Andoaingo Hurria-Sahara elkarteak Saharako kanpalekuetan bizi direnei laguntza emateko deia luzatu du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko urr. 30a, 13:35

Gipuzkoan Saharar herriaren alde lanean dihardugun elkarteok, eta Andoaingo Hurria-Sahara elkarteak honako idatzi hau zabaldu nahi dugu:

Tindufen dauden sahararren kanpamenduetan urrian zehar pairatu dituzten eurite bortitzek adobezko eraikuntza ugari suntsitu dituzte eta kalte ugari eragin dituzte familien artean elikagaiak eta etxeko lanabesak galdu baitituzte.

Saharar Ilargi Erdi Gorriak deialdi bat zabaldu die laguntza ematen duten herrialdeei, elkarte internazionalei, GKEei, elkartasun mugimenduei, gizarte orokorrari eta saharararen lagun guztiei, ahalik eta azkarren herri sahararrari laguntza banatu ahal izateko laguntza ekonomikoa biltzeko eskaera zabaldu dugu.

Aipatu euriteek kalte handiak sortu dituzte. Kalteak batez ere, lehenik ahulak ziren eraikuntzetan eta haimetan izan dira, hauek sahararren babesleku bakarrak direla gogoraraziz. Familia askok zuten gutxia galdu dute, baita gordeta zuten elikagai guztiak ere. Jada azken hilabeteetan kanpo laguntzaz iristen zitzaien laguntza gutxitu zela eta, elikadura gutxi bazuten, ekaitzaren ondorioz dena galdu dute.

Bertan zuzenean lanean diharduten Saharar Ilargi Erdi Gorriko lan taldeek adierazi dutenaren arabera, ia biztanle guztiak izan dira kaltetuak, baina oraingoz ez da giza galerarik. Material galerak aldiz ugariak izan dira.

Gipuzkoako saharar herriaren lagunen elkarteok, eta Andoaingo Hurria-Sahara elkarteak bat egiten dugu eskaera honekin eta adierazten dugu lanean dihardugula ahalik eta ekarpen handienak egiteko.

Horretarako Gipuzkoako udalei laguntza ekonomikoak eskatuko dizkiegu, baita lagundu dezaketen erakunde, elkarte edota lagunei ere.

Horretarako kontu korronte ezberdinak zabaldu ditugu. Biltzen den guztia Saharar Ilargi Erdi Gorrira zuzenduko dela adierazten dugu.

Hurria-Sahara
Kutxabank: 2095 5022 10 9112818304

Laguntzetan UHOLDEAk hitza jartzea eskatzen dugu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!