Mendeurrena borobiltzeko udazken oparoa Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 4a, 11:22

Santa Zezilia eguneko emanaldi berezia, film laburren lehiaketa, argazki liburua, folk jaialdia..., udazkeneko kultur egitarau oparoaren perla batzuk besterik ez dira. 

Andoainen herri izaera lortu zeneko laugarren mendeurrena ondo baino hobeto baliatzen ari dira, bereziki, andoaindartasunari hauspoa emateko. Hori ondoen lortu da “Herri antzerkia” edota “Andoaingo Gudua” ekimen kolektiboetan. Maila apalagoan ere, iraganean murgildu eta herritartasunaz jabetzeko garrantzia handikoak izan ziren Rosa Ayerberen eta Susana Truchueloren hitzaldiak. Askoren artean egin diren ekitaldiak izan dira, 2014ko abenduan laugarren mendeurrena iragartzen hasi zirenetik. Ez da gutxi orain arte egindakoa, eta askotxo da oraindik ikustear dagoena. Erakusketa, argazki liburua, disko bikoitza..., udazkeneko kultur eskaintza mendeurrena borobiltzera dator. 2015a oparoa izango da Andoain herriarentzat, ia zalantza hizpirik gabe esan daiteke herritartasuna indartzeko efemeridea ondoen baliatu duen herria Andoaingoa izan dela.

Egun hauetan zabalik dago “Andoain laburrean” film lehiaketan parte hartzeko aukera. Abenduaren 3an egingo dute sari-banaketa ekitaldia. Dagoeneko salgai dago, bestalde, “Iraganera bidaia” komikia. Jon Verdejo eta Ainhoa Aiertza ESCIVIko kideek idatzi dute komiki honetako gidoia, eta Ainara Audikanaren ilustrazioekin osatu dena. Ernaitza, Stop eta Delgadon 7 euroren truke salgai dago. Ekoizpenei dagokionez, abenduan zehar “400 irudi, 400 urte” liburua aurkeztuko dute. Erretratu zaharrez osaturiko argazki liburua izango da, Udal artxiboaren eskutik datorrena. Jendaurreko ekitaldiei dagokionez, sorta bat dira eta guztiak interesgarriak: herriko kantuak biltzen dituen disko bikoitza, migratzaileen lekukotza biltzen duen erakusketa eta ikus-entzunezkoa, folk jaialdia eta txistu kontzertu berezia.

 

Migrazioa Andoainen, erakusketa Basteron

Azaroaren 20an zabalduko duten erakusketan Andoainera etorritako migrazioak aztergai izango dituzte. Askoren artean, iragan mendean estatutik hona etorritako pertsonei arreta berezia jarriko diete. Ikus-entzunezko batean sei lekukotza ezberdin bildu dituzte, dokumental itxura hartu duen lanean. Galizia, Extremadura, Gaztela edota Andaluziako jatorria duten andoaindarrekin osatutako lana da, erakusketan bertan etengabe ikusgai izango dena.

 

Andoaindarrok egina, Andoainen entzuna

Azaroaren 22ko emanaldia hilabete luzeko prozesuaren amaiera izango da. Joxe Mari Oiartzabal musikariaren zuzendaritzapean egin dira biak, eta apirilean egin zuten agerraldian adierazi zuen bezala, “bi CD horiek gure herri maiteak duen musika ondarearen frogagiri dira”. Lehen diskoa otsailean grabatu zuten Garate Studios grabazio etxean, herri elkarteetako ordezkarien eta danborradetako musikarien parte hartzearekin. Elkarteen ereserkiez osaturiko diskoa izango da hori. Bigarren diskoan herriko musika eragile gehiagok hartu du parte, askoren artean, Alberto Agirre helduen abesbatza eta Olagain txistulari taldea. Bigarren disko horretan herriko eresarki ezagunak bilduko dituzte: Andoaingo ereserkia, San Juan zortzikoa, Santa Krutz martxa... 

Beraz, aurtengo Santa Zezilia eguneko musika emanaldia disko bikoitzaren aurkezpen ekitaldi bilakatuko da. Ez ohiko emanaldia izango da, herriko eragileen parte hartzearekin.

 

Basquextremfolk jaialdia

Erakusketaren ildotik, hangoaren irudikapen artistikoa izango da. Folk fusioaren jaialdia izango da, antolatzaileek euskal kultura eta Extremadurakoa elkar uztartzeko ahalegin berezia egin nahi dutelako. Miajon de Castuos Hogar Extremeño elkarteko kideak arduratu dira jaialdiaz.

 

Herri zubiak txistuaren soinuez

Otsailaren 1ean Andoaingo Udalak ekitaldi instituzionala antolatu zuen, Andoain herriarekin batera herri izaera lortu zuten gainerako herri ordezkariak gonbidatuz. Abenduan Olagain txistulari bandak herri horiek kontuan hartuko ditu berriro, txistu emanaldi berezia eskaintzeko. Oraingoan herri horietako musikariak gonbidatuko dituzte taula gainera, Olagainekin bat egiteko. Joxema Setien taldekideak dagoeneko egitaraua zehaztuta duela adierazi dio Aiurriri. Inguruko herrietako musikarien partaidetza lotzen dabiltzan bitartean, Andoainen gertuko dituzten taldeen partaidetza gogoan hartu du: “Emanaldian zehar txistua albokarekin edota metal boskotearekin uztartuko ditugu. Andoaingo taldeak ere gurekin batera arituko dira: Erraldoi eta buruhandiak, txalapartariak, dultzaineroak, Alberto Agirre abesbatza, Urki dantza taldea..., estrainekoz Basteron ikusi ahal izango dugu Axeri dantza. Ikusgarria izango da, Axeri dantzan dorrea eta guzti egiteko asmoa baitugu”. Txistularien kontzertuarekin amaiera emango diote mendeurrena gogoan izan duen urte oparoari. Emanaldi honetarako eta mendeurreneko beste saioetarako ere sarrerak salgai daude Basteron. Hobe izango da garaiz ibiltzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!