren espazioak kotxeek erabiltzen dituzten sentsazioa erakutsiz. Haien ikuspegia ere kontuan har dadin, martxan jarriko den prozesu honetan gazteen parte hartzea ere bultzatu egingo du Asteasuko Udalak eta, eskolak, gaia gelatan landu ondoren, kartel deigarriak egin eta herrian zehar jartzea erabaki dute. Gazteak ere trafikoaren egoera berbideratzeko parte hartzaile aktiboak izango dira, beraz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!